lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 28/05/2016

Azken asteko errepresio Euskal Herrian

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.
Aste honetako Lapurdin, Nafarroan eta Araban militante independentisten aurka buruturiko atxiloketak salatu nahi ditugu.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendutik aste honetan Lapurdin, Nafarroan eta Araban militante independentisten aurka buruturiko atxiloketak salatu nahi ditugu. Hiru herrialde, hiru aitzakia eta hiru polizia ezberdin: Guardia Zibila, Polizia Espainola eta Polizia Frantsesa, den-denak Euskal Herrira frantziar eta espainiar interesen alde (euskal burgesia barne) gerra egitera etorritakoak.

Euskal Herrian borroka egiteak atxilotua izatea eta kartzelan bukatzea ekar dezake, lehen ekar lezakeen modu berean. Borroka armatua praktikatzeak kartzela ekar dezake, kale borrokan aritzeak ere bai, baina baita ere pankarta bat jartzeak, manifestazio batean parte hartzeak ala zure ideiak sare sozialetan barreiatzeak.

Espainiar eta frantziar estatuetan politikan aritzeko eskubidea bermatuta dago baldin eta ezarritako status quoa zalantzan jartzen ez baduzu, indarrez inposatutako sistema honi aurre eginez gero, ordea, bermatuta dagoen gauza bakarra errepresioa baita.

Euskal Herria izan da hamarkada askotan zehar bi estatu zapaltzaileen errepresioa erarik gordinenean pairatu duen herria, inolako zalantzarik gabe: ehunka hildako eta milaka torturatu, atxilotu eta espetxeratu eragin dituen errepresioa, hain zuzen ere. Oraindik ere badira ia 400 gelditzen diren euskal preso politikoak, kasu gehienetan muturreko egoerak bizi dituztelarik, Fresneseko gose grebak eta euren kideekin elkartasunean beste kartzela batzuetan hasitako borrokaldiek erakusten diguten moduan.

Hala ere, bai espainiar zein frantziar estatuan, ikusten ari gara errepresioa ez dela bakarrik independentisten aurkakoa, baizik eta sistema bera zalantzan jartzen duen beste edozeinen aurkakoa ere.
Espainiar estatuan sindikalistak eta beste borroka sozialetan murgilduta dauden pertsonak espetxeratzen dituzten bitartean (GRAPO, PCE(r), SRI, Resistencia Galega eta gure betiko ahizpa-nebak ahaztu gabe), Frantziako estatua errepresio gordina erabiltzen ari da Hollande eta Valls faxisten lan erreformaren aurka altxatu diren langileen aurka.

Kapitalismoa krisi sakonean dagoen honetan, langile borrokaren krisiari amaiera emateko unea izan daiteke. Behin baino gehiagotan esan dugu kartzelak hustea eta etorkizunean berriz ez betetzea berma dezakeen bakarra amnistia dela, gatazkaren ondorioen konponketaz gain, amnistia errepresaliatuen agerpena bultzatu zuten arrazoien konponketa gisa ere ulertuta. Oraingoan inoiz baino gehiago azpimarratu nahi dugu helburu taktiko hau noizbait eskuratuko badugu, lorpen hori langile borrokaren eskutik izango dela ala ez dela izango.

Horregatik, une egokia da Argalaren hitzak gurera ekartzeko eta borrokatzen ari diren gainontzeko herrietako langileei zein Euskal Herrian sozialismo hitza alde batera utzi dutenei, berriz azaltzeko “euskal langileok ez garela ez espainiarrak ezta frantziarrak ere, soilik eta esklusiboki euskal herritarrak baizik, eta beraiekin elkartzen gaituena ez dela nazio berekoak izatea, klase berekoak izatea baizik.”

Euskal Herrian, 2016ko maiatzaren 27a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal