Kale egoeran zegoen migratzaile bati tiro egin diote Donostian

Gorroto diskurtsoek gora egiten duten moduan, gorroto ekintzek ere gora egin dute Donostian azken urteetan. Asko oharkabean geratzen dira, migratzaileen kontra direnean, batez ere. Ziurgabetasun egoeran egonik, salaketa jartzeak are zaurgarriago utziko dituztelakoan. Atzokoak marra gorriak pasatu ditu.
Harrera Sareak IRUTXULOKO HITZA-ri jakinarazi dionez, 14:00ak aldera, Egiako Mandasko Dukearen kalean, Atotxaren alturan, kale egoeran zegoen migratzaile talde bati tiro egin zioten. Gazte hauek ezin izan zuten ikusi nor izan zen erasotzailea, baina hiru tiro egin zituen, ziurrenik, balkoi batetik eta aire konprimatuzko pistola edo eskopeta batekin.
Lehen bi tiroekin beldurtu, eta zeuden bankuetatik jaiki ziren tiro hotsak entzuten ziren aldera begiratuz. Orduan, hirugarren tiroak gazte bat jo zuen, begi ondo-ondoan, argazkian ikus daitekeenez. “Bi zentimetro gehiago eta begia galduko zuen”, ohartarazi dute. Ez Ertzaintzak, eta ezta Donostiako Udalak ere ez dute gaiaren inguruan inongo adierazpenik egin orain arte.
“Jaramonik ez”
Ertzaintza segituan bertaratu zen eta anbulantzia bat bideratu zuten gaztea artatzeko. Ordea, Harrera Sareak IRUTXULOKO HITZA-ri esan dionez, ez zioten “jaramonik” egin, eta ez zituzten “ohikoa den moduan” datuak eskatu, salaketa bat bideratzeko. Gazteak, gainera, ospitaletik ateratakoan polizi etxera egin zuen bertan salaketa formala egiteko, eta, salatu dutenez, “trabak” baino ez zizkioten jarri, “bost lerroko salaketa” bat egin zuten.
Gazteak, jatorriz marokoarra, bi urte darama Donostian, biak kale egoeran, hiriko hainbat harrera zerbitzutan artatua izan den arren.
Ez da lehenengo kasua
Aipatu moduan, asko dira migratzaileen kontra izandako erasoak, baina asko ez dira salatzen. Kanpin dendak apurtu, jipoiak eman, mehatxuak… Eta tiro bidez baita ere. Udaran, Parte Zaharrean, migratzaile bati bizkarrez egin zioten eraso, eta balin batekin zauritu zuten. Gazteak ez zuen gertatutakoa salatu aste batzuk igaro arte.
Duela bi urte, pertsona bat atxilotu zuten pistola batekin mehatxu egiteagatik Alderdi Ederren. Hedabide ugarik jaso zuten gertatutakoa, baina bakar batek ere ez zuen aipatu migratzaile talde bati egin ziela mehatxu.
https://irutxulo.hitza.eus/2026/09/11/kale-egoeran-zegoen-migratzaile-bati-tiro-egin-diote-egian/







