Ehundaka pertsona Euskararen alde mobilizatu dira Durangon
Atzo arratsaldean, Euskal Herrian Euskarazek deituta, Euskararen Errepublika aldarrikatu zuten ehunka lagunek Durangon. Manifestazioa Landako gunetik hasi egin zen, euri jasa handi baten azpian. Lehenago, manifestariek itzuli bat egin zuten Durangoko Azokako pasabideetatik, Euskal Herrian euskaraz eta Euskara ofiziala Euskal Herri osoan oihukatzen zuten bitartean, eta, gero, pankartaren atzetik atera ziren herriko erdigunera. Ezkurdi plazara iritsi ostean, alde zaharrera jo zuen manifestazioak. Ibilbide osoan, oihuak etengabeak izan ziren: “Euskal Herrian euskaraz; Independentzia; Hemen gaude euskararen alde; Euskararen errepublika; Hitzetatik ekintzetara; Intsumisioa” eta antzeko leloak oihukatu zituzten manifestariek. Santa Ana plazara iritsi zirenean, adar eta txalapartak entzun zien. Han irakurri zuten amaierako agiria.
Agiri honetan euskara “larrialdi linguistikoan” bizi dela salatu zuten, eta “oldarraldi edo erasoaldi judizial, politiko eta mediatikoa” areagotu egin dela azken bolada honetan nabarmendu zuten baita ere; “Euskararen biziberritze prozesua azken urteetan geldialdian egon ondoren, atzerakada arriskuak eta mehatxuak handitzen ari dira”. Baina EHEk gogorarazi du ez dela hori gertatzen den lehenengo aldia, eta euskara okerrago ere egon dela; adibidez, 1950eko hamarraldian, frankismoaren garairik beltzenean. “Hil ala biziko” egoera hartan, zenbait euskaldunek sinetsi zuten hura iraul zitekeela, eta “utopia propioak eta burujabeak irudikatzen eta errealitate bilakatzen” hasi ziren.
Ondoren ardura indibidualetatik harago, egiturazko arazoak nabarmendu nahi izan zuten: “Arazoa ez da euskaldunok euskaraz badakigula eta ez dugula erabili nahi. Euskaldunok, gure egunerokoan, aurkako norabidean doan korronte indartsu bati aurre egin behar diogu euskaraz bizitzeko ahalegin horretan”. Kultura globalizatuaren merkatuaren makurrak, hezkuntza sistemek ikasleak euskalduntzeko ezintasuna, euskara ikasteko oraindik ordaindu behar izatea eta lurraldearen alderdi askotan euskara ofiziala ez izatea aipatu zituzten kontrako korronte horren adibide gisa.
Bukatzeko, euskararen kontrako oldarraldiari aurre egiteko, “saretu, antolatu, borrokak piztu eta kaleak hartzeko” deia egin zuten eta bide horretan independentziaren eta Euskararen Errepublikaren beharra nabarmendu zuten, euskarak pairatzen duen “bigarren mailako estatusa” gainditu ahal izateko.
(Irudia:Euskal Herrian Euskaraz)