lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 04/08/2022

4 urte eta 7 hilabeteko kartzela zigor eskaera Tubacexeko greban auziperatutako hiru gazterentzat

Txabi Alvarado Bañares
Desorden publikoak eta agintaritzaren aurkako atentatua leporatzen die fiskaltzak.

4 urte eta 7 hilabeteko espetxe zigor eskaerari egin beharko diete aurre Aiaraldeko hiru gaztek, Tubacexeko grebako pikete batean parte hartzeagatik.

Zehazki, 2021ko martxoaren 25ean Tubacexeko Saratxoko piketean jazotako gertakariengatik epaitu nahi dituzte hiru aiaralderrak. Grebalariek suzko barrikada osatu zuten goiz hartan fabrikaren sarreran, eta Ertzaintzak bi aldiz kargatu zuen, borrak eta foam balak baliatuta, hainbat pertsona zaurituta:

 

Fiskaltzaren arabera, auziperatutako hiru gazteek “batera eta adostasunez” jokatu zuten egun hartan, identifikatu gabeko “500 pertsona inguruk” lagundurik eta “bake publikoa asaldatzeko helburuarekin”.

Gauzak hala, desorden publikoak eta autoritatearen aurkako atentatua leporatzen diete hirurei. Lehen delituagatik 2 urte eta 10 hilabeteko kartzela zigorra eskatzen du fiskaltzak; eta urte 1 eta 9 hilabetekoa, aldiz, bigarrenagatik. Horrez gain, hiru ertzainei 756 euro ordaintzea ere eskatu diete gazteei (252 euro polizia bakoitzari), “eragindako lesioengatik”.

Era berean, fiskalak hiru gazteen gain jarri nahi ditu egun hartan Ertzaintzaren materialek (ezkutuak eta botak aipatzen dira dokumentuan) eta Tubacexeko zuzendaritzaren autobusek pairatutako kalteak, baina gaineratzen du oraindik ez duela horien kostuaren gaineko informaziorik jaso poliziaren eta autobus enpresaren partetik.

Arabako Auzitegi Probintzialean izango da epaiketa, irailaren 18an. Abokatuek Aiaraldea Komunikabideari jakinarazi dietenez, prozedura hainbat hilabetez luzatu daiteke.

Aiaraldea Komunikabideak auziperatutako gazteetako bati egin zion elkarrizketa iaz. Bere ustez, ez da kasualitateta gertatu dena: “Grebaren hasieratik joaten nintzen piketeetara eta ezagutzen ninduten (poliziek). Nire iritzia da, ikusita langileen aurka ezin dutela ezer egin, babesten daudenon aurka jo dutela, elkartasuna jaso ez dezaten. Bidali nahi duten mezua da langileak babesteak ondorio negatiboak dituela”. Horrez gain, gazteak erantsi jipoi ugari jaso zituela Saratxon Ertzaintzaren partetik, eta ez zela izan kolpatu zuten lehen eguna.

Epaitegiko gertakariak
Saratxoko piketeko gertakariak izan eta aste batzuetara, polizia bertaratu zen auziperatutako gazteen etxeetara, salatu zituztela eta ikertuak izaten ari zirela jakinarazteko. Hiru herritarrak 2021eko ekainaren 17an igaro ziren epailearen aurretik, Amurrion:

 

Dozenaka langile bildu ziren orduan auzitegiaren aurrean, eta bertaratutakoen aurka oldartu zen Ertzaintza, hainbat langile zaurituz eta horietako bat (Aintzane Mendia amurrioarra) atxilotuz. Arrastaka eraman zuten behargina, eta eskuan fisura eta bizkarrean lesioa eragin zioten, Mendiak berak salatutakoaren arabera. Berari ere autoritatearen aurkako atentatua leporatu zioten horregatik, eta udazkenean izango du epaiketa.

Ertzaintzak lau langile atxilotu zituen guztira iaz Tubacexeko greba mugagabearen testuinguruan, eta auziak irekita daude oraindik. Horrez gain, "isun oldea" jaso dutela salatu dute langileek.

Honen aurrean mobilizazioak deitu dituzte epaituekin elkartasunean lehenegoa 13an izango du lekuko Laudioko herriko plazan eta bigarrena epaiketako egunean Gazteizko auzitegiaren aurrean.

https://aiaraldea.eus/aiaraldea/1659453919185-4-urte-eta-7-hilabeteko-kartzela-zigor-eskaera-tubacexeko-greban-auziperatutako-hiru-gazterentzat

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal