Errepresioaren gorakada salatu dute Baionan

Ehunka herritar mobilizatu ziren larunbatean Baionan, 70tik gora eragilek deituta, "Errepresioaren parean elkartasuna eta borroka" lelopean. Azken bi urteetako jazarpen politikoaz egindako bilanetik heldu zen protesta kolektiboaren ideia. Izan ere, 2024ko eta 2025ko jazepen politikoa 9 auzi, 31 militante auziperatu, gutxienez 12.580€ isunetan eta 11.569€ kalte-ordainetan utzi ditu Ipar Euskal Herrian.
Baionako auzitegiaren aurrean, poliziaz inguratuta zeudela, Frantziako Estatuko "indarkeria polizial sistematikoa" gogor salatu zuten: "Poliziak era guztietako bortizkeriak erabiltzen ditu, baita hilketak ere; eta hori egiteko egiturazko inpunitate osoa dauka". Testuingurua zabaldu dute segidan, "Hego Euskal Herrian, Europan eta mundu osoan errepresio politikoa" jasaten duten herritarrak aipatuz: "Gure elkartasuna ordena zapaltzaile honen aurka borrokatzeagatik errepresioa pairatzen duten pertsona guztiei".
Horren harira, amnistiaren aldeko aldarria egin zuten, "urteetan errepresioa pairatzen ari diren preso, iheslari eta deportatuak" gogoratzeaz gain, "gaur egun militantzia politikoagatik jazartzen dituztenen eta etorkizunean jazarriko dituztenen eskubide politikoen alde" ere.
Hain justu, Mikel Sansebastianek, Jon Kepa Preciadok eta Garikoitz Etxeberriak euskal preso politikoek manifestaziora deitzeko bidali zuten agirian, amnistia osoaren alde egin eta askatasuna borrokaz lortzeko aldarria zabaldu zuten. "Horixe baita errepresioaren xede nagusia, borroka oro ezereztea".
Prozesu horren beraren borrokatzera deitu dute Baionan ere. Amaiera aldera, honakoa adierazi dute: "Errepresio politikoaren bidez, gu beldurtzeaz gain, borrokarako dugun indarra ahuldu nahi dute, etsipena, indibidualismoa eta desmobilizazioa sustatuz. Badakigu zapaltzaileek ez digutela inoiz ezer eman, eta ez digutela emango ere; horregatik, ezinbestekoa da elkartuta borrokatzea". Azkenik, errepresioaren aurkako erantzuna "kalte-ordainak pagatzeko elkartasun ekitaldi huts batera mugatu" ez dadin, kalera atera dira, "gure borrokak bizirik jarraitzen duela eta aurrera egingo duela erakusteko".
![]()







