lahaine.org
Euskal Herria, Nacionales E.Herria :: 04/11/2016

Asko borrokatu dugu, hitzarmen batzuek dena suntsitzeko!

Ernai
Bereziki lotsagarria da PNVren jarrera, espainiar gobernuaren inposaketari men egitearekin nahikoa ez, eta TTIParen propaganda etengabea egiten ibili da eta.

 

Sistema kapitalista heteropatriarkalaren aurka aldarrika entzuten gaituztenean, kexatzen besterik ez dakigula esan ohi digute askotan gure amamek. Euren garaiak bizi izan bagenitu, jakingo genuela zer den miseria, zer beharrizana... eta, guk, denetarik izan dugun gazteok, ez genukeela gure burua anti-sistema hain erraz izendatuko, ederki bizi garela sistema honetan. Gaizki, Afrika eta Indian bizi direla. Ez Euskal Herrian. Ez dira konturatzen antza, euren burua kontraesanetan dutela egungo merkatuaren egoerarekin enplegu prekarioak ukatzeko moduan ez gaudela esaten digutenean.

Alferrik amamari bizitza ona eta ondo bizitzearen arteko aldea azaltzea, seguruenik bietako bat ere ezagutzeko aukerarik izan ez duenean. Baina guk badakigu ez dugula bizitza onik, eta inola ere ez garela ondo bizi. Are gehiago, gero eta okerrago bizi gara.

Duela ez hainbeste, baina hain urrunak diruditen krisi globalaren aurreko urteetan, gazteon bizi baldintza hobeak omen ziren. Hobea deitu ahal bazaio ETTen bidez enplegu prekario batetik beste batera jauzi egiten ibiltzeari; unibertsitatean ikastea gero eta pribilegio handiagoa izateari; soldata erdi duin bat lortu eta bizitza enplegu hori bete, aisialdia neurri gabe kontsumitzen igaro eta familia bat osatzeari. Esfortzu handiz hilabete bukaerara iristeari ondo bizitzea deitzen badiogu. Edo bagenion. Urtez urte, sistema honetan gazteriari berezkoa zaion prekarietatea sakontzen joan baita.

Urtez urte, eta urratsez urrats. Krisi desberdinak lehertzen joan diren heinean, gazteon bizi baldintza eta bizi kalitatea ere sakontzen (edo amiltzen?) joan dira. Gehiegizko alokairuek emantzipazioa izugarri konplikatu ostean, higiezinen burbuilaren leherketak ezinezko bihurtu, eta egun gure diru sarreren ehuneko handi bat jaten du. Edo kaleratzez kaleratze, okupatzera. ERE eta kaleratze masibo desberdinek lan merkatutik kanporatu gintuzten, eta hurrengo lehen lan erreformak, ateak itxi. Hurrengo lan erreformen bidez, sartzen utzi gintuzten berriro ere, baina soldata miserableak, derrigorrezko ordu extrak, doako kaleratzeak, ia jubilatu arteko praktika kontratuak eta barnebilduko ez gintuzten hitzarmenak onartzeko prest baldin bageunden. Pentsio erreformak ia seguru erretiro gabe utzi gaitu. Langile prekarioa izatea jendartearen begietara pribilegio bihurtu den honetan, unibertsitate tasek gora eta gora jarraitzen dute... ikasketa prozesuek enplegua ez lortzearen ondorioz luzatzen direnean hain zuzen.

Beraz, aurrezteko zailtasunekin, hile bukaerara iristeko ekonomialari profesionalen tamainako malabareak egiten gabiltza. Emantzipatzea amets, aisialdian eta ondorioz harreman sozialetan murrizketak egiten, esplotazioaren aurrean antolatzeko eta sindikatzeko beldur, gurasoen koltxoi ekonomikoari esker eta lagun prekarioekin elkartasun sare informalak sortzen... biziraun gara. Baina ez da krisiaren ondorioa. Duela hamarkadak hasitako prozesu baten ondorio da. Krisiaren aitzakia baliatuta abiadura hartu duen prozesua.

Gogor borrokatu gara gazteok neurri hauen kontra, gure kabuz eta beste batzuekin elkarlanean. Sistema honek guretzako etorkizunik ez duela ohartuta, alternatiba propioei bide eman diegu, eredu ekonomiko eta sozialak txikitik ere eraldatu ahal direla jakitun. Baina mobilizazioak alboratu gabe, gure bizitzekin makro-tik negozio egiten duten horien kontra.

Kapitalismoa desiragarri edo atsegin egin zuen ongizate estatuaren desmantelazio prozesua da hau. Estatuak herritarren beharrizanak asetzetik, multinazionalen, entitate finantzieroen eta espekulatzaileen beharrizanak asetzera pasako diren prozesua. Azken urteetako erreformek oso argi uzten dute bide hori. TTIP, CETA eta TISA nazioarteko merkatal itunak, urrats bat gehiago dira. Jauzi bat. Estatu Batuekin eta Kanadarekin merkatu libre bat eraikitzeko aitzakiapean, herritarrontzako onuragarria izango dela aldarrikatuz, urteetako langile borrokaren bidez garaitutako eskubide sozial eta politikoak ezabatuko dituzte. Ingurugiro eskubideak. Oinarrizko eskubideak. Multinazionalentzako merkatu libreak, herritarron askatasunaren galera dakar. Gehiegi borrokatu gara, hitzarmen batzuekin dena suntsitu dezaten!

Aplikatu aurretik ere zapaldu dituzte gure eskubide edo askatasunak: negoziazioak sekretupean eman dira, herritarrek hautatutako ordezkariek informazioa zabaltzea debekatuta zuten artean, multinazionalek zuzenean zein zeharka negoziazioetan eragin dute. Eta guk ez dugu hitzik ere eduki. Bereziki lotsagarria da PNVren jarrera, espainiar gobernuaren inposaketari men egitearekin nahikoa ez, eta TTIParen propaganda etengabea egiten ibili da eta. Enpresaburuei beti bezain lehial! Beste batzuetan, eskuak garbituko lituzkete, erabakia Madrilen esku dagoela, eta eurek errurik ez dutela: baina oraingoan ez, PPrekin lehia daitezke TTIP eta CETAren defentsan!

Horrek ez du esan nahi dena galduta dagoenik: hitzarmenak ez daude itxita, negoziazio faseetan aurrera baino. Valoniako estatuaren ezetzak, bertako herritarren borrokarekin lortua, frogatzen du instituzioen borondaterik gabe ere, herri-presioak multinazionalen diktadurari burujabetza kontrajarri ahal diola. Eta badagoela sarraski hauek gelditzerik. Eta gelditu behar ditugu. Ez da aukera bat. TTIP eta CETAk urteetan garatutako prekarizazioa prozesu horretan, pobrezia zabaltzeko prozesu horretan sakontzen jarraituko dute. Lan eskubideak desagerraraziz, imagina ezin ditugun baliabide naturalak pribatizatuz, gure elikagaiak zaborrez betez, osasungintza negozio bilakatuz...

Ez baditugu gelditzen, prozesu osoa eten eta sistema eraldatzen ez badugu, pobreziara bakarrik ez, multinazionalen esklabutzara kondenatuta egongo gara. Eta orduan bai, inoren amama ez da Euskal Herrian, munduko edozein herritan, gaizki bizi ez garela esatera ausartuko.

Horregatik, azaroaren 5ean, ezinbesteko zita bat dugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Bete ditzagun kaleak!

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal