lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 10/04/2024

Frantziako Hezkuntza Ministerioak ikasle euskaldunei biziaraziko dien diskriminazioa salatu dute

Berria/La Haine
Baxoa azterketa, erabakigarria dena goi mailako ikasketak egin nahi dituzten gazteentzat, frantsesez idatzi eta erran beharko dute eta brebeta azterketan lehen aldiz galderak frantsesez inposatu nahi diete

Seaskako lizeo eta kolegioetako 200 irakaslek protesta egin dute Baldintza horietan nik ez! eta Azterketak euskaraz! leloekin. Hizkuntza Kodeak arautzen duenez, bigarren zikloa amaitzerakoan «ezagupen maila neurtzea» xede duen Brevet (brebeta, euskaraz) azterketa pasatu behar dute ikasleek. Aurten kolegioetako ikasleek brebeta euskaraz egiten ahalko dute, baina salatu dute Frantziako Hezkuntza Ministerioak «lehen adiz galderak frantsesez inposatu» nahi dituela. «Horrek ikasle euskaldunak desabantailan ezartzen ditu frantsesez erantzungo duten ikasleekin konparatuz», salatu dutenez. Horrez gain, erran dute ikasleen baitan «urduritasuna» sortzen duela.

Bigarren hezkuntzaren bigarren zikloa hiru urtez luzatzen da. Lizeoan igaro den ziklo hori amaiturik, orduan bai, beraien ibilbide akademikoa dezente baldintzatu dezakeen beste azterketa bat, baccalauréat (bac edo baxoa euskaraz), gainditu beharko dute ikasleek. Proba hori gainditzea –selektibitatearekin bezala– erabakigarria da goi mailako ikasketak egin nahi dituzten gazteentