VOXen aurkako ekintzak burutu dituzte Gasteizen

Asteburu honetan VOXen aurkako bi ekintza burutu dira Gasteizen(Araba). Lehen ekintza joan den larunbatean izan zen, eskuin muturreko alderdiaren egoitzako atea harrikatuta eta kristalak hautsita agertu zenean. Hurrengo egunean, egoitzaren aurkako beste ekintza bat egin zuten: oraingoan "Españolei sua!" eta "Vox kanpora faxistak" margoketak egin zituzten. Gainera, sua eman zioten ateari.
Arabako VOXen presidenteak militante iraultzaileak ekintzaren egiletzat jo ditu:"hormetan egin dituzten pintadek ez dute zalantzarik uzten eraso berri honen egiletzaz, lurralde honetako ezker bortitzari eta proetarrari lotutako jendea". Era berean, adierazi du salaketa jarri duela Ertzaintzaren komisarian.
Errealitatea da alderdi ultraeskuindarrak kanpaina polemikoak burutu dituela Arabako hiriburuan. Hauetan, bere idei atzerakoiak zabaldu ditu, bai migranteen aurka, bai duela gutxi Errekaleor auzoaren aurka egin zuen moduan. Jatorri arabiarreko pertsona migranteen kontrako kartelak eta pankartak ikusi ahal izan ziren pasa den urteko ekainean Gasteizen, eta, sare sozialetan, VOX alderdi faxistako hainbat kidek aldarrikatu zuten ekintza. Propaganda arrazista ikusita, esku hartu eta hura kentzeko lanetan jardun zuten JARDUN Koordinadorako kideek. Era berean, duela bi aste Errekaleorrera bertaratu ziren VOXeko hainbat kide, Ertzaintzak lagunduta. Auzoan barrena paseoan ibili eta bideoak grabatu zituzten, kalez jantzitako polizien eta Ertzaintzaren ibilgailuen babespean. Ondoren, bisitaren emaitza sare sozialetan zabaldu zuten, Errekaleorren eta okupazioaren aurkako mezuz beteta.







