lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 15/07/2025

U14 kolektiboak Euskal Herriak pairatzen duen zapalkuntza eta asimilazioa salatu du

La Haine - Euskal Herria
Kolektiboak Ezpelatako kaleak hartu ditu Frantziako festa nazionalaren kontra.

Atzo, uztailak 14, ehunka lagunek manifestazioa burutu zuten Ezpeletan Frantziako festa nazionalaren aurka. Manifestariek "frantses eta espainiar okupazioaren parean Euskal Herria askatu" zioen pankarta zeramaten eta ibilbidean zehar "Hau ez da frantzia, Euskal Herria da", "Independentzia, Sozialismoa" eta "Euskal Herria ez dago salgai!" bezalako oihuak entzun ziren, besteak beste. Bestalde, mobilizazioan zehar hainbat pankarta jarri ziren, Euskal Herriaren askatasunaren aldeko mezuekin eta iraultzaren antolakuntzara deituz. Pankarta horietako bat Jendarmeriako komisarian jarri zuten eta bertan "zakurrak ACABatu" irakur zitekeen.

Manifestazioaren amaieran, U14 kolektiboko bi kideek hitza hartu zuten, esandakoaren arabera manifestaziorako aukeratutako lekua ez da kasualitatea izan, izan ere, "maiz kostaldearekin lotzen ditugun problematika hauek hemen ere agertzen dira". Bide horretan, uda garaian hain ohikoa diren “masa turismoa” eta “euskal kulturaren merkantilizazioa” gaitzetsi zituzten. Ondoren, Uztailaren 14a borroka eguna dela adierazi zuten eta Frantziako Estatu “terroristaren” jarrera zapaltzaileak salatu zituzten: “Bidasoko muga pasatzean hil diren migranteak, Ipar Euskal Herriak pairatzen duen asimilazio kulturala, turistifikazioaren gorakada geldiezina, euskararen egoera, langile klasearen prekarizazioa…”.

U14 kolektiboaren arabera, Frantziako festa nazionalak ez ditu ordezkatzen eta honek Frantziako naziotasunaren azkartzea dakar berekin. Beraz, Euskal Herriaren nazio zapalkuntza elikatzen du. Naziotasun sentimenduaz gain, Frantziako Estatuak bere ideologia kapitalista ere asimilarazi nahi duela esan dute, eta salatu dute sistema horren kontra oldartzen den edonori “errepresio bortitzaren” bitartez erantzuten diotela. Horrela gertatu zitzaien U14ko bost kideri iazko urrian. Haien iritziz, kasu horiek ez dira isolatuak; horregatik, “guk ere modu kolektiboan antolatu eta erantzun behar dugula sinesten dugu, betiere gure bide politikoa instituzioetatik kanpo ulertuta”. Horrekin batera, amnistia osoaren aldarrikapena ere egin zuten.

Ondoren, nazioarteko egoerari buruz hausnartu zuten, Euskal Herriaren egoera ez dela salbuespena esanez: “Munduan, begi bistakoa da langileriaren prekarizazioa, faxismoaren gorakada eta estatu inperialisten armatzeak gora doazela etengabean”. Era berean, salatu zuten Israeleko Estatuari ez zaiola auzirik egiten, eta Frantziako Estatu zapaltzaileak Kaledonia Berriarekin duen jarrera koloniala ere horren adibide argia dela adierazi zuten.

Bukatzeko, “Frantziako Estatua estatu terrorista denez, eta burgesiaren interesen alde edozer egiteko prest denez”, antolatzera eta karrikak hartzera deitu zuten. Betiere “Euskal Herriaren askapena iparrorratz” izanda.

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal