ASKE antolakundeak amnistia aldarrikatuko du Donostiako Estropadetan

ASKEko hainbat kidek prentsaurrekoa egin zuten abuztuaren 13an, estropadetan egingo duten mobilizazioa iragartzeko. Irailaren 13n izango da, Donostiako Kontxako Banderako bigarren igandean, hain zuzen, “Presoak kalera, amnistia osoa” lelopean. 13:00etan hasiko da, Donostiako Bulebarretik.
ASKE antolakundearen ustez “Euskal Herriko historia jazarpenaz idatzia da”, eta zapalkuntzarik gabeko Euskal Herria inoiz existitu ez arren, bai egon dira “helburu horren pean konpromisoz eta borondatez beraien eskuetan zegoen guztia eman duten militante iraultzaileak”. Antolakunde antirrepresiboak salatu duenez, milaka euskal preso politikok urte luzez jasan dute kartzela, Frantziako eta Espainiako estatuek aurrera eramandako “klase eta nazio zapalkuntzaren” aurka borrokatzeagatik. Antolakundearen arabera, preso politikoek “etengabeko erasoak” pairatzen dituzte, beren militantzia politikoari uko egin diezaioten. Era berean, elkartasunaren aurkako jazarpena ere salatu dute. Haien esanetan, jazarpen horren helburua desmobilizazioa sustatzea, euskal preso politikoen aldeko borrokari uko egitea eta preso horiek ahanzturan uztea da.
Egoera horren aurrean, ohartarazi dute Euskal Herri Langileak pairatzen duen zapalkuntzari aurre egiteko “baldintza politikoak” sortzea ezinbestekoa dela. Ildo horretan, amnistiaren aldeko borrokari eusteko eta aldarria Euskal Herriko txoko guztietara zabaltzeko beharra nabarmendu dute. ASKE antolakundeak azaldu duenez, amnistiaren lorpenak euskal preso politikoen askatasuna ekarriko luke, baina baita Euskal Herri Langileak pairatzen duen jazarpenaren gainditzea ere. Horrenbestez, amnistia “Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoa eskuratzeko ezinbesteko baldintza” dela aldarrikatu du. Bide horretan, igande honetan egingo duten manifestazioan parte hartzera deitu dute.







