lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 23/09/2016

Gazteok politikaz paso?

Ernai
Aspaldion politika zahar eta berriaz asko hitz egiten da...

Aspaldion politika zahar eta berriaz asko hitz egiten da. Politikarekiko urruntasuna omen dago gazterian, ez omen dago instituzioekiko eta are gutxiago politikariekiko atxikimendurik. Baina baieztapen hau borobilegia da egia izateko. Afera ez da politikarekiko urruntasuna dagoen ala ez, afera egun politika egiten dutenek ez gaituztela ordezkatzen da. Baina politikarekiko urruntasunaz hitz egitea ez da zuzena, gazteok egunero topatzen baikara afera politikoekin.

Ikas-baldintzak, langabezia edo lan-prekarietatea, emantzipatzeko mugak, migrazioa, eraso matxistak, amalurrarekin loturiko gatazkak, familia arazoak... politikak gure eguneroko bizitza zeharkatzen du, eta instituzioetan hartzen diren erabakiek goitik bera baldintzatzen dute.

Zer esanik ez zapalkuntzarik gabeko jendartea nahi dugunontzat, gure konpromiso politiko nagusia herri sektore kaltetuenekin batera garatzen dugunontzat. Guk politika ezberdin ulertzen dugu, norbera, kaleak, lantegiak, ikastetxeak, etxea... denak dira gure borrokarako eremu nagusi. Herri komunitatearen eta herritarren elkarbizitza oinarri duen bizitza antolaketa eta parte hartze politikoan sinesten dugu.

Eta horregatik, hain zuzen ere, instituzio politiko burgesek bultzatzen duten parte hartze eredua arrotza egiten zaigu. Baina jakin badakigu, eremu honetan zer irabazi badagoela. Herriaren kontrako politika alderdikoi, kapitalista eta patriarkalak garatzen diren eremuak, herriaren mesedetan jardungo duten instituzio politikoak izatea ez baita gauza bera. Guk parte hartze herritarra motor izango duten instituzioak nahi eta behar ditugu. Euskal Herri sozialista, feminista, euskalduna eta burujabea eraikitzeko, instituzio politikoetatik ere urratsak eman behar baitira.

Eta, dudarik ez izan, bide horretan Euskal Herria Bildu dela gure hautua. Ezberdinen arteko batuketa den koalizioak, hobetzekoak hobetzeko, bide horri ekiteko berme instituzional bakarra baita.

Gaur gaurkoz ez baitago beste aukerarik. EAJ-k saltzen duen gestio ona eta egonkortasuna egungo egoera prekarioaren jarraipena besterik ez da, oligarkien mesedetara jardunez, matxismoaren aurka aho txikiz hitz eginez eta kanpotik datozen inposaketen aurrean beste aukerarik egongo ez balitz bezala antzerki aspergarria eginez.

Podemos esperimentuarekin zalantza gehiago zor daitezke, Madrildik gidaturiko alderdiak hitz leun eta sarkorrez esaten baitigu ez direla ez ezkerreko ezta eskuineko, munduko hiritar direla. Hitz ponpoxoak, baina hitz hutsak, kea. Benetako unea iristean badakigu Madrildik hartzen dituztela erabakiak, eta ez preseski euskal herritarron interesen mesedetan. Abstentzioa berriz aukera tentagarria izan ohi da askotan, “nik paso egiten dut”, “ez dut inorengan sinesten”, “denak finean berdinak dira”... eta printzipioz gainera ez digu kontraesanik suposatzen, bestaldera begiratzea beti da errazago.
Baina egin dezagun galdera alderantziz, nori egiten dio mesede abstentzioak? Parte hartzea txikitzean nor ateratzen da indartuta?

Gehiago edo gutxiago, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako datozen lau urteetako bilakaera hauteskunde hauek baldintzatuko dute. Gure bizitzak, bizi-baldintzak, ez dira berdinak izango PNV-k gehiengoz edo PSE-rekin gobernatu ala ez. Podemos-ek Madrildik gidatutako sukurtsal izan ala ez. Parlamentuaren osaketak zuzenean eragingo du erabaki politikoetan, matxismoaren aurkako neurrietan, ikas-baldintzetan, langabezian... eta ekintza txiki batek, igandean bozkatzea bezalako ekintza txiki batek, datozen lau urteetako norabidean eragin dezakete. Nafarrek zertxobait badakite, kontraesanak kontraesan eta mugak muga zer den hobea. Barcinarekin ala Barcina gabe, Enrique Mayarekin ala Asironekin. Ez da idealena inondik inora, baina herritarrontzat hobea bai, ezta?

Eta gainontzekoak? Egia esateko ez dute merezi gure aipamenik, gure esaldietan lekurik, ezta gure bizitzetan. PP, Ciudadanos…herri honetan lekuz kanpo zaudetela badakigu gazteok. Aspalditik zabiltzate herri honen nahi eta beharrak isilarazi, kolpatu eta zapaltzen. Nahiz eta orain batzuk beste izen baten pean ibili. Ardi larrua, azpian otsoa. Ikusi besterik ez dago Ciudadanos-eko hautagaiaren ibilbidea; militar izatetik UPyDra eta orain Riveraren txotxongilo. Lotsagarria.

Gure borroka eremu naturala kalea izan da, da eta izango da. Auzolanean, autogestioan, okupatuz eta modu kolektiboan gure oraina eraikitzen. Irudimena gure barrikada, eskuak, bihotza eta burua lanabes eta begirada ernai. Gaurdanik eraiki dezagun Euskal Herria, zapalkuntzarik gabekoa, feminista eta sozialista. Kalean euskaraz biziz, amalurra zainduz eta bizi eredu askatzaileak gure baitan eraikiz.

Bide horretan igandean ezinbestekoa zita daukagu gazteok. Euskal Herria Bildu da gure bidelagun, gure aukera bakarra. Horregatik gure konpromiso militantean berretsi eta parte gara. Ez baitugu soilik bozka ematen, egunerokotasunean elkarrekin denon herria eraikitzen dugu. Egin dezagun irri, izan gaitezen Herri. Euskal Herria Bildu aurrera!

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal