lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 18/05/2026

Global Sumud Flotillaren aurkako operazio berria, gutxienez bi euskaldun daude bahituen artean

Argia
Israelgo itsas armadako ontziak Global Sumud Flotilla atzematen ari dira. Itsasoan diren zazpi euskaldunetatik bi gutxienez bahitu dituzte, eta Global Sumud Euskal Herriak mobilizazioak antolatu ditu.

Gazaren gaineko blokeoa hautsi nahi duen misio zibilaren kontra egin du Israelek beste behin. Astelehenean, Israelgo Kanpo Arazoetako Ministerioak Global Sumud Flotillari ohartarazi dio “berehala buelta emateko” eta esan du ez duela “probokaziorik” onartuko. Are, Israelgo itsas indarren ‘zodiac’-ek Furleto ontzia geldiarazi dute. Israelgo komunikabideek jakinarazi dutenez, Flotillako ontzien kontrako operazioak ordu batzuk beharko ditu, eta bihar arte luzatu daiteke. Momentuotan operazioak aurrera jarraitzen du.

Sare sozialetan zabaldutako ohar batean, Israelgo Gobernuak zalantzan jarri ditu Flotillako ontzien asmo zibil eta humanitarioak, eta adierazi du “probokazio horren helburua Hamas indartzea” dela. Horrez gain, Israelek Flotillari leporatu dio Trumpek Gazarako prest duen "bake-planean aurrera egitea oztopatzea".

Global Sumud Flotillako kideek bide segurua eskatu dute misio humanitario legala aurrera eramateko. Adierazi dute, halaber, gobernuek "lehenbailen" jardun behar dutela Israelen legez kanpoko ekintza horiek geldiarazteko, eta ohartarazi dute "okupazioaren indarkeriaren normalizazioa" mehatxua dela guztiontzat.

Apirilaren 30ean Israelgo armadak Flotillako 55 itsasontzi geldiarazi zituen Greziako kostaldea inguratzen ari zirela, eta 175 pertsona atxilotu zituen. Hala ere, joan den ostiralean, 170 parte-hartzaile eta hamabost ontzi gehitu zitzaizkion misioari Turkian. Orain, ontzidiak 500 bat ekintzaile eta tripulatzaile ditu.

Apirilaren 30eko intertzeptazioaren ondoren, flotillak koordinazio akatsak zuzendu eta estrategia birdiseinatu zuen. Hala, ontzi multzo deszentralizatuetan nabigatzen ari dira, ontzi bakar baten harrapaketak gainerakoei eragin ez dezan. Estrategia horren baitan, Flotillaren ideia paraleloan nabigatzea da, hamahiru taldetan banatuta eta Gazako kostaldearen parean lerro batean hedatuta, Israelgo armadako ontziei atzemate operazioa zailtzeko.

Bahitutako euskaldunen mezua

Zazpi euskal herritar ari dira Global Sumud Flotillan parte hartzen itsasotik, eta bi gutxienez bahitu dituzte soldadu sionistek. Israelgo armada beren itsasontzia abordatu baino lehen mezuak bidali dituzte José Javier Oses Carrasco Jotas eta Karim El Khamlichi Mohamed-ek. Global Sumud Euskal Herritik ARGIAri baieztatu diote atxilotuak izan direla jada, eta haiekin kontaktua galdu dutela.

Palestinako espetxeetan “10.000 preso” daudela gogoratu du Jotasek, eta Israelek heriotza zigorra legeztatu duela berriki: “Gure atxiloketak baliatu behar ditugu egoera hori salatzeko”. Kalean mobilizatzera deitu du, “determinazio handiagoarekin” eta “Palestinaren eta herri guztien eskubideak defendatzera”.

Flotillari berriz ere eraso eginez Israelek bere inpunitatea agerian uzten duela salatu du Jotasek, eta horrekin amaitu beharra azpimarratu: “Kalean erakutsi behar diegu inpunitate hori amaitu zaiela. Bereziki gure herrian sionismoaren konplize diren horiei erakutsi behar diegu gure herrian ez dutela lekurik”. El Khamlichik azpimarratu du berriz ere nazioarteko uretan egiten ari dela eraso Israel: “Hor datoz egiazko terroristak, ez dute nazioarteko legedia ere errespetatzen”.

Mobilizazioak herriz herri

Global Sumud Euskal Herriak mobilizazioak antolatu ditu astelehen arratsalderako, 19:00etan, Begi guztiak Palestinan. Flotilla ez da ukitzen lelopean. Informazio hau osatzeko orduan hauek dira publiko egin diren deialdiak: Urruñan, plaza nagusian; Sakanan, Altsasuko Udaletxearen aurrean; Gasteizen Artium museoaren plazan; Gorbeialdean Izarrako Plaza Berrian; Donostian Kontxako hondartzan; Iruñean Merindades plazan; eta Bilbon Arenalean.

 

Contactar con La Haine

 

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal