lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 04/07/2016

[Euskara] Albertia Eguna 2016

Eusko Lurra Fundazioa


Ekitaldia eguerdiko 12,00tan hasi zen Albertia mendiko tontorrean. Betan Amnistia eta Askatasuneko kideek hartu zuten hitza AMNISTIAren garrantzia azpimarratuz. Honekin batera azpimarratu zuten, 1936tik gaur egun arte, Euskal Herrian ez dela izan ezta urte bat ere preso edo errefuxiatu politikorik gabe.


Ondoren Eusko Lurraren izenean Gotzone Rekondo honela aritu zen:
“Duela 40 urte baino gehiago hasi zen Albertia Eguna ospatzen, frankismo garaitik hainbat hamarkadetan zehar hain xuxen ere. Marka handia, beteranoena izanik, Ezker Abertzalearen Oroimen Historikoaren egun erreferentziala bilakatu delako. Albertia Egunean beti lotu dira iraganeko eta egungo borrokak, Euskal Herria ezker eta independentista ikuspegitik nora eraman nahi dugun jakiteko derrigorrez gure aurrenekoek egindako ekarpen eta borrokei begira jarri beharra dugulako.


Gure historia, ekintzaleon eta ezker abertzale guztiaren historia, orain “Errelatoa” deitzen duten hori, historia askoekin osatzen da. Hemen zaudeten hainbatek, herri honen ezker abertzaleko familien ekarpena ordezkatzen duzue. Hainbat belaunaldien borroka, 30.en hamarkadan hasita gaur egun arte. Independentzia eta sozialismoa beti helburu, etsi gabe eta lortu arte. Hori da ekintzaleon ekarpena “errelatoa”. Etsi gabeko borroka hamarkadaz hamarkada eta belaunaldiz belaunaldi.


Aurtengo Albertia Egunean gogora ekarri nahi dugu 1936ko gerran, azaroan eta abendua bitartean, EAE-ANVko alderdi historikoak 300 gudari baino gehiago galdu zituela hemen bertan, faxismoaren kontra borrokan. Baita gogoratu nahi ditugu 1937ko otsailean, Asturiasko Areces eta Pando Mendietan borrokatutako guztiak, eta batez ere, bertan eroritako Eusko Abertzale Ekintzako 120 inguru gudari. Azken urtetan bertan egindako lanak, oraindik desagerturik dauden dozenaka gudari ekintzaleen gorpuak aurkitzeko ez dute helburua lortu. Desagerturik jarraitzen dute. Baina, beraien oroimena berreskuratze lanetan, ez dugu etsiko, Euskal Herriko historian merezi duten postua izan arte.


Euskal Brigadaren ekarpena eta bertan EAE-ANVko gudariena ez zen txikia izan. Ezker Abertzalek inoiz egindako ekintza internazionalistarik handiena izan zen hura. Errepublikaren alde eta Iberiar herrien sostenguan faxisten aurka. Benetako Internazionalismoa.


Zoritxarrez, ekarpen hura nahiko ezezaguna da, ez bakarrik Euskal Herrian, baizik eta ezker abertzalearen baitan ere. Guzti honen omenez, hor ikusiko duzue iaz jarritako oroitarria, non Areces eta Albertiako borrokaldiak lotu nahi izan genituen gudari guztiak gogora ekarriz.


Borroka garaia da, baina baita gure Errelatoa eraikitzeko garaia. Ez dugu utziko, indar apur bat dugun artean, gure borrokalarien izenak eta izanak ahazten.


Izan zirelako gara.”
Bukatzeko eroritako gudari eta miliziano guztiei omenaldia eskaini zitzaien.
Ondoren Gazteluako hariztira jaitsi eta han ekitaldi politikoari ekin zitzaion. Bertan, Askatasunaren Bidean taldeko Fernando Lizeaga preso ohiak eta Eusko Ekintzako Antxon Gomezek hartu zuten parte. Hauek Herritar Batasun baten beharra azpimarratu zuten, aurtengo leloa gogora ekarriz: BATASUNA BORROKAN, HERRITAR BATASUNAREN GARAIA DA.


Horrela hasi zen Antxonen jarduna:
“Eskerrik asko Ezker abertzalearen benetako Oroimen Historikoa mantentzen laguntzeko. Beraiek izan zirelako gu gara egun, horregatik gaude hemen. Lehenik eta behin borrokatu duten milaka euskal herritar ezkertiar eta abertzale omentzeko, eta ozen aldarrikatzeko militante ekintzaleok gauden bitartean beraien oroimena ez dela galduko. Beraien ekarpena ere militante berrien ondare politikoa delako.
Ezker abertzaleak nozitzen duen egungo krisia ez dugu konponduko etengabeko errefundazioen bidez edo marketing koloristen ekitaldietan. Hezur haragizko erakundetzea behar dugu ezker abertzalean. Militante jatorrez osatua, ez arimarik gabeko marketing ekitaldien figuranteez. Lurra eta herriari lotuta. Urtero Albertia egunean babesten gaituen inguruko haritz baso hau bezala.


Marketing eta garagardoaren aparra bezala igo eta jaisten den esperimentu politikoen garaia amaitu da, eta haren hondamendia nahiko nabarmena ikusi dugu joan den hauteskundetan, baina are gehiago mobilizazioen erorialdian, herri mugimenduaren ahultzean zein ezker abertzaleko militantziaren ilusio faltan eta etsipenean.


Ez gara hala ere batere ezkorrak. Gure inguruko aukera politikoak inoiz baino hobeagoak dira. Estatu Espainola krisi sakonean dago. Krisi ekonomikoak kapitalismoaren miseriak agerian uzten ditu eta aldaketa sakonen beharra azaleratu. Eta joan den astean ere berriro argi geratu zen era berean, edozein aldaketaren ilusioa Espainiar erresuman ezinezkoa dela. Eskozian, Irlandan, Katalunian, … Europa zaharreko mugak ere krisian daude.


Baina ezker abertzale indartsua behar dugu. Militante aktibo eta kritikoez osatuta. Goikoei ardiak bezala jarraitzen ez diotenak. Beraien auzo eta herrietan agente soziopolitiko aktibo eta soberanoak izango direnak. Diziplina eta borregismoa nahasten ez dutenak. Ez dakigu iraultza burutzeko gai, baina bai beraien inguruetan euskal gizartearen hainbat arlo iraultzeko gai izango direnak.


Baina ez da garaia bestei gertatutakoaren errua leporatzeko, baizik eta etorkizuneko ezker abertzalea berreskuratzeko eta sortzekoa. Guretzako bidea argi dago. Herritar Batsuna ezker abertzalearen potentzialitate guztia gure eskuetan izateko, herri mugimendu indartsuarena eta estsai eta aurkari politikoarekiko benetako konfrontazioarena.


Etorkizuna gurea izango da, bai, baina inork ez digu oparituko. Ez etsaiak eta ezta amore eman dutenak ere.
Albertia egunean ohikoa dugunez gure burua entzutea baino gustukoa dugu hitza ematea ezker abertzalean zerbait interesgarria esateko dutenei. Horregatik gonbidatu ditugu aurten goian, tontorrean hitz egiteko, Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren aurkako Mugimenduari, eta baita ondoren hariztian hitz egiteko “Askatasunaren Bidean” ekimeneko kidei.


Mila esker guztioi, eta bukatzeko, Eusko Gudariak abestuko dugu.”
Eguneko ekitaldiarekin bukatzeko Herri Bazkaria egin zen hariztian eta txosna ere egun guztian bertan egon zen.


EUSKAL HERRIA, 2016ko uztailaren 3an.

 

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal