Aske geratu da Julen Atxurra Egurrola euskal preso politikoa, 30 urte kartzelan pasatu ostean

Julian Atxurra Egurola euskal preso politikoa, “Pototo” izenez ezaguna, atzo aske geratu zen Arabako Zaballako espetxetik, bertan betetzen ari zen 88 urteko espetxe zigorra (gehienez 30 urteko mugarekin). Hasiera batean, bere askatasuna 2034rako aurreikusita zegoen. 1996an Frantzian atxilotu zuten eta han zortzi urte eman zituen kartzelan. Denbora hori kontuan hartuta, eta Espainiako Gobernuak bultzatutako 7/2014 Lege Organikoaren aldaketari esker —Europar Batasuneko ebazpen penalak elkartrukatzeari buruzkoa—, bere zigorra laburtu egin da. Puerto Ien, Aranjuezen zein Kantabrian egon da preso azken urteetan, eta 2022an Euskal Herrira lekualdatu zuten.
Azkenaldian, Pototok hainbat borrokatan parte hartu du espetxean. 2024an, Zaballako euskal preso politiko batzuek lokutorio-greba abiatu zuten, komunikazio-eskubideen urraketak salatzeko eta hondatuta zeuden lokutorio guztiak konpontzea exijitzeko. Atxurra greba horretan parte hartu zuten presoetako bat izan zen. Urte berean, hainbat preso politikok espetxeko salbuespen-neurriak salatu zituzten, Eusko Jaurlaritzak harreman eta komunikazio batzuk eteteko osatutako “zerrenda beltz” baten berri emanez; kasu hartan ere, Pototo izan zen salaketa egin zutenetako bat. Halaber, azken garaian elkartasun-dinamika ugaritan parte hartu du: 2023ko urritik hona, Palestinaren askatasuna aldarrikatzeko eta konplizitate sionista salatzeko mobilizazioekin bat egin du. Era berean, Maria Jose Baños preso politikoaren aldeko borrokara batu da, baraualdiak eginez eta haren askatasuna aldarrikatuz, besteak beste.
ETAren amaieratik 15 urte igaro diren honetan, 115 euskal preso politikok jarraitzen dute gatibu
2026. urtean, 115 euskal preso politiko inguruk jarraitzen dute atxilo. Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) 100 presoak, eta arrazoi politikoengatik edo bestelakoengatik kolektiboaren parte ez diren beste hamabost bat kide(Naizek jaso duenez) hartzen dira kontuan zenbaketa horretan.
Erregimen itxian hainbat kide daudela ohartarazi du Etxeratek: Frantziako Estatuan bat, Martutenen 38, Zaballan 25 eta Basaurin lau. Beste 30, berriz, erregimen irekian dabiltza. Horietaz gain, hiru kide daude Kuba, Cabo Verde eta Venezuela artean deportatuta eta hamalau erbestean, Auzitegi Nazionalak etxera itzultzea eragotzita.







