lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 30/07/2026

Mobilizazio jendetsua egin ostean Donostiako Udalarekin bilduko da KAS, atzera egin dezan eskatzeko

Haize Oiartzabal Aizpuru
Donostiako Udalaren debekua salatzeko mobilizazioa antolatu du asteazkenean Kaleko Afari Solidarioak ekimenak, eta inoizko afari solidario jendetsuena egin dute Plaza Berrian.

KASeko boluntarioak gauero-gauero elkartzen dira Donostiako Plaza Berrian, kalean bizi diren eta baliabiderik ez duten herritarrei afariak banatzeko. Asteartean, ordea, ezin izan zuten haien jarduna bete, Donostiako Udalak hemendik aitzin afari solidarioak banatzea debekatu baitie, “delinkuentzia tasak handitzen” dituztela, eta “bizikidetza eta segurtasun arazoak” eragiten dituztela argudiatuta.

Bada, Donostiako alkate Jon Insaustiren erranek kontrako efektua sortu dute, debekua ezarri eta bi egunera, asteazkenean, Plaza Berria betetzea lortu baitu KASek. Afaltzea ez da delitua lelopean manifestazioa antolatu dutek, eta txalo, zartagin hots, eta oihuen artean egin dute Gipuzkoa plazarako bidea. KASeko kide Jon Barandiaranek manifestua irakurri du bertan, eta “alkateari kasurik egin gabe”, inoizko afari solidario jendetsuena egin dute.

KASeko kideek hala eskatuta, ortzegunean bilduko dira Insaustirekin, eta egitasmoarekin elkarlanean aritzeko prest dagoen galdeginen diote. Horrez gain, bertze hiru eskakizun zehatz eginen dizkiote udalari.

Debekurik, gorrotorik eta kriminalizaziorik ez

Batetik, debekua kentzea exijituko diote, erakundeek “inor kanpoan utziko ez duen alternatiba erreal eta bideragarri bat” antolatu arte, bederen. Barandiaranek alkateari eta instituzioei eskatu die “hitz populistak” albo batera utzi, eta “urgentziaz” lanean hasteko.

Bertzetik, “migrazioa eta delinkuentzia” lotzen dituen diskurtsoak ez egiteko eskatuko dio KASek alkateari. Izan ere, Barandiaranek salatu du Insaustik egindako adierazpenek pertsona zaurgarrienganako “gorrotoa eta beldurra” sustatzen dituela.

Azkenik, herritarren ekimen solidarioak “gutxiesteari eta kriminalizatzeari” uzteko ordua dela aldarrikatuko dute. “Gure lana gutxiesteaz gain, seinalatu eta kriminalizatu egiten gaitu”, adierazi du Barandiaranek.

https://www.argia.eus/albistea/mobilizazio-jendetsua-egin-ostean-donostiako-udalarekin-elkartuko-dira-kaleko-afari-solidarioetako-kideak

 

Contactar con La Haine

 

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal