lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 25/11/2025

2025ean gutxienez sei emakume eta adin txikiko neska bat hil dira indarkeria matxistaren ondorioz

Leire Artola Arin
Hego Euskal Herriko erregistroen arabera, 7.600 salaketa baino gehiago jarri dituzte emakumeek indarkeria matxistagatik, eta erasotzaile gehienak bikotekideak edo bikotekide ohiak izan dira.

Azaroaren 25aren harira, indarkeria matxistari lotutako datu zaparrada areagotu egiten da. Zifrek erakusten dute zenbaterainokoa den jendarte matxistaren arazoa, baina zifra horien atzean izen-abizenak daude: Alicia (84 urte), Mercedes Bezunartea Valencia (78 urte), Mirentxu Arregi Blasco (74 urte), Yoanna Acedo Unanue (53 urte), Pilar Amaia (50 urte), Miriam Oliveira (36 urte), Jasmine Eva G. (13 urte). Euskal Herriko sei emakume horiek eta adin txikiko neska hori hil ditu aurten indarkeria matxistak, gizonen eskutik; zehazki, euren bikotekidea, bikotekide ohia, aita edo semea izan dira heriotza eragin dutenak. Gutxienez Euskal Herriko 131 emakume eta 13 ume hil ditu indarkeria matxistak 2003tik, Berriaren indarkeria matxistaren maparen arabera.

7.660 salaketa indarkeria matxistagatik. Horixe da Hego Euskal Herriko datua orain arteko zenbaketaren arabera. Ertzaintzak igandean eman ditu urtarriletik urrira bitarteko EAEko salaketen datuak, eta 5.975 delitu zenbatu ditu; horien atzean daude gutxienez 4.810 emakume, indarkeria jasan dutenak gizonen baten eskutik. Ertzaintzak jakinarazi du erasotzaile gehienak (4.303) bikotekideak edo bikotekide ohiak izan direla, aurreko urteetan bezala. Familia barruko bestelako erasoen kasuan, etxeko indarkeriaren 1.023 kasu erregistratu dira.

Nafarroari dagokionez, urtarrila eta iraila artean indarkeria matxistari lotutako 1.685 salaketa erregistratu dira, Berdintasunerako Nafarroako Institutuaren datuen arabera. EAEn bezala, erasoak egin dituzten gehienak bikotekideak edo bikotekide ohiak izan dira (1.248), eta familia barruko gainerakoak 129 salaketa izan dira.

Tratu txar fisikoak, irainak, laidoak, lesioak, mehatxuak, jazarpena... Askotariko indarkeria motak salatu dituzte emakumeek, eta aurreko urteko salaketa kopuru antzekoak erregistratu dira. Dena den, sexu askatasunaren aurka egindako erasoen salaketak %4,34 gehiago izan dira, Ertzaintzaren arabera, 649 delitu jaso baititu. Sexu erasoak izan dira gehienak (408), eta horietatik heren bat larriak izan dira (126).

166 gizon eskumuturrekoen kontrolpean

Ertzaintzak jakinarazi du emakumeen aurkako indarkerian espezializatutako unitate bat martxan jarri duela, sei emakumek osatua. Orain arte, indarkeria matxistagatik komisariara salaketa jartzera joan eta arta txarra eta berbiktimizazioa jasan dituztela salatu izan duten emakumeak eta eragileak ez dira gutxi izan; eta, unitate hau “indarkeria matxistako kasuen kudeaketa eta arreta hobetzeko koordinazioaz arduratzen da”, Ertzaintzak zabaldu duenez.

Salaketa egin ostean emakumea “arrisku handian” dagoela irizten badio Poliziak, segurtasun neurriak hartzen ditu. Ertzaintzak zabaldutako azken datuen arabera, besteak beste, egun 37 emakumek bizkartzain iraunkorra edo puntuala dute, eta 166 gizon lokalizatuta ditu Ertzaintzak eskumuturreko baten bidez, epailearen aginduz. Gogorarazi behar da eragile feministen kritiketako bat izan ohi dela urruntze agindua ez dela betearazten zenbaitetan, gizonek lortzen baitute aurrez salaketa jarri duen emakumea erasotzea, eta hilketa batzuk ere egoera horretan egiten baitituzte.

Indarkeria matxistak ez du etenik: batez beste 20 salaketa jartzen dira egunean Hego Euskal Herrian

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal