lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 06/08/2025

Polizia "talde zaurgarri"?

Kai Karasatorre
Kai Karasatorre, ASKE Antolakundeko bozeramailearen iritzi artikulua azken boladan poliziaren eta bereziki ertzaintzaren bortizkeriaren eta biktimismoaren inguruan.

Azken egunetan bolo-bolo dabil poliziaren eta, zehatzago esanda, ertzaintzaren gaineko eztabaida. Tamalez, eztabaida piztearen arrazoia ez da hauek Euskal Herri Langilearen kontra burutzen duten biolentzia eta jazarpen sistematikoa. Horren ordez, ertzaintzaren eta bere buruaren inguruan egindako bandera faltsuko eraso batek zein ertzaintzak aurrera eramandako basakeri kasu ezberdinak izan dira eztabaidaren pizgarri.

Eztabaida hau hedabideetatik zein alderdi politiko ezberdinetatik bultzatu izanak bi helburu nagusiri erantzuten die. Batetik, poliziaren normalizazioaren guraria, gizarte kapitalistan betetzen duen funtzioa ezkutatuz eta gertakari hauen aurrean polizia biktima gisa aurkeztuz. Eta, bestetik, biktimaren paperetik tiraka, polizia “talde zaurgarri” bezala aurkezteko saiakera, poliziaren kontrako mezuak zabaltzea gorroto delitu gisa epaituak izateko marko politikoa sortuz, marko juridikoaren eraikuntzari ekin ahal izateko. Baina nork pentsa dezake etxegabetzen duten horiek, militante politikoak jazartzen dituzten horiek edo erreprimitzeko bitartekari materialak erabiltzen dituzten bakoitzean zauri sendaezinak edota heriotza gauzatzen duten horiek “talde zaurgarri” bat direnik?

Ildo horretatik, poliziaren gaineko eztabaida desitxuratu eta irudiz kontrajarriak direnbi aukera aurkeztera mugatzen dira, hizpidea gaur egun dugun polizia biolentoa eta jazarlea edo gertukoa eta demokratikoa den polizia “ereduen” artean kokatuz. Arazoa, ordea, biak ala biak poliziaren normalizazio eta zuriketa estrategiari erantzuten dioten txanpon beraren bi aurpegiak izatean datza. Izan ere, eztabaida termino horietan planteatzeak ez du mahai gainean jartzen poliziaren egiturazko funtzioa eta, hortaz, gizarte kapitalistan jokatzen duen papera ezkutatzea dakar. Bi polizia “ereduek” etxegabetzen dute, kargatzen dute langileon kontra, oztopatzen eta kontrolatzen dute Euskal Herri Langilearen antolakuntza politikoa edo jazartzen dituzte militante politikoak. Arazoa ez datza zenbait ardi beltzek polizia biolentoagoa edo jazarleagoa egiten dutela,
jazarpenari dagokionez denak baitoaz beltzez langile eta militante politikoentzat.

Horrenbestez, alegiazko depurazioa burututa ere, poliziaren egiturazko arazoak bere horretan iraungo luke. Polizia burgesiaren nagusitasuna eta jabetza bermatzen dituen beso armatua da. Ustezko polizia demokratikoak Euskal Herria azpiratuta mantentzen duen demokrazia burgesaren polizia izaten jarraituko luke, eta Euskal Herri Langilearentzat hori ez da inolako alternatiba.

Azken urteetako zurikeria eta normalizazio estrategiak Euskal Herriko langileria pairatzen ari den prekarizatzearen eta pobreziaren areagotzearen ondorioz honen potentzialtasun iraultzailea deuseztatzeko neurri gisa ulertu behar dugu. Alta, edozein eztabaidatik kanpo dago poliziak bere isun, kolpe, mehatxu eta atxiloketen bitartez Euskal Herri Langilearen antolakuntza politiko iraultzailea oztopatzeari eta jazartzeari dagokionez jokatzen duen papera.

Ondorioz, Euskal Herriko langileoi poliziak gizarte honetan betetzen duen funtzioaren sozializazioa lantzea eta kontzientziak astintzea dagokigu. Oso presente izan behar dugu Euskal Herriko zapalkuntza nazional eta sozialaren gaindipenari begira, hauek bidelagun izan beharrean oztopo direla. Alderdi eta hedabideetatik garatzen ari diren diskurtsoak,
poliziaren jazarpen kasu ezberdinak salatu eta euren biolentzia agerian utzi ordez, militantzia politikoa kriminalizatzeko eta ondoren zigortzeko oinarriak finkatzen ditu.

Horren guztiorren aurrean, antolakuntzaren eta militantzia politikoaren defentsarako neurriak eta baldintzak garatzea dagokigu, sortzen ari diren erretorikaren aurrean ez baitanahikoa borroka egitearekin. Euskal Herri Langileak bere askatasunaren bidean burutzen duen borrokaren zilegitasuna aldarrikatzea dagokigu, hau da, amnistia aldarrikatzea dagokigu, soilik helburu  estrategiko horren erdiespenaren bitartez emango baitiogu amaiera Euskal Herri Langileak pairatzen duen errepresio forma orori.

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal