lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 24/01/2017

Zirtaka ponentzia

Ernai

Garai erabakigarriak bizi ditugu. Kapitala edo bizitza, prekarietatea edo duintasuna, patriarkatua edo feminismoa, gutxiengo pribilegiatuaren diktadura edo herritarron agintea, bankokrazia edo demokrazia, dependentzia edo burujabetza. Horra hor euskal herritarrok eta gazteok bizi dugun bidegurutzea. Sekula baino iruzur handiagoa jasaten ari garen honetan, sekula baino baldintza hobeak ditugu horri aurre egin eta gure nahi eta beharrei erantzungo dien estatu eta herri eredua eraikitzeko. Horretarako, galdera eta erronka berriei egokitutako erantzun berriak ematea dagokigu, geure buruak eta egiteko erak berrasmatuz.

Horren lekuko dira Ezker Abertzaleak azken hilabeteotan aurrera eraman dituen Abian eztabaida estrategikoa eta Sorturen birfundazio prozesua.

Oinarri horietatik eta guk egindako jardun nahiz gogoetetatik abiatuta, gazte estrategia berregokitzea da orain gure egitekoa. Gure bertute eta gabeziekin, lau urteotan egindako lanaz hausnartu, bidea birpentsatu eta etorkizuneko urratsak zehaztekoa. Asmo horrekin, Ernai gazte antolakundearen Inurritegia Kongresu prozesuari ekin genion urrian. Orduz geroztik aurkezpenak egin, zentsoak osatu, eztabaidak girotu eta ahalik eta ekarpen gehien jasoz ponentzia idatzi dugu. Orain ponentziak eztabaidatu eta hauen inguruko erabakiak hartzeko unea da. Zentzu horretan, Kongresu prozesuan eztabaidatuko dugun ‘Zirtaka’ ponentzia aurkezten dugu gaurko agerraldi honetan. Eztabaidatuko den ponnetzia bakarra izango da. Beste ponentzia bat aurkeztu baldin bada ere, ez ditu prozesuaren hasieran adostutako irizpideak betetzenn.

Zirtaka. Txinparta, inar, pindar, txinka, zirta bakoitzak erreko baitu errealitatearen belaze lehorra. Eta guri dagokigu piztea. Han hemenka, isilpean, egunez egun, txinaurri lan anonimoaren bitartez, konspirazioz, kolektiboki, ausardiaz, zirtaka. Gazteok baikara martxan jartzera goazen bidearen erregaia. Garaipenaren belaunaldia eta motorra. Txinparta ezberdinak piztuz herri hau martxan jartzeko ekarpena izan nahi du honako ponentziak.

Eraikuntzaren norabidean, egunez egun boteretzean eta burujabetzan sakontzeko apustua egiten dugu, gazte gisa geure buruaren gain eremu orotan erabakiz eta erabaki horiek gauzatzeko ahalmen politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala gureganatuz.

Erronka hori izanik, hainbat egiteko ditugu parez pare. Lehenik eta behin, gazteok jasaten ditugun arazoei heldu eta gazteon bizi baldintzak hobetzeko eta bizi eredua iraultzeko dinamikak hauspotzea. Bai egun indarrean den eredua higatuz, baita berau errotik gaindituko duten proiektu alternatiboak eraikiz ere. Gazteon arazo eta kezka nagusien iturri diren heinean, etxebizitza, lana eta hezkuntzari lehentasunez heldu beharko diegu.

Bigarrenik, emantzipatu eta eskubide ororen jabe lan, ikasi eta bizitzeko hautua egiten duen gehiengoa horretarako independentziaren beharraz konbentzitzea. Aukera, nahia eta beharra da. Estatu propioaren aldekotasuna hedatu behar dugu eremu orotara, egungo markoaren mugak agerian utziz eta berauek gaindituz. Zentzu horretan, estatu propioaren alde egotetik egitera pasatzeko borroka dinamika zehatzak jarri beharko dira martxan.

Azkenik, hori egiteko gazte antolakundea berregituratu eta indartzea. Enpatia, horizontaltasuna, elkarlana, entzuteko gaitasuna, umiltasuna, konpromisoa... horiek dira, besteak beste, gure eguneroko txinaurri lana ezaugarritu behar duten balioak. Gazteak non, Ernaiko militanteok han egon behar dugu, gainontzeko gazteekin orpoz orpo lan egiteko prest. Gazte mugimenduen baitako txinaurri lan hori izango da, hain zuzen, Ernaiko kideon jardun zentrala. Horretarako, errealitate ezberdinen arabera antolatu beharko gara, ahalik eta gazte gehienek parte hartu ahal izateko borroka eskaintza anitza eginez. Bide batez, esatetik egitera, ezinbestekoa izango da gure eguneroko praktikan eredu izatea. Zentzu horretan, feminismoan sakondu beharrean gaude, oraindik orain ditugun hutsune nabariei neurri zehatzekin erantzunez. Balore feministek izan behar dute gure militantziaren eta funtzionamenduaren oinarri. Hori dena egin ahal izateko, etengabeko formakuntzarako beharrezkoak diren bitartekoak eskainiko ditugu.

Feminismoaz gain, nazio ikuspegi integrala ere zeharlerroa izango da. Euskal herriak gaurdanik saretu, josi eta konfederatuko baditugu, Euskal Herri osoa aintzat hartuko duen estrategia garatu beharko dugu. Aitzina gazte antolakundearekin elkarlanean, elkar ezagutuz, harremanduz, antolatuz eta eztabaidatuz bide horretan urratsak egiten ahaleginduko gara.

Aipatu ditugunak eta beste hamaika puntu jasotzen dira ‘Zirtaka’ ponentzian. Orain herrietan eztabaidatzea izango da erronka, ponentzia azpimarratuz, zirriborratuz, kritikatuz, eztabaidatuz, finduz eta denon artean osatuz. Datozen asteetan Euskal Herriko hamaika herri eta auzoetan egingo diren ehunka batzarretan horretarako aukera bikaina izango dugu. Lehen hitzorduak datozen egunetan izango ditugu, ponentzia aurkeztu eta bozkatu egingo baita. Bi hilabeteko eztabaida eraikitzailearen ondoren, apirilean borobilduko dugu prozesua. Beraz, bidea denon artean marraztu eta egin dezagun, Ernai-ren Kongresu prozesuan parte hartzeko deia egiten diogu euskal gazteriari.

Asko dago eztabaidatzeko, hausnartzeko, birpentsatzeko eta sortzeko. Euskal estatu sozialista eta feminista helburu, gazteok eztabaidatzera, lanera eta irabaztera! 

