U14 Kolektiboko lau kide atxilotu dituzte

Jendarmeriak U14 Kolektiboko lau kide eraman ditu atxilo gaur goizean, lehen orduan. Oraingoz jakin ahal izan dutenagatik, Larresoron eta Hendaian izan dira atxiloketak eta uztailaren 14an mugimendu horrek Ezpeletan egin zuen manfestazioan parte hartzeagatik atxilotu lituzke Frantziako poliziak. Egun horretan, Kolektiboak Ezpelatako kaleak hartu zituen Frantziako festa nazionalaren kontra, eta Euskal Herriak pairatzen duen zapalkuntza eta asimilazioa salatu zuten. Masa turismoa eta euskal kulturaren merkantilizazioa ere gaitzetsi zuten.
Ez da U14 Kolektiboak atxiloketak jasaten dituen aurreneko aldia; ez eta bere jardun politikoagatik jopuntuan jartzen duten lehen aldia ere. 2024ko martxoan sei gazte atxilotu zituzten Lapurdin. Urrian epaitu zituzten, eta gibelapenezko kartzela zigorra ezarri zieten. Ezpeletako manifestazioan auzi hori ere salatu zuten: "gure inguruko hainbat mugimendu iraultzailek eta herri mugimenduk jasaten dute errepresio egituratua gaur egun...Gure iritziz, kasu horiek ez dira isolatuak; horregatik, guk ere modu kolektiboan antolatu eta erantzun behar dugula sinesten dugu, betiere gure bide politikoa instituzioetatik kanpo ulertuta". Horrekin batera, amnistia osoaren aldarrikapena ere egin zuten.
Atxiloketak salatzeko elkarretaratzea eginen dute astearte honetan, 13:00etan Kanboko komisaldegiaren aitzinean.







