Mariarmak taldeak eraso homofobo bat jasan du Trapagaraneko jaietan

Mariarmak taldeak Instagram bidez salatu duenez, eraso homofobo bat jasan du Trapagaraneko (Bizkaia) jaietan. Komunikatuaren arabera, bi gizon hurbildu zitzaizkien eta Mariarmak taldeko kide bat mehatxatu zuten, irainak eta bultzadak tarteko. Ondoren, erasotzaileetako batek "maricón" oihukatzen hasi zitzaion eta "le mataría a ostias" esan zion. Azkenik, bere kideak zaplazteko bat jaso zuen aurpegian.
Taldeak nabarmendu du gertatutakoa ez dela "kasu isolatua", eta eraso homofoboak sistema zisheteropatriarkalarekin lotu ditu. Horrez gain, Mariarmakek ohartarazi du faxismoaren gorakadarekin eta eskuin muturretik datorren erreakzionarioen diskurtsoarekin lotutako "eraso nazkagarri" baten aurrean daudela. Komunikatuan, taldeak adierazi du kuir komunitatearen aurkako gertakarien aurrean antolatzen jarraituko duela. Era berean, herritarren aldetik jasotako babesa eskertu du: "Mila esker gurekin aurre egin zenuten guztioi", adierazi du. Bukatzeko, argi utzi dute ez dutela bere herrian "horrelakorik" onartuko, eta borrokan jarraitzeko konpromisoa berretsi dute.







