lahaine.org
Nacionales E.Herria, Anti Patriarcado :: 24/11/2016

Feminizidioaren aurrean munduko emakumeok altxa!

Askapena
Gora munduko emakumeon borroka! Martxan jarrituko dugu denak aske izan arte!

Feminizidioa emakumeon aurkako indarkeriaren alderik bortitzena da, izebergaren punta, alegia. Feminizidioak emakume eta gizonen arteko desoreka estrukturalean du oinarria, eta gizonek indarkeria matxistaren bidez sistemak elikatzen duen emakumeen aurkako diskriminazio eta jazarpena erreproduzitzen dute. Marcela Lagarde feminista mexikarrak Ciudad Juarez-eko emakumeen desagerpen eta erailketa masiboak salatzeko erabili zuen feminizidio terminoa lehen aldiz eta geroztik emakumeon aurkako indarkeria oro barnebiltzeko erabili eta zabaltzen ari da. Hitzaren edukia, baina, tamalez emakumeon eguneroko ogi izan da patriarkatuaren hastapenetatik.

Esan bezala, izebergaren punta baino ez da feminizidioa eta gaurko egunaz haratago egunero salatu beharrekoak dira izeberga osatzen duten ertz guzti guztiak. Emakume izate hutsagatik lan baldintza prekarioenak izatera kondenatuak, edertasun kanon zehatz batzuk betetzera behartuak, amatasuna gure bizien zentruan jartzera derrigortuak, gauak gureak ez direla barneratu eta beldurra sentitzera kondenatuak, jipoiak isiltasunean jasatera. Eta gainera errua gurea dela irakatsi digute. Finean, patriarkatuak bizi osorako zigorrera kondenatu gaitu.

Azken urteotan Euskal Herrian zein munduko beste hainbat txokotan emakumeon aurkako indarkeriak gora egin du, era kezkagarri batean gainera. Gogoan ditugu Berta Caceres Honduraseko aktibistaren erailketa zein Turkiako LGTB mugimenduko aktibista transgeneroa zen Hande Kader gaztearen erailketa basatia. Baita Natalie Van Put angeluarra eta haren haurrena edota Lucia Perez 16 urteko gazte argentinarraren erailketa bortxaketa basatiaren ondorioz. Askotan, baina, erailketa hauek urruneko afera gisa azalduarazi nahi dizkigute, hemen eraso matxistarik gabeko jendarte eder honetan ezertxo ere gertatuko ez balitz bezala. Gainera, instituzioen jarrera hipokrita salatu beharrean gaude, hainbat kasutan indarkeria matxista kasu argiak izan arren juridikoki hala tipifikatuta ez egoteak beste alde batera begiratu eta arazoaren erroari erreparatu gabe emakumeak inolako babesik gabe uzten baitituzte. Azaroaren 25ean baina, emakumeon askatasun eta eskubide ororen bermatzaile sutsutzat aurkeztuko zaizkigu. Hipokritak!

Argi dago, beraz, oraindik indarkeria matxista errotik ezabatzeko asko dugula egiteko, baina azken urteotako elkarlana bere fruituak ematen hasi da. Horren adibide pasa den apirilaren 9an Gasteizen burututako indarkeria matxistaren aurkako lehen manifestazio nazionala. Ozen oihukatu genuen aski dela, feministok prest gaudela behar den guztietan kalera atera eta autodefentsa feminista lanabes behar den moduan erantzuteko. Zentzu honetan, heteropatriarkatuaren ofentsibari aurre egiteko feministon arteko mundu mailako aliantza ezinbestekoa da, Emakumeen Mundu Martxa horren adibide.

Izan ere, arestian aipatu bezala, munduko emakumeok pairatu dugun lehen zapalkuntza emakume izatea hutsagatik izan da eta beraz borrokarako lehen lurzoru ditugu geure gorputzak. Kurduek dioten bezala, emakumearena lehen nazio zapaldua bada, munduko emakume guztiak aske izan artean, gu ere ez gara aske izango. Herri guztiak aske izan artean gure herria aske izango ez den bezalaxe.

Feminista eta internazionalista garen heinean beraz, Euskal Herriko kaleetan mugimendu feministak antolatutako mobilizazioekin bat egin eta horietan parte hartzeko deia egiten dugu.

Gora munduko emakumeon borroka!

Martxan jarrituko dugu denak aske izan arte!

-- Askapenaren prentsa-bulegoa www.askapena.org A252016.jpg

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal