Prefetak Olhagarai IK erakundeko kide zena omentzen duen murala ezabatzea agindu du

Txomin Olhagarairen omenez egindako murala salatu du Simon Fetet Pirinio Atlantikoetako prefet berriak, “IK-k huts egindako atentatu baten goraipamena” egiten duelakoan. Hala, eraikin publikoei dagokien “neutraltasuna betez”, ezabatzeko agindu dio estatu ordezkariak Mizel Iribarren Itsasuko auzapezari. 1980. urtean hil zen Olhagarai Iparretarrak-eko militantea, Txomin Arruizekin batera, eskuetan zeramaten lehergailuak eztanda egin zielarik.
Murala egin duten Goooxoan elkarteko kideek prentsaurrekoa egin dute gaur, hilaren 9an. Txomin Olhagarairen omenez egindako murala ezabatzearen kontra agertu dira, eta “ahalegin guziak” egingo dituzte hura defendatzeko. “Eta badakigu ez garela bakarrik izanen”, adirazi dute, Euskal Herri osotik jaso dituzten babes mezuei eskerrak emanez.
Hala zuzendu dira prefetari: “Prefet jauna, estreinaren egunean hartu duzu kargua, eta zure lehen hitzen artean margolan honen desegiteko agindua eman duzu, ontsa erakutsiz, Euskal Herrira jinez, zure axola bakarra herri hau nagusitasun osoz frantses Errepublikaren meneko ezartzea dela”.
Euskal Herriaren memoria eta historia bizirik atxikitzeko xedea agertu du Goooxoan elkarteak prentsari egindako adierazpenetan: “Margolan hau, gure herriaren historia eta memoria bizirik atxikitzeaz gain, denboran zehar gure arbasoek defenditu dituzten eta guk gure egiten ditugun balioak aldarrikatzeko egina izan da”, azaldu dute. “Muralean idatzia den lemak dioen bezala, herri bat gara, gure hizkuntza propioarekin, eta libre bizi nahi dugu”, gehitu dute.
Goooxoan elkarteak “margolana defendatzeko” mobilizazioa deitu du larunbaterako, hilaren 12rako. Itsasuko plazatik abiatuko du protesta, 15:00etan. Elkartasuna erakutsi eta horma irudiaren harira “mehatxua” salatzera deitu dituzte herritarrak. “Parean izango gaituzu”, mezua helarazi nahi izan diote prefetari.







