lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 12/12/2024

Auzo guztietako haur eskoletan euskarazko murgiltze eredua bermatzea eskatu diote Iruñeako Udalari

Agentziak/La Haine
Eskola bakarrean ezarria dago euskarazko eredua Iruñean eta euskaltzaleek salatu dutenez, egoera “UPNren garaian baino okerragoa” da.

Atzo Iruñeko Euskalgintza plataforman bildutako eragileak protesta egin zuten Alde Zaharrean. Sarasate pasealekuan abiatu zen manifestazioa, eta Udaletxe plazan bukatu. Han, plataformako kideek adierazi zuten euskarazko irakaskuntzak eta zerbitzuek neurri bereziak behar dituztela, eta udalak baliabide egokiak jarri beharko lituzkeela, euskarazko murgiltze eredua zabaltzeko.

Iruñean gurasoek traba handiak dituzte seme-alabak euskara hutsezko haur eskoletan matrikulatzeko —eskola bakarrean ezarria dago murgiltze eredua—, eta eskaintza auzo guztietara zabaltzea galdegin diote udalari, behin baino gehiagotan.Egungo udal gobernuak(EH Bildu) ia urtebete darama agintean, baina Iruñeko Euskalgintza plataforman bildutako eragileek ez dute aurrerabiderik sumatu. Izan ere, salatu izan dute egoera “UPNren garaian baino okerragoa” dela.

Plataformako kideek adierazi zuten udalak “baliabide egokiak” jarri beharko lituzkeela, euskarazko murgiltze eredua zabaltzeko eta ondorioz euskaldunak erdaldunen baldintza berberak izan ahal izateko. Hori dela eta, Iruñeko Udalari galdegin diote hiru helburu bete ditzala. Bat, “euskara sustatzeko benetako ekintzak gauzatzea, berau babesteko asmoz”; bi, “euskara maila guztietan irakasteko eta ikertzeko baliabideak eskaintzea”; eta hiru, “euskaraz ez dakitenek ikasi ahal izateko baliabideak jartzea”. Helburu horiek lortzeko, euskarazko irakaskuntzak “sustapen eta ekitate” neurriak behar dituela nabarmendu dute plataformako kideek eta horregatik uste dute justiziazkoa dela haur eskolak euskalduntzeko neurriak hartzea, ikastetxe horiek ezinbesteko zutabe baitira “Iruñeko etorkizuneko herritarrak euskaraz ere bizi ahalko direla bermatzeko”.

Plataformako ordezkariek berretsi zuten ez dutela aparteko abantailarik eskatzen, baizik eta “beren seme-alabak euskaraz ikastea nahi duten familien baldintzak ez daitezela izan hizkuntza hegemonikoetan ikasten dutenenak baino okerragoak”. Bukatzeko, “Iruñea gobernatzen duten alderdi politikoek noiz arte legitimatuko dituzte gure hizkuntzaren aurkako gutxiespen neurriak eta jokabideak? Noiz arte izanen gara bigarren mailako herritar?” galdetu zuten.

(Irudia:Javier Bergasa)

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal