lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 13/05/2024

Frantziako Estatuak hezkuntza zein beste arloetan euskarari ezartzen dion blokeoa salatu dute

Berria/La Haine
Euskarazko irakaskuntza da Frantziako Estatuaren lurraldeetan diren hizkuntza gutxituetan haur gehien eskolatzen duen egitura, eta proportzioan instituzioetatik diru gutxien jasotzen duena ere bai.

Hezkuntza arloan hutsuneak ditu hizkuntza politikak: badu zazpi urte EEPk(Ipar Euskal Herria gobernatzen duten lau erakundeek osatzen dute EEP: Frantziako Estatuak, Akitania Berria eskualdeak, Pirinio Atlantikoetako Departamenduak eta Euskal Hirigune Elkargoak) ez duela emendatu Seaskari(Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioa) ematen dion diru laguntza, eta sare publikoan eta pribatuan euskara hutsean diharduten ikasgelak irekitzeko plana ere ez da betetzen ari. Horrez gain, Frantziako Estatuarekin lotzen duen hitzarmena orain dela bi urte iraungi zela ohartarazi du Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak.

Deigarriak dira azken urteetako datuak: Ipar Euskal Herriko sortze tasa apaltzen ari da: urtez urte gero eta haur gutxiago eskolatzen dira. Alta, Seaskako ikastoletako haurren kopurua goraka doa. «Etengabeko hazkundea izan dugu azken urteetan, eta hala espero dugu ondoko ikasturterako ere». Seaska da Frantziako Estatuaren meneko lurraldeetan diren hizkuntza gutxituetan haur gehien eskolatzen duen egitura, eta proportzioan instituzioetatik diru gutxien jasotzen duena ere bai; esaterako, Diwan eskolek Bretainiako instituzioetatik jasotzen duten baino sei aldiz gutxiago dute. «Garai batean, instituzio bakoitzarengana joaten ginen diru eskean; orain, erraten digute EEP dela bulego bakarra».

Beharrak badituzte, alta. Frantziako Hezkuntza Ministerioak ez ditu bermatzen Seaskak behar dituen irakasle postu guziak; behar bereziak dituzten ikasleekin aritzeko laguntzaileak ere behar dituzte, baita psikologoak eta arlo anitzetako langileak ere; ikastetxeen eraikuntzak eta horien mantentze lana segurtatu behar dira; horiek guziak Seaskak ordaindu behar izaten ditu. «Ikusi besterik ez da ikastolek astero zenbat gauza antolatzen duten bizirauteko», erran du Gorostiagak.

Sare publikoan eta pribatuan euskarazko irakaskuntza garatzearen alde mobilizatu da euskalgintza azken urteetan; Hiriburuko (Lapurdi) Baste Quieta eskolan euskara hutseko ikasgela irekitzeko mobilizazioa oroitarazi du Gorostiagak. «Baina EEP ez da betetzen ari ikasgela berriak irekitzeko plana». Gainera, erakundeek «murgiltze» gisa aurkezten dituzten horietan ikasgela barnera mugatzen da euskararen presentzia; lehen mailatik aitzina, oren parekotasunean oinarritzen den sail elebidunera pasatzen dira, Hego Euskal Herriko B ereduaren antzera. «Horrez gain, kolegioan euskara desagertzen ari da, eta lizeoetako erreformak ere kalte handia eragin du. Ondorioz, jendea guregana heldu da euskaraz ikasteko, baina guk ez dugu baliabiderik».

Horrez gain, bada bi urte Seaska Frantziako Estatuarekin lotzen duen hitzarmena iraungi zela, eta parean «ez dute indarrik egiten» berritzeko baldintzak izan daitezen. Azterketen gaia da desadostasun iturrietako bat. Azken urteetan, gibel egiteak ere izan dira, eta indar handiko borrokak egin behar izan dituzte. «Jadanik aski lan dugunean, beste lan bat ematen digute kolpe bat atzera eginez, horretan denbora gal dezagun eta gure hizkuntzaren garapenean lan egin ez dezagun». Hezkuntza Ministerioaren jarrera arbuiatu du Gorostiagak, eta gaitzetsi du EEP ez duela indarrik haren aitzinean. «Haurren euskalduntzearen pisu guzia gure bizkar emana da, baina ez digute horretarako baliabiderik ematen».

Gorostiagak «bidegurutzean» ikusten du Euskararen Erakunde Publikoa. «Duela hogei urte, EEP sortu zenean, apustua egin zen Frantziako Estatua mahaiaren inguruan jarrita negoziazioak erraztuko zirela. Horrek funtzionatu du hainbat urtetan, baina azken hamarkadan ikusi dugu blokeo batera iritsiak garela. Frantziako Estatuak ez badu kontzertaziorik nahi, eta bere aldetik hartzen baditu euskararen eta beste hizkuntzen kontrako erabakiak, beharbada zalantzan jarri beharko litzateke EEPren izaera bera». Iradoki du ea ez ote litzatekeen egin behar beste egitura bat estatua kanpo utzita, eta «estatuaren parean» jarrita. «Estatua EEPtik kanpo balitz, beharbada argiago geldituko litzateke gainerako instituzioen rola ere zein den, eta nork zer egiten duen gure hizkuntzaren alde edo kontra».

Ipar Euskal Herriko euskalgintzako eragileek egoera prekarioan

Hainbat eragile salatu dute baliabide falta, izan ere, Apiril hasieran hartu zuen erabakia EEPak; ez dute diru gehiago ezarriko euskararen aldeko hizkuntza politikarentzat. Era berean; prekario dabiltzala ere erran izan dute; Ipar Euskal Herriko hizkuntza politikaren pisu guzia haien bizkar utzia den heinean, aitzina segitzeko zailtasunak dituztela erran dute eragile nagusiek(Udaleku, Aek eta Konkolotx). 

Informazio iturria:Euskalgintza, aitzina segitu ezinik (berria.eus)

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal