lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 30/04/2024

Sindikatuek klase gatazkan jokatzen duten paperaz

Zuzia-Jarki antolakunde iraultzailearen aldizkaria
"Konfrontazio sindikalgintzaren garapena guztiz beharrezkoa da, borroka ekonomikoa aurrera eramaten den aldi berean borroka politiko baten parte dela aldarrikatzeko eta berau elikatzeko.”

Historian zehar langile mugimenduaren atal garrantzitsua izan den heinean, goazen sindikatuen jatorria eta klase gatazkaren baitan betetzen duten papera aztertzera. Izan ere, ekarpen zein kritiketatik haratago, sindikalgintzak betetzen duen funtzio objektiboa aztertzea dagokigu gure testuingurua hobeto ezagutzeko. Azken finean, gaur egun sindikatuak dira langile mugimenduaren espresio garatu bakarrak.

KLASE GATAZKAREN LOGIKA

Sindikalgintzarekin hasi baino lehen, langile mugimenduaren existentziaren zergatia aipatu beharra dago. Ongien eta zerbitzuen ekoizpenean burgesen eta langileon presentzia ematen da. Burgesek langileen lan-indarra erosi eta gainbalio zein gain-lanaren bitartez etekinak lortzen dituzte. Esplotazio ekonomikoaren garapenaren nondik norakoak, aldiz, politikoak dira: esplotazioarekin amaitzeko edo bera eraldatzeko prest daudenen indarrak handitzen badoaz, burgesek erreformak onartu beharko dituzte, iraultza baten ondorioz haien posizio soziala galtzeraino. Langileak haien esplotazio ekonomikoaren kontzientzia izan zutenetik antolatzen hasi ziren. Azken finean, injustizia baten aurrean neutral kokatuz gero, injustizia behin eta berriz jazotzea ahalbidetzen baita. Horrela, bere egoera hobetzeko, antolaketa forma eta erreminta ugari garatu zituen langile klaseak: elkarte sekretuak, aldizkariak, lantegietako langile asanbladak, alderdi politikoak, talde armatuak, etab. Gauzak horrela, langile mugimenduaren tresnen artean kokatzen dira sindikatuak. Klase gatazkaren logikan sarturik, lagun-etsai logikapean, gatazka modu askotara kudea daiteke. Burgesek gainbalioa bereganatu nahi dute eta langileek, berriz, esplotaziorik ez egotea. Helburu guztiz kontrajarriak izanda ere, gatazkaren kudeaketa eredu bat negoziazioa izan daiteke: langileek egoera hobeak lortzea (soldata igoera, lan baldintza egokiagoak) eta burgesek gainbalioaren zati bat galtzeko prest egotea, baina esplotazioa burutzen jarraitzea. Negoziazio hau, noski, burgesen faltsukeri eta propagandari esker eta haien errepresio ahalmenari esker gara daiteke. Horren aurrean, klase gatazkan etsaiarekiko erdibideko posiziorik ez dagoela baieztatu beharra dago, momentuan momentuko indar korrelazioak zehaztuko duelarik konfrontazioaren dinamika. Hori dela eta, ideologizazio, mobilizazio eta antolaketarako deia ezinbestekoak dira etsaiarekiko gatazkan indar korrelazioak aldatzen joateko.

SINDIKALGINTZAREN HASTAPENAK

Gaur egungo Euskal Herrian ezagutzen ditugun sindikatuen aurrekari zuzenak XIX. mendean sortu ziren, Ameriketako Estatu Batuetan eta Europako herrialdeetan, oro har. 1864. urtean sortutako Langile Internazionalak langile mugimendua hauspotu zuen mundu mailan. Tokian tokiko langile federazio lokalak eta sekzioak sortzen hasi ziren, Internazionalarekiko afiliatuak. Internazionalaren disolbapena jazo ondoren, sindikatuen figura hedatzen hasi zen mendebaldean. XIX. mendearen amaieran eta XX. Mendearen hasieran zeresan handia izan duten siglak sortu ziren, gaur egun ere existitzen direnak, esaterako, Unión General de Trabajadores 1888an, Confédération Générale du Travail 1895ean eta Solidaridad de Obreros Vascos - Eusko Langilleen Alkartasuna 1910ean. Sindikalgintzaren hastapenean, hauek fabrika edo lantoki mailako elkarteak ziren. Ondoren, sindikatu gehienak ofizio mailan antolatu ziren, lan manualetako fabriketan eta artisau izaerako enpleguetan (jostunen sindikatua, esaterako). Industria garatzen joan zen heinean, makina baten inguruan eta lanpostu zehatz batean kokatutako langileen inguruan industria-sindikatuak garatzen hasi ziren, metalaren industriako sindikatua, horien artean. Lehenengo langile elkarteek elkarlaguntza eta kooperazioa zituzten helburu nagusi gisa(erresistentzia kutxen bitartez, adibidez), greba edo lan gatazka baten aurrean elkarri babesa ematearren. Ezaugarri hau sindikatuen eta greba eskubidearen debekuaren testuinguruan kokatu behar da, XIX. mendean eta XX. mendeko urte askotan zehar ia herrialde guztietan indarrean zeuden debekuak, hain zuzen. Sindikatuen lurralde ezarpena txikia zen testuinguruetan, langileen lan eta bizi baldintzen hobekuntzen aldeko protestak oso koiunturalak eta espontaneoak izan ohi ziren: enpresa edo fabrikamailan gertatu ohi ziren matxinadak, fabriketako sabotaiak, lan tresnen apurketak…Sindikatuetatik haratago, industria eta landa proletalgoaren garapenarekin batera, langile mugimenduak sindikatuetatik haratagoko beste tresna ugariz hornitzen jarraitu zuen, bereziki hedabideak eta alderdi politikoak. Horrela, egunkariak eta aldizkariak haien lan eta bizi baldintzak ezagutarazteko edota elkartasuna garatzeko tresna bilakatu ziren. Alderdiak, demokrazia burgesa garatutako herrialdeetan erakunde publikoen esparru politikoan langileeninteresak txertatzeko balio izan zuen. Esaterako, 1875. urtean sortu zen Alemanian Sozialdemokratische Partei Deutschlands, eta 1879. urtean espainiar estatuan Partido Socialista ObreroEspañol-a.

SINDIKATU EREDU NAGUSIAK

Sindikatuak langileen ordezkaritza helburu duten borondatezko parte hartzea duten antolakundeak dira. Langileen interesen defentsarako, mobilizazioaren erabilera (protesta, gatazka, greba...) zein negoziazio kolektiboaren eta enpresari eta erakundeekiko kontzertazioaren erabilera burutzen dute, era berean, afiliatuei zerbitzuak eskainiz. Enpresa edo lantoki mailan sekzio sindikalak antolatu ohi dira. Ondoren, sindikatu barneko federazio profesionalak antolatzen dira, ekoizpen edo zerbitzu adar zehatz bakoitzeko dinamikak eta borrokak bateratzearren. Azken hauek sindikatu estatal baten baitan koka daitezke federazio gisa, edo federazioak berak sindikatu izaera propioa izan dezake. Federazio profesional hauek Erresuma batuan Trade Unions gisa ezagutzen dira.Lantokiak edo enpresak gutxieneko tamainara iristean, europar testuinguruan ohikoa da enpresa komiteak eratzea. Komite hauek enpresaren eta langileen arteko hartu emana kudeatzea dute helburu, bai nagusiekin integratuta lan egiteko (kontzertazioa) edo negoziazio kolektiboa garatzeko.Bestalde, sindikatuen indarra ez da soilik haien ahalmen ekonomikoarengatik zehazten. Besteak beste, afiliatuen kantitateak eta batasunak, negoziazio kolektiborako gaitasunak, beste eragileen aitortza mailak eta langile klasearen baitan mobilizazio ahalmenak eta integrazio ahalmenak sindikatu baten indarra eta garapena baldintzatzen dituzte.Zertzelada nagusi hauetatik abiatuz, izaera ezberdina duten sindikatu motak topatzen dituguhistorian eta munduan zehar.

LAN ESPARRUAREN ARABERA

Jada laburki aipatu den moduan, alde batetik gremio edo ekoizpen adarreko izaera duten sindikatuak aurki ditzakegu: irakasleen sindikatuak, erizainen sindikatuak... Bestetik, sindikatu orokorrak edo unitarioak kokatzen dira, esparru geografiko zehatz batean (estatala, nazionala, kontinentala...) lan esparru ezberdinak barnebiltzen dituena.

BORROKA EREDUAREN ARABERA

Klase gatazkak beste edozein gatazka baten logika berbera du. Bi aurkari daude (gutxienez) eta helburu kontrajarriak dituzte. Burgesek, gainbalioa erauzi eta ahalik eta kapital gehien metatzea dute helburu, inbertsioak handitzeko eta lehia interburgesean atzean ez gelditzeko eta ez desagertzeko. Langileek, esplotaziorik ez jasatea dute helburu. Sindikatuek haien esparruan burututako helburu kontrajarri hauen kudeaketa eredua, hau da, sindikalgintza, ugaria izan daiteke, sindikalgintza ereduaren arabera sindikatu batek izaera bat edo beste izanez. Azken finean, gatazka batean etsaiarekin batu gaitezke, etsaiarekin negozia dezakegu edo etsaiari gailentzen saia gaitezke.

Kontzertazio sindikalgintza. Sindikatu, gobernu eta patronalaren arteko harreman eta akordioen multzoa da kontzertazioa. Bertan, lan harremanen kudeaketa modu elitista batean burutzen da, esparru bakoitzeko liderrak batuz. Oro har, izaera kontserbakorra du sindikalgintza mota honek. Sindikatu batek kontzertazioa aurrera eramateko patronalaren eta gobernuaren oniritzia jaso ahal izateko nagusitasuna izan beharko du gobernu eta patronal horren esparru geografikoan. Kontzertazio bidez hartutako erabakiak, lan harremanak arautu ez ezik, ekonomia legediak eta politika publikoak jorratu ohi dituzte: pentsioak, diru-laguntzak, lan erreformak...

Negoziazio sindikalgintza. Sindikalgintza eredu honek lan esparruko gatazka zein auziak patronalarekin negoziatzea du oinarri. Horrela,hitzarmen kolektiboak zein momentuko lantoki edo ekoizpen adar zehatzetako lan gatazken kudeaketa negoziazioaren bitartez burutzea du helburu. Ez da hirugarren eragileen sarrerarik ematen eredu honetan. Sindikatuek burututako langileen interesen defentsa modu korporatibo batean egin ohi dute:

"nire afiliatuen interesak hauek dira, eta hori defendatzera nator".

Konfrontazio sindikalgintza edo sindikalgintza raultzailea. Eredu honetan patronalaren eta langileen arteko harreman gatazkatsuamahaigaineratzen da. Gatazka horretan grebaren erabilera ohikoa izaten da, langileek enpresarientzat haien lan indarrak duen balioaren jakitun izanik. Lan baldintzak hobetzeko bidean, piketeak, fabrika eta lantokien okupazioa, manifestazioak, mobilizazioak eta langileen arteko elkartasun erresistentzia fondoak bezalako tresnak erabiltzen dira sindikalgintza eredu honetan. Hiru sindikalgintza motak eredu idealak dira, noski, sindikatu batek lan esparru eta garaiaren arabera mota ezberdinak jorra ditzakeelarik. Hala ere, oro har sindikalgintza mota baten gailentzea emango da sindikatuen praktikan zehar, beste eragile ekonomiko eta politikoen aurrean izaera nagusi bat ezarriz sindikatuari.

ESPARRU POLITIKOAREKIKO HARREMANAREN ARABERA

Sindikatua kontziliatzailea, erreformista ala iraultzailea izan, esparru politikoarekiko harreman ezberdinak gara ditzake. Horrela, sindikatu batek eragile politiko batekiko harreman zuzena izan dezake, bere sindikalgintza ereduan helburu politikoak txertatuz. Era berean, apolitiko gisa defini dezake bere burua sindikatu batek, bere ekintzak lan esparruan soilik garatuz. Horrela, esparru kontziliadorean, sindikatuak harreman estua izan dezake alderdi politiko kontserbadore batekin, edo erreferentzia politikorik ez egitea bere sindikalgintza horiaren benetako aurpegia ez erakustearren. Berdin gertatzen da konfrontazio sindikalgintzan. Sindikatu iraultzaile batek erreferentzia politiko gisa alderdi komunista bat edo antolakunde iraultzaile bat izan dezake, norabide berean diharduena. Sindikatu iraultzaile honek bere burua anarkistatzat badu, aldiz, gerta liteke bere burua eragile autonomo gisa definitzea eta klase gatazka langileen autoantolaketatik garatu behar dela aldarrikatzea.

Anarko-sindikalismoa. Korronte ideologiko anarkistak XIX. mende amaieratik aurrera eragin nabaria izan zuen langile mugimenduan. Frantziar estatuko CGT eta espainiar estatuko CNT sindikatuak, adibidez, XX. mendearen hasieran eragina izan zuten haien testuinguruan. Korronte anarko-sindikalistaren arabera, langileak alderdi politikoetatik at indarrak batu behar dituzte, sindikatuen bitartez. Hauek tokian tokiko eragileak izan behar dira, enpresariekin inolako kontzertazio eta negoziaziorik burutu gabe. Greba orokorraren "mitoa" du ardatz korronte honek, zeinaren arabera sistema ekonomiko kapitalista gainditzeko tresna greba orokorra (gaur egungo terminoetan "greba mugagabea") izango den, langileen geldialdi orokorra eta bertatik abiatuz, langileen autoantolaketa garatuz. Anarko-sindikalismoak liderren ordezkaritza alboratzen du, baita patronalarekiko negoziazioa ere. Mobilizazioetan eta grebetan indarkeria erabiltzearen aldeko hautua egiten du anarko-sindikalismoak presio erreminta gisa.

Langile autonomia. Langile edo klase autonomia deituriko korrontea XX. mendearen lehen herenean garatu zen. Sindikatu formatik kanpo kokatzen da, baina langile mugimenduaren zatia da, sindikatuen antzeko funtzioa betetzen saiatuz. Anarkosindikalismoaren autoritatearen aurkako ikuspuntuaeta ordezkaritzen aurkako posizionamendua muturreraino eramaten du korronte honek teorian. Korronte honen arabera, langileek haien kabuzgaratu behar dute borroka, inolako antolaketa hierarkiko eta delegaziorik eman gabe. Lan baldintzak hobetzeko eta kapitalismoaren aurkako langileen borroka aurrera eramateko, fabrika eta lantokietan langile asanbladak (kontseiluak) sortzean datza ideologia honen antolaketa eredua. Garapen praktiko urria izan du.

BORROKA EKONOMIKOAREN ETA BORROKA POLITIKOAREN ARTEKO ELKARLOTURA

Sindikatuak langileen esplotazio ekonomikoa gutxitzeko tresna bezala jaio ziren: soldatak igo, lan baldintzak hobetu, oporrak lortu, aparteko orduen ordaina zehaztu, egutegiak zehaztu, lan istripuen aurkako neurriak hartzearen garrantzia mahaigaineratzea...Bestela esanda, klase gatazkaren baitan borroka ekonomikoa garatzeko sortu ziren, langile mugimenduko atal garrantzitsu bezala. Hala ere, borroka politikoa ez zuten alboratzen, hau da, klase gatazkaren baitan ulertzen zuten haien jarduna, eta etsaiaren aurrean langile borrokaren garapen politikoa ere aldarrikatzen zuten sindikatu gehienek: iraultza "egitea", alegia. Batzuek alderdi komunista zuten iraultza lortzeko erreferentzia gisa, beste batzuek talde armatu edo armada iraultzaileak,beste batzuek greba orokorraren helburua.

Hala ere, burgesekiko gatazkan XX. mendeko langile mugimenduaren aurrerapenak galtzen joan diren heinean, kontzertazio eta negoziazio sindikalgintza gailendu da, oro har. Negoziazioaren bitartez eta kontzertazioaren bitartez baldintzak hobetzen saiatzen dira sindikatuak, baina neurri horien beharra klase gatazkaren testuinguruan kokatu gabe.

Klase gatazkaren oinarri den esplotazio ekonomikoari aurre egitea beharrezkoa da, langileen bizi baldintzak era zuzenean hobetzeko (edo atzerakada gehiago ez emateko). Baina momentuko hobekuntzak esplotazioa desagerrarazten ez duenez, konfrontazio sindikalgintzaren garapena guztiz beharrezkoa da, borroka ekonomikoa aurrera eramaten den aldi berean borroka politiko baten parte dela aldarrikatzeko eta berau elikatzeko.

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal