Aitor eta Galder atxilotu zituzten larunbatean


Bi gazteak atxilotu dituzte ertzainek, Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarria dien eta Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi zuen lau urteko kartzela zigorra betearazteko. Espetxeratzeko aginduaren borondatezko epea gaindituta dute bi gazteek; Gasteizko Gobernu Militarrean agertu dira 17:00etan.
Eraikinean sartu dira ertzainak, eta atxilotu egin dituzte minutu batzuen buruan. Ertzainen ibilgailu batean eraman dituzte ondoren. Gobernu Militarra ertzainez inguratuta egon da bi gazteak atxilotu artean, eta eta jendea erruz bildu da Leizaola plazan; ehunka lagun bildu dira, gazteei babesa ematera, kamiseta urdinak soinean eta ertzaintzak hauen kontra oldartu da gomazko pilotak eta borrak erabiliz.
Duela bi aste Ankerkeriari Stop plataformak jakitera eman zuenez, irailaren 15ean espetxeratze agindu bana jasota, Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazteek hamar eguneko epea zuten borondatez kartzelan sartzeko. Epea agortuta, ez ziren espetxean aurkeztu; beraz, Espainiako Auzitegi Gorenak atxilotze agindua martxan jartzeko arriskuan zeuden biak.
2021eko otsailean launa urteko espetxe zigorra ezarri zien Espainiako Auzitegi Nazionalak, «lehergailuak egiteko materiala edukitzea» leporatuta. Epaiketa egin aurretik espetxean egon ziren biak, 2019ko otsailaren 8an Ertzaintzak atxilotu ostean. Urte hartako uztailean askatu zituzten, baldintzapean, eta 6.000 euroko bermea ordaindu ostean.
2021eko urtarrilaren 21ean eta 22an egin zen epaiketa, Madrilen. Hasieran, Jose Perals fiskalak zortzi urteko kartzela zigorra eskatu zuen bakoitzarentzat, «helburu terroristarekin» aritu zirelakoan. Defentsak errugabetzeko eskatu zuen, frogak «lausoak» zirela argudiatuta, eta epaiketa bera «lekuz kanpo» zegoelako, ETAk behin betiko su etena iragarri zuenetik hamar urte igaroak zirelako, eta hiru desegin zenetik.
Angela Murillok, Teresa Palaciosek eta Carmen-Paloma Gonzalezek sinatu zuten sentzentzian, azkenean, «lehergaiak egiteko materiala eduki eta erabiltzeagatik» zigortu zituzten.
Akusazioaren oinarrian Ertzaintzaren txosten bat egon zen. 2018an Ertzaintzak Duranako (Araba) industrialde batean bidoi bat aurkitu zuela adierazi zuten horretan. Barruan, «lehergailuak egiteko hainbat objektu» zeudela azaldu zuten txostenean, eta Barbado eta Zelaiaren hartz markak eta DNA. Auzitegiak frogatutzat eman zuen bidoia bi gazteek erabili zutela 2014an eta 2015ean, «kale borrokako ekintzak» egiteko materiala gordetzeko.
Aitor Zelaiaren etxean topatutako motxila baten edukiak froga gisa aurkeztu zuen Ertzaintzak. Horretan bridak, eskularruak, walkie-talkieak, sakelako telefonoak eta zinta amerikarra zeuden, eta Ertzaintzak «kale borrokarako motxila bat» zela argudiatu zuen. Zelaiak esan zuen material hori Hatortxu Rock jaialdian muntatzeko erabili zuela, eta lekuko batek baieztatu egin zuen.
Epaiketan, bi gazteek azaldu zuten ezker abertzaleko kidetzat zituztela euren buruak. Esan zutenez, bat egin zuten ETAk armak uzteko hartutako erabakiarekin eta estrategia pazifistarekin.