__________________________________

Ikusi Zirtaka Ponentzia

___________________________________

KANTAURI PONENTZIARI ERANTZUNA
Inurritegi prozesurako – Ernairen II. Kongresurako – eztabaidagai aurkeztu den Kantauri ponentziari erantzuna ematera aldera lehenik honen inguruko irakurketa politikoa plazaratuko dugu, ostean kongresu prozesuaren irizpideak gogora ekarriz.
EDUKIAREN INGURUKO IRAKURKETA POLITIKOA
Kantauri ponentzian azaltzen den edukiari dagokionez, ez dugu bat egiten idazkian klase borrokak Euskal Herrian, Euskal Nazio Askapen Mugimenduan eta Ezker Abertzalean duen kokapenaz. Euskal Herria klase borrokarako marko autonomo den neurrian eta euskal burgesiak zein espainiar oligarkiek honekiko duten harremanen ondorio gisa, bat egiten dugu askapen nazionala eta askapen soziala bat egitearen tesiarekin.
Izan ere, espainiar oligarkien eta Euskal autonomietan operatzen duten burgesia reginalistek euskal langileriarekiko, proletalgoarkiko eta herri xumearekiko antagonismoen konfigurazioak Euskal Herri Langilea oinarri duen herri prozesu eratzaile bat martxan jartzeko hautura garamatza.
Burgesia regionalistek Espainiar konfigurazio sozioekonomiko zein politikoa erabiltzen duten eta beroni sustengua luzatzen dioten bitartean; klase antagonismoak areagotzeko eta langile klasearen mesedetan zein Euskal Herri Langilearen mesedetan jardungo duten estatu egituratzea zein boterearen bereganatzea prozesu independentista bati ertsiki lotuak egon behar dira.
Azken aldi honetan hainbat eremuetatik sarritan Ezker Abertzaleari leporatu zaio burges txiki, likidazionista edota taktizista izatea. Gure aburuz, baieztapen hau gezurra izateaz gain, interesatua ere bada. Ernai gazte antolakundeak argi du askapen borrokak zer herri sektoreen mesedetan garatu behar den, zeinek garatu behar duen borroka horretan protagonismoa. Ernaik Ezker Abertzalearen baitan planteatzen duen estrategia, herri prozesu independentista baten baitan gazte eremutik Euskal Herri Langilearen autoeraketa eta boteretze prozesua eta gehiengo independentisten artikulazioan islatzen da. Historikoki egin bezala ez dugu ukatzen prozesu konstitugile bat garatzerako orduan gehiengo independentista anitza izango dela. Edonola ere, desanexio prozesua herri prozesu baten bultzadaren ondorio izan beharko den bezala, ezkerretik eraiki beharko dira independentziaren aldeko borondateak..
Hala bada, ez dago proiektu antiologarikikorik herri langilea oinarri duen burujabetza prozesu eratzaile bat aurrera eramatea baino. Gure ustetan, historikoki ezker abertzaleak ebatzi duen bezala, klase borroka eta langileriaren boteretzea nazio burujabetza aferarekin lotzearen aldekoa egiten dugu; ulertzen baitugu kontrakoak Espainiar marko autonomikoa onartzea dela eta klase borroka nazio zapalkuntzatik bereiztera dakarrela, historikoki hipotesi hori defenditu izan dutenen artean gertatu bezala.
INURRITEGI PROZESUAN PONENTZIA BAT IDAZTEKO IRIZPIDEAK:
• Kongresu prozesuan parte hartuko duen edonork aurkez dezake ponentzia bat, banaka zein kolektiboki. Edonola ere, nork aurkeztu duen publikoa izango da, idazleekin harremanetan jarri ahal izateko zein ponentzia defendatzeko. Ponentzia Kongresurako bereziki sortutako e-mailera bidali beharko da, eta e-mail horren bidez jarriko gara harremanetan idatzi duenarekin/dutenekin. Epea (abenduaren 31) baino lehen jasota ere, aurkeztutako ponentziak, ofiziala zein gainerakoak, urtarrilaren 23an egingo dira publiko, hau da, denak aldi berean, Kongresurako sortuko den web orrian (edo Ernairen web orrian sortutako atalean). Ponentziaren bat epez kanpo eta beste bide batzuetatik publiko eginez gero, ez da balizkoa izango. • Kongresuan eztabaidatu beharreko atal guztiei erantzun beharko die. Atalen bati bakarrik erantzungo balio, beste ponentziaren edukia kontraesan beharrean osatuko balu, ideia batzuk gehitu edo aldatu bakarrik egingo balitu... ez litzateke ponentzia bat izango, ekarpen bat baizik. • Aurkeztutako ponentziak eztabaidarako planteatutako atalei erantzun beharko die. Gazte Estrategiaren zehaztapenari buruzko atala eta horren araberako antolakuntzari buruzko atala jaso beharko ditu. • Proposatutako Gazte Estrategiaren zehaztapenak Abian prozesuan zehaztutako norabideari jarraitu behar dio (estrategia, oinarri ideologikoak, funtzionamendua...) • Atal bietan, lau urteko prozesu feminista aintzat hartu, eta eman beharreko hurrengo urratsak proposatu beharko dira. Bereziki, antolakuntza eta funtzionamenduan, nesken parte hartzea sustatu eta ahalduntzea bultzatzeko mekanismoak proposatuz. • Ponentzia jasotzerakoan, egilearekin/egileekin harremanetan jarriko gara, ponentzia eta prozedura baloratzeko. Irizpideak errespetatuz gero ponentzia ezberdinak egun berean egingo dira publiko web orrialdean
Aurkeztutako idazkiak ez ditu zehaztutako gutxieneko bi atalak, gazte estrategia eta antolakuntzarena. Jarrera malgu batez, antolakunde baten osaera zehazteak duen zailatsunak konstziente, zehaztapen maila ez oso altuko antolakuntza eredu proposamen bat zehaztu beharko litzateke (idazkian zehaztu bezala berfundazio batetaz arituko bagina ere). Beraz, idazkiak ez du balio ponentzia gisa, atal bakar bati egiten baitio erreferentzia.
Prozesu feministari kritikak egitea eta norabidea berregokitzea zilegia den arren, ez ditu inondik inora aintzat hartzen emakumeen ahalduntzerako mekanismorik proposatzea.
Edonola ere, Kantauri idazkiak ez du aintzat hartzen Ezker Abertzaleak garatutako Abian eztabaida prozesua. Idazki honetan planteatzen diren marko teoriokoaren
berregokitzapenak gazte antolakundea gainditzen duten eztabaida esparru bati eragiten diote. Hala ulertzen dugu, Ezker Abertzalearen oinarri ideologiko historikoekin talka egiten duen marko teoriko berezitua mahaigaineratzen delako.
Egungo agertokian Ezker Abertzaleak estrategia interklasista bat garatzen duelaren afirmazioarekin batera, ustezko estrategia interklasistarekin apurtzera datorrela nabarmentzen du. Aitzitik, erabat zilegia da gehiengo independentistak eta estatu baten eraikuntza inflexio puntu gisa kokatzen duen estrategia batean proiektu politikoaren eta klase borrokaren garapenerako zer tarte uzten den edo zer oreka eraikitzen diren mahaigaineratzea. Hortaz, interpretazio eta afirmazio horren atzean gazte antolakundea Ezker Abertzalearen estrategiaren kontra erabiltzea planteatzen da.
Modu berean, idazkiak barnebiltzen dituen ideia ezberdinak Prozesu Independentista Eraldatzaileren ardatz bati ekarpena egiten ahal dioten bezala, Abian eztabaida prozesuan zehaztutako marko orokorrari erreferentzia egitea ezinbestekoa da, Ezker Abertzale osoak nork bere paperarekin baina norabide berdinean egin dezagun. Hala bada, uler dadin Ezker Abertzaleak garatu behar dugun estrategian, mugimendu politiko gisa, gure jardunak zer paper betetzen duen.
Euskal Nazio Askapen Mugimenduaren formulazioa errotik ezeztatzea eta Euskal Herria klase borrokarako marko autonomo gisa soilik aintzat hartzeak ere Ezker Abertzalearen tesi historikoarekin kontrajarria da. Bigarren gako honi erantzunez, ulertzen baitugu Euskal Herria klase konfigurazio propio bat duela nazio bat den bezainbeste; eta horrenbestez, Askapen borrokak hartzen duen forma klase borrokaren eta borroka nazionalaren uztarketan hartzen du forma eta garapena.
Aurreko puntuen ildo beretik, gazte antolakundeak Ezker Abertzalearekiko gutxieneko binkulazio organiko bat – edozein dela ere – garatu behar duela ezin da ukatu.
Finean, ulertzen dugu idazki honek, bere osotasunean, Ezker Abertzalearen baitan – organikoki, erabaki kolektiboei atxikiz zein estrategikoki – jardutea baino; honekiko harremanik ez duen antolakunde baten eztabaidarako forma duela.
Metodologiari eta eztabaida formatuari idazkian luzatutako kritikak aldez aurretik luzatzeko eta aintzat hartzeko bideak eskaini direla uste dugu. Modu berean, Ernairen garapenaren inguruko irudi desitxuratu bat islatzen dela uste dugu. Ernaik aurreko kongresuan diseinatutako estrategiari men egin ez dionik, Sortu edo EHBilduren ordezkari instituzional elektoralista bat izan denik, edota autonomia galdu izana leporatzeko ezin izan da gazte antolakundearen bizitza gertutik bizi izan.
Prozeduran zehaztu bezala, egileekin batzartzeko ahaleginak eta bi egin ditugu, ponentziak irizpideekiko azaltzen zuen egokitasuna bi aldeen artean doitzeko eta norberaren planteamendu politikoak lehengo eskutik ezagutzeko, gaizki ulertuak ekidite aldera. Prozeduran zehaztutako irizpide hau betetzea ezinezkoa izan zaigu, Kantauriko egileek batzartzeari uko egin ostean.
Email bidezko harremana mantendu ostean, bi izan dira azaldutako arrazoi nagusiak uko egiteko prozedura honi. Batetik, egon zitezkeen beste ponentziak ez luzatu izana. Gure ustetan, zilegia bezain beharrezkoa da eztabaida prozesuan lehiatuko diren ponentzia ezberdinen egileek besteak aldez aurretik ezagutzea. Militantziarekiko errespetuagatik eta prozedurarekiko leialtasunagatik aurkeztutako beste ponentziak ezezagun batzuei igorri baino lehen, ponentzia egileekin bilkura bat egitea ezinbestekoa zen. Bestetik, Kantauri ponentziaren egileen anonimotasuna mantentzea izan da erabilitako bigarren argumentua; eztabaida eduki politikoetan zentratu baino pertsonalismoetan eroriko zelakoan. Gure aburuz, planteamendu honek surrumurruak ekidin baino aregotzen ditu. Gainera, planteamendu politiko bat bere osotasunean ulertzeko honen jatorria ezagutzea ezinbestekoa da, ideiak ez baitira abstrakzioan eta garapen material historiko batetik isolatuta garatzen.

Zentzu horretatik, Kantauriko egileek idazkiarekiko egiten duten kokapenatik eta azaldutako jarreratik tiraka, idazkiaren intentzionalitatea bera zalantzagarria dela deritzogu. Eztabaida prozesurako eztabaidarako arduraz egindako edozein ekarpen eraikitzailea aberasgarria bezain beharrezkoa den bezala, eztabaida prozesua trikimailuen bidez zapuztea zein jarrera sasi-entristen bidez baldintzatzea ez da bidezkoa, ezta Ernaiko militantziarekiko zintzoa ere.
Horrenbestez, Kantauri ponentziak ez ditu Inurritegia prozesuan aukeratua izan dadin bozkatua izateko irizpideak betetzen.
Euskal Herrian, 2017ko Urtarrilan Ernai

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal