lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 08/12/2015

Espainiarekin apurtzeko, gazteok bagoaz!

Ernai
Iritsi da garaia. Iritsi da gure garaia, lotzen gaituzten soka guztiak apurtzekoa. Iritsi da aro batekin apurtzeko garaia, eta beste bat hastekoa.

Iritsi da garaia. Iritsi da gure garaia, lotzen gaituzten soka guztiak apurtzekoa. Iritsi da aro batekin apurtzeko garaia, eta beste bat hastekoa. Itotzen gaituena sutara bota eta berriari hasiera ematekoa.

Sutara bota ditugu, gaur, hemen, faxisten ikurrak. Kanporatu ditugu, eta hauek albo batera utzita, ezin ditugu gureak ahaztu. Ezin ditugu ahaztu gure iparrorratza direnak, gure bidea egiteko ezinbesteko izanen direnak. Haiek markatzen eta markatuko digute gure norabide propioa.

Egin beharreko bidean ezinbestean behar ditugu urrun daudenak. Gure gogoa, hemendik, Durangotik, sasian ere badaukagulako. Gogoan dauzkagulako kartzeletan sakabanatuta eta erbestean ditugun kide guztiak, preso eta iheslari politikoak. Gogoan ditugu eta haiengatik borrokan jarraituko dugu, haiek hasitako bidea jarraituz; ez diogu lan egiteari utziko haiek guztiak gure artean ditugun arte. Doala txalo zaparrada eta besarkada iraultzaile bat guzti-guztiei. Preso eta iheslariak etxera!

Antzinako burdinoletan bezala, kolpez kolpe eraikiko dugu geure etorkizun propioa. Eremuz eremu, urratsez urrats. Erabakigarriak izanen gara eta gure bizitza guk geuk gidatuko dugu. Gazteok gurea eraikiko dugu. Argi dugu ez garela sistemaren beste pieza bat izateko jaio, bizitzeko jaio gara, eta erabakia hartuta daukagu: Bagoaz sistema kapitalista patriarkaletik

Ez dezatela besterik espero. Zapalkuntza guztien aurkako borrokan tinko jarraituko dugu, gure esparrutik, gazte eremutik. Gazte boterea sortzen ari gara dagoeneko. Ez dugu esklabo izan nahi, aske izan nahi dugu. Burujabe izateko, emantzipazioari ekiteko, alternatibak sortzera goaz, autogestioaren eta antolakuntzaren bidez.

Bagoaz egoera irauliko duten alternatiba praktikoak gauzatzera, gure bizi baldintzak duinak izateko baldintzak sortzera. Bagoaz gure erabakien jabe izatera, kolektibizatzera, logika heteropatriarkal eta kapitalistatik kanpo alternatibak eraikitzea posible dela baieztatzera.

Piztuko ditugun su txikiak izanen dira borroka berrien pizgarri; herriz herri eta auzoz auzo eginen diren lanketek ekarriko dute benetako eraldaketa, haiek izanen dira egoera iraultzeko beharrezkoa den motorea. Su txikiek ekarriko dute alternatiba, Euskal Herri gorri, more eta berdea.

Helburuak argiak dira. Horretarako, norabide argi bat ezinbestean behar dugu, baita mugimendu indartsu bat ere. Oztopoak gainditu eta gurea eraikitzeko eta saretzeko gai izanen dena; ezinbesteko dugu ezker abertzale indartsu bat. Argia, etsaiari aurre egin eta aldi berean, askapen prozesuaren motore izanen dena. Abian gaude. Abian gaude eta gazteok lehen lerroan egon behar dugu. Gazteon izaera errebeldeaz marraztu behar dugu gaurko eta biharko askapen borrokaren izar gorria.

Gazteok bagoaz. Bagoaz gaurdanik gure helburuak betetzera. Bagoaz geure bizitzen jabe izatera eta bagoaz antolakuntzaz, feminismoa, sozialismoa eta independentzia borrokatzera. Jo ta ke, irabazi arte!

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal