lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 20/04/2024

Asier Herranzeri (Jazarritako Athleticen bazkidea) elkarizketa:

Kepa Ugarte Martiarena
“Futbola eta politika ez nahasteko esaten diguten bitartean, San Mames ukrainar erregimenaren banderarekin argiztatu dute”

Apirilaren 11n Asier Herranz athleticzale algortarra eta Euskal Herria-Donbass Komiteko kidea epaitu zuten, 2022ko urrian Athletic Club eta Athletico Madrilen arteko partidan Donetskeko Herri Errepublikako bandera erakusteagatik, San Mames futbol-zelaian. Bada, atzo ezagutzera eman zen sententziaren arabera, zaletu zurigorria absolbitu egin du epaileak. Gauzak horrela, ez du ordaindu behar izango Donetskeko bandera erakusteagatik eskatzen zioten 3.001 euroko isuna. Ertzaintzak berak ordaindu beharko ditu epaiketaren kostuak.

Hala ere, Herranzek Sare Antifaxistari gogoratu dionez, berari eta beste dozena bat laguni, futbol-zelaietara bi urtez sartzeko debekua ere ezarri zieten, Pablo Gonzalez kazetariaren aldeko pankartak ateratzeagatik. “Isuntzat jo daitekeen 800 euroko ordainketa”, kuota ordaintzen segi behar dutelako Athleticen bazkide izaten jarraitzeko.

Gertaera horiek guztiak "kanpaina errusofobo izugarri batean" daude oinarrituta, algortarraren ustez, Ukrainako banderak futbol-zelaietara sartzea ez baitago arazorik.

Kepa Ugarte Martiarena / Algorta (Getxo)

- Zer iritzi daukazu jakinarazi berri dizuten sententziari buruz?

Zapore gazi-gozoa utzi dit sententziak, epaileak ez duelako arazoaren muinera joan nahi izan eta dagoeneko zigorra betearazi egin didatelako.

Alde batetik, nahiz eta 3.001 euroko isuna eta kostuak ordaindu behar izango ez ditudan, sei hilabetetan (Gobernu Vascongadoak nire abokatuaren azken helegitea atzera bota zuenetik) ezin izan dut kirol-esparru batera sartu, eta aurreko denboralditik ez dut San Mames zapaltzerik izan. Are gehiago, ezin izan dut Algortako, nire herriko, kiroldegiko liburutegira ikastera joan, hori “kirol-esparrua” ere izanik, 60.000 euroko isuna ezarri ahal didatelako ipinitako debekua ez betetzeagatik.

Bestetik, epaileak ez du sartu nahi izan adierazpen askatasunaren inguruko eztabaidan, eta sententzian nire aurkako probarik ez dagoela esatera eta urteak direla Donetskeko Herri Errepublikaren bandera San Mamesera arazorik gabe sartu zela adieraztera baino ez da mugatu.

Azken hau ulertzea berebizikoa da. Izan ere, nahiz eta nik etengabe aldarrikatu dudan Donetskeko Herri Errepublikaren bandera zeramana ni nintzela, ez naute horren harira epaitu nahi izan.

- Zergatik uste duzu ez dutela hori epaitu gura izan?

Epaileen gehiengoak beldur dio Pandorako Kutxa hori irekitzeari. Izan ere, presio asko dituzte Espainiar Polizia Vascongadoaren egitura errepresiboaren eraginez. Demagun, zuk pertsona bat hil duzula aitortzen duzun arren, ez zaituztela epaitu nahi zuk hilotz parean zaudela eta eskuan labana odolez blai baduzu ere. Zergatik? Ez dituztelako probak (bideo-grabazioak) aurkeztu nahi.

Era horretan, epaiketetan bideoen grabazioak aurkeztekotan (ez bakarrik San Mamesekoak; Mendizorrotzakoak, Sadarrekoak eta Anoetakoak ere bai) euren azkena izango litzatekeela badakite. Euren enegarren muntaia poliziala abian jarri nahi izanez gero, kaltegarri suertatuko litzaieke horrelako aurrekaria ezartzea. Hain zuzen ere, horregatik ez dute grabaziorik erakutsi nahi. Hori eginez gero, ordutik aurrera beti grabazioak exijituko litzaizkielako eta horrek eurek esandako hamaika gezur agerian utziko lituzke

- Zurea ez da izan San Mameseko harmailetan jasandako jazarpen-kasu bakarra. Uste al duzu gainontzekoak konpontzeko aurrekari bihur daitekeela zurea?

Hau uneoro gertatu da 2024an egon diren Athleticen bazkideen aurkako epaiketetan; besteak beste, amnistiaren aldeko bandera erakustean zein, ni babestu nahian, “Gutako bat ukitzen badute denok ukitzen” esan zuten kideei hertsapenak eta mehatxuak leporatzean. Justizia burgesak ezin izan du eromen polizial hau estali eta epaiketa guztiak irabazi ditugu Athleticen bazkideok. Ez dituzte grabazioak erakutsi nahi izan. Eta hori ez da despistea, ezta utzikeria ere, Espainiar Polizia Vascongadoak ongi diseinatutako plan neurtua baizik. Funtsean, helburua lortu dutelako, harmaila burugabetu eta bazkide asko kaleratuta egonda aldarrikapen sozialik egon ez dadin. Horretarako, azken bazkide-bilkuran, Jon Uriarte presidentearen zuzendaritza-batzordeak estatutuak aldatu ditu eta “politika” den edozer zehatu du San Mamesen. Ukrainako bandera eramatea, Frente Atlético duela hilabete agur nazia San Mamésen egitea edota Ikurrina bera eramatea ez da “politika”. Uriarteren zuzendaritza-batzordeak modu autoritarioan inposatzen duen irizpidea da.

- Aurreko jazarpen kasuak eta oraingo sententzia ikusita zeinen teilatuan dago orain pilota? Athleticenean? Eusko Jaurlaritzarenean?

Bietan, bai Athleticenean, bai Gobernu Vascongadoarenean. Izan ere, Jon Uriartek eta bere zuzendaritza-batzordeak kanpoan nahi gaituzte. Hori dela eta, dozena bat bazkide bi urtez kaleratu gaituzte San Mamesetik. Ezin izan dugu sartu iazko maiatzetik, Pablo González nire lagunari bera atxilotua izan eta astebetera bere askatasuna eskatzen zuen pankartak eraman genituelako Herri Harmailara. Hain zuzen ere, 800 euroko isuna inposatu digute, kuota ordaintzen segi behar dugulako bazkide izaten jarraitzeko. Baina, ezin dugu gure bazkide-txartelarekin futbol-zelaira sartu. Ezin izan dugu Cartujan ez beste inon ere egon gure Athletic ikusten.

Aitor Elizegiren legegintzaldian atera genituen Pablo Gonzálezen aldeko pankartak (Josep Pedrerol, Juan Mari Aburto eta enparauek gure aurkako kanpaina errusofoboa egin zuten); eta handik urtebete baino gehiagora, bat-batean eskutitza bidali zigun Jon Uriarteren zuzendaritza inkisitorialak, barne-espedientea irekiko zitzaigula esanez. Beraz, Uriarteren zuzendaritza-batzordea Macua, Urrutia eta Elizegirena baino askoz errepresiboagoa da.

Pablo nire adiskidea da aspaldi eta bera poloniar espetxe batean torturapean daukate, Oihana neskalaguna eta bere hiru semeak ezin ikusiz. La Sextarentzat lan egiten ari zela atxilotu zutenean, gainean Athleticen bazkide-txartela eta Laboral Kutxakoa zeramatzan bakarrik. Jon Uriartek, ordea, Pablo gogoan izatetik urrun, haren aldeko ekimenak gogor zigortzen ditu. Ni baino egoera txarragoa bizi duten bazkideak badaude, betirako kaleratu dituzte eta.

Jakina, Gazan urritik erail dituzten 34.000 palestinarrengatik ez da ezertxo ere egin San Mamésen (Eibarren zale bati Espainiar Polizia Vascongadoak palestinar bandera nola kendu zion ikusteko aukera izan dugu askok; isuna ipini zioten). Alabaina, Iván Illarramendi kolono sionistagatik isiltasun-minutua inposatu digu San Mamesen Uriarteren batzordeak. Are gehiago, “Hamasek eraildako bilbotarra” zela adierazi zuen klubak, nahiz eta demostratu den Israeleko Armadak erail zuela Iván, bere gorpua kiskali zuelarik Apache helikoptero eta Merkava tankeekin. Baina berdin dio. Ergeltzat hartzen gaituzte eta “stablishment” osoan ez dute nahi euskal langileok geopolitikan ezer zalantzan jar dezagun NATOren diktadura honetan.

- Ze pausu eman beharko lirateke San Mameseko harmailetan jazarpena saihesteko?

Hortzak erakutsi behar ditugu, kolektiboki antolatuz eta erresistentzia-kutxak eratzen jarraituz. Jon Uriarte neoliberalak nahi duena San Mamesen dena “unga-unga” eta “futbol, futbol” izan dadila da. Ahaztu arazi nahi digute kirola oro har, eta futbola bereziki, langile-klasearena dela eta negozio bilakatu den futbol moderno errepresiboa arrapaladan aplikatzen hasi dira. Laburbilduz, San Mames alboko supermerkatuko langileak greban badaude, San Mamesen haien aldeko aldarri edo pankartarik egon ez dadin nahi dute. Edo Tubacex, Lointek edo Mecanerreko beharginak greban egonda, ezin adieraztea Euskal Herri Langilearen egonezina eta kezkak futbol-zelaian. Panes et Circenses.

Izan ere, haiek “futbola eta politika ez nahasteko” esaten diguten bitartean, San Mames ukrainar erregimenaren banderarekin argiztatu dute. Edo Zelenskiren erregimenaren bandera jartzen dute uneoro telebistan, neurketen markagailuarekin batera, Urkullu, Aburto eta enparauekin argazkietan ateratzen dituztelarik. Noski, ukrainar erregimenaren bandera San Mamesen eraman duen jendea lasai asko egon da.

Orobat, Athleticen bazkideak babestu eta hortzak atera beharrean, Uriarteren zuzendaritza koldarrak Huescan Fuerza Nuevako arduradun zen eta gaur Vox bozkatzen duela publikoki dioen Javier Tebasen ligaren aurrean burua makurtzen ari da eta dagoeneko hamaika abesti herrikoi kantatzea debekatu du. Kritika zuzena merezi dute tamalez botata utzi eta zeharo saldu gaituzten zuzendaritza-batzordean dauden EH Bildu eta Podemos inguruko agintari “aurrerakoiek”. Zigortutako bazkideak haiek traizionatuak sentitzen dira. Tebas ultraeskuindarrarekin uso, etxeko athleticzaleekin otso.

Azkenik, zaleon artean nazioarteko narratiba ezagutzeko deia egiten dut, ez delako zilegi “El Correo”, “Deia”, Cadena SER eta gainontzeko prentsa NATOzalearen aurrean gure burua ezin merkeago saltzea, 2018ko otsailean Moskuko Spartaken aurka jokatu genuenean bezala. Hona etorri ziren zaletu asko komunistak ziren eta SESBen banderak zein Lenin eta Stalinen tatuaiak zituzten. Eta hemengo prentsak horren kontura haien inguruan bota zituen gezurrekin saminduta joan ziren. Hortaz, kontuz ibili behar dugu abertzalea den norbait datorrenean (Partizaneko Grobari etorri zenean, esaterako) berehala “neonazi” etiketa ez jartzeko; Vocento edo PRISA taldeen amarruan erortzen ibiliko garelako, brotxa lodiko irakurketa antzuak eginez, analisi kritiko eta xehea aplikatu gabe.

https://sareantifaxista.blogspot.com/2024/04/asier-herranz-jazarritako-athleticen.html

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal