Gaur epaituko dituzte U14ko lau kide, Ezpeletan egin zuten manifestazioan parte hartzeagatik
Bost urte beteko dituen kolektiboak 14 aldiz atxiloketak jasan behar izan ditu. Epaituak izango diren pertsonei babesa emateko 13:12etarako Baionako auzitegira bertaratzera deitu dute.
Gaur, ekainaren 2an, Baionako auzitegian epaituko dituzte U-14 kolektiboko lau militante, pasa den urteko uztailaren 14an Ezpeletan egin zuten manifestazioaren ondorioz. Frantziar besta egun nazionalaren harira, Uztailak 14 kolektiboak deiturik manifestazioa egin zuten egun horretan Ezpeletan. Gazteek, asimilazioaren eta kapitalismoaren aurrean, herriaren indarra erakusteko xedea agertu zuten.
Urtarril hasieran atxilotu zituzten lau militanteak, Larresoron eta Hendaian (Lapurdi) egin zituen bi operaziotan. "Heriotza-mehatxuak edo kalte mehatxuak, deklaratu gabeko manifestazioaren antolatzea, poliziaren kontrako probokazioa, aurpegia gordetzea identifikatua izan ez zitezen eta polizia laidoztatzea" leporatu zien Baionako prokuradoreak gaztei.
Behin baino gehiagotan egin dute U-14 kolektiboaren aurka. Bost urte beteko dituen kolektiboko militanteek hamalau aldiz atxiloketak jasan behar izan dituzte, baita horrekin heldu diren auziak, milaka euroko isunak eta lan bortxatuak. Epaituak izango diren pertsonei babesa emateko 13:12etarako Baionako auzitegira bertaratzera deitu dute.







