lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 01/02/2017

[Video] Zertaz ari gara aurrekontuen inguruan hitz egiten dugunean?

Elkartzen
Instituzio desberdinetatik inposatzen zaigun eredu prekarioa geldiarazteko, elkartzenek parte hartzaileak eta aberastasuna banatuko duten aurrekontuak exijitzen ditu.

 

Eskubide sozialen aldeko elkartea da Elkartzen. Aurrekontuek duten garrantziaz ohartarazi du Iker Aroztegi elkarteko kideak, urtea hastearekin batera udaletako aurrekontuak onartzen ari diren honetan.

Zer dira aurrekontuak?

Administrazio publikoak aberastasuna banatzeko duen tresna nagusia dira, eta baita pertsona guztiei duintasunez bizitzeko behar dituen gutxieneko materialak bermatzeko tresna ere. Hori da aurrekontuek egin beharko luketena; merkatuak sortzen dituen desorekak beraiek horrela deitzen diete pobrezia egoerei orekatzeko mekanismoa izan beharko lukete.

Eta nola biltzen da diru hori?

Zergen bidez biltzen da, baina aurretik esan behar da aurrekontuak ez direla gastuak bakarrik, nahiz eta politikariek gastuez bakarrik hitz egiten duten aurrekontuez ari direnean. Aurrekontuak ere badira diru bilketa eta prozesua bera. Zerga hauek zeharkakoak edo zuzenak diren, kapitalak edo lanak ordaintzen dituen… politika fiskalaren bidez ezartzen da. Esan behar da dena den, geroz eta gehiago direla zeharkako zergak. Hau da, mailakatzerik gabeko zergak, guztiok, gure errentak edo diru sarrerak kontuan hartu gabe, berdin ordaintzen ditugunak. BEZa adibidez. Gauza da urtez urte ari garela ikusten errentarik baxuenek bere gain hartzen dutela zergen pisu handiena. Krisia aitzakia besterik ez da kapitalak inposatutako egitura atzerakoiaren oinarrizko ezaugarriak geroz eta gehiago indartzeko. Zeharkako zergak diru bilketa horretan daukan pisua geroz eta handiagoa da; 2017an %53,53 da eta 2008an %46 izan zen. Zer ikusten da honekin? Zerga gehienak langileek zein herritar sektoreek ordaintzen dituztela, enpresen zerga zuzenak behera egiten duten bitartean.

Politikariek aurrekontuez hitz egiterakoan gastuez bakarrik hitz egiten dutela diozu, baina hori baino gehiago direla. Baina gastu fiskala esaterako, diru sarreren atalean dago. Nahasgarria da.

Gastu edo onura fiskalak ez dira aurrekontuen dokumentuan agertzen, nahiz eta benetan biltzen den diruaren %45 diren. Ordaintzen ez diren zergak dira gastu fiskalak eta kapitalari axola zaizkion zergek bakarrik lortu ditzakete: sozietate zergan opor fiskalak deitutakoek, pentsio funts pribatuek… Nahasgarria da horrela izatea nahi dutelako. Datuak nahasten dituzte herritar soilek ez ulertzeko. Gastu soziala esate baterako, ez denari deitzen diote. Benetako babes sozialera BPGaren %0,7 bakarrik bideratzen dute. Gastu soziala deritzon horretan beste gauza batzuk sartzen dituzte; Ertzaintzaren gastuak, burokrazia guztia mantentzea, enpresen I+D laguntzak…

Aurrekontuek gizarte osoari eragiten diete, hortaz, baina guztien artean erabakitzen al dira? Parte hartzaileak al dira?

Inolaz ere ez. Lehenik eta behin eztabaida eta balizko zuzenketak aurrekontuen atal bati egiten zaizkiolako bakarrik: gastuen aurrekontua. Eta horrek berebiziko garrantzia dauka, diru-sarreren atalak baldintzatzen baitu aurrekontuetan gastatu daitekeena. Bestalde, herritarrok eta eragile sozialok ezin dugulako aurrekontu dokumentuaren elaborazio eta eztabaidan parte hartu. Europan geroz eta argiago ikusten dugu, lehen muga Europatik dator, zorra ordaintzeko betebeharrarekin. Kapitalaren prozesuak dira.

Aurrekontu orokorrez ari zara, baina zer egin dezakete udalek? 

Udalek geroz eta eskumen eta geroz eta finantziazio txikiagoa daukate. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan foru aldundiek batzen dute dirua, bildutakoa Eusko Jaurlaritzatik pasatzen da, eta gero, Jaurlaritzatik zati bat foru aldundietara joaten da eta beste bat udaletxeetara. Geroz eta gutxiago biltzen da, geroz eta muga gehiago jartzen dira, zorpetze publikoa oso mugatua dago Europatik. Udalak beheko mailan daude eta geroz eta gaitasun gutxiago dute eragiteko. Egin daitezke gauzak, hala ere, udaletxeetan prozesua bera da oso interesgarria, hau da, nola erabakitzen duten nola banatu jasotzen dutena.

+ 2017ko aurrekontuen analisia | Análisis de presupuestos 2017

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal