lahaine.org
Euskal Herria, Nacionales E.Herria :: 27/02/2015

Bagoaz

Ernai
Gazteok erabakia hartu dugu, zapalkuntza guztiak gainditzeko anbizioz, bagoaz.

Urtarrilaren 24 Ficoba.
Ziurrenik oharkabean pasatu den data bat izango dela pentsa genezake eta agian hala izango da, batez ere gazteontzat, bizitza politikoa kalean egiten dugunontzat. EHBildu eta EHBaik egindako eskaintza politikoa ordea, apurka apurka ari da zeresana ematen, eztabaidarako arrazoi askotan, zalantza iturri bestetan.

Batzuk definizio falta dagoela diote, aipatzen den prozesu eratzailearen bide hori nola egin behar den ez dela konkretatzen, anbiguotasun handia duela. Beste batzuk egiten den planteamendua oso instituzioetara begirakoa dela. Testuan zehar herria lehen lerroan jarri behar dela aipatzen den arren, egungo errealitatea bestelako dela eta soilik ziklo elektoralari begira gaudela. Hau da, jada aspergarri zaigun joko makropolitikoari begirako eskaintza dela, soilik politika “profesionalaren” eremuan uler daitekeena. Eta badira eskaintza politiko hau PNVri begirako mugimendu bat dela diotenak ere amodio-gorroto istorio baten beste pasarte bat.

Usteak uste eta esanak esan ordea, inork ezin du ukatu ate bat zabaltzen dela. Eta ate bat zabaltzen den bakoitzean aukera berriak sortzen dira.

Urte luzez estatuek jo mugan izan dute askapen mugimendua berau deuseztatzeko helburuarekin.
Azken urteotako ekinbidearekin ordea, berriro ere lehen lerrora itzuli gara, indartsu, ilusioarekin eta mundua jateko gogoz. Baina baldintzak aldatu diren/ditugun honetan gu geu ere birziklatu egin behar gara. Ilusioa eta mundua jateko gogoa frustrazio orokortu bilakatu aurretik.

Egoera berriak dogma zaharrak hautsi behar ditu. Beldarra izan garela ahaztu gabe, etengabeko metamorfosian egongo den tximeleta izan behar gara. Egungo baldintzak eta errealitatea irakurriz herri boterea eraikiko duena.
Herri boterean baitago garaipenerako gakoa. Bide horretan lehen zeregina boterea gutako bakoitzaren baitan dagoela ohartzea da. Azken finean boterea itzal bat da, egun boterea dutenek objektu txiki batekin -gutxiengoa izanik- itzal handia irudikatzen dute, baina esan bezala itzal bat besterik ez da. Horren aurrean herritarron boterean oinarrituko den paradigma berria behar dugu. Itzal orori argia egingo diona. Alderdi politikoak eta makropolitika gaindituko dituen herri boterea, interes partikularrak bigarren mailan utziko dituena.

Horretarako, hau da, langile eta herri sektoreak ahalduntzeko bi gako garrantzitsu -ez bakarrak- izango dira; burujabetza eta harremanak.

Burujabetza osoa azken helburu izatetik harago praktikan jarri behar dugu; batetik, konpromiso pertsonal eta kolektiboen bitartez, eta bestetik, bizitza erdigunean jartzeko egunerokotasunean ditugun beharrei gu geuk erantzunez. Hau da, batetik, gure kontsumo ohiturak -janaria, arropa, energia- eta eguneroko praktika -aisialdia, hizkuntza, hezkuntza, lana- praktika burujabe bilakatu behar ditugu, maila pertsonal eta kolektiboan. Eta bestetik, bizitzeko beharrak bizitzaren mesedetan jarri behar ditugu, besteak beste, aisialdia eta kultura autogestionatuz, instituzioetatik politika eta legeak herrien mesedetara ezarriz, ekonomia sozial eta eraldatzailean urratsak emanez, finean, euskal estatua herritik eta herriarentzat eraikiz.

Alabaina, guzti hau garatzeko kultura politikoa eta militantea irauli behar ditugu.
Jendarteak, mugimenduak, ohiko politika gainditu behar duela badiogu, herritar oro ahaldundu behar da, eta horretarako jendearekin egon behar gara, entzun, hitz egin eta eztabaidatzeko. Bilera gutxiago eta harreman gehiago egin behar ditugu, eta ez txapak sartu edo zerbait eskatzeko bakarrik. Gure egunerokotasunean, lanean, ikasten edo kalean eskuz esku jendearekin egon behar gara.

Bide honi ekinez lehenago edo beranduago etsaiarekin topatuko gara. Horregatik intsumisio eta desobedientziari ekiteko herri boterea behar dugu, norbanako eta herri bezala ahalduntzea beharrezkoa baitzaigu.

Guzti hau esanda eta Ficoban aurkezturiko eskaintza politikora itzuliz, zalantza eta kezka asko egon arren, ate bat ireki da. Gure eskutan dago bakoitzari dagozkion konpromisoei heldu eta aurrera egin edo hutsari begira geratzea. Arestian aipaturiko kezka eta arriskuen dekantazioa gutako bakoitzaren ahaleginaren araberakoa izango da. Abian jarri nahi dugun prozesu eratzailearen arrakasta ez da batzuen erabaki politikoetatik etorriko, herri boteretik eta norbanakoon konpromisoetatik baizik.

Gazteok erabakia hartu dugu, zapalkuntza guztiak gainditzeko anbizioz, bagoaz. Bagoaz estatu frantses eta espainiarretik, bagoaz patriarkatutik, bagoaz kapitalismotik eta bagoaz helduek ezartzen diguten sumisiotik. Bide honetan eragiteko eta urratsak emateko BEC-eko ekitaldi politikoan izango gara. Prozesu eratzaile honetan herria mugarri izango bada gazteok martxan egongo garelako izango da.

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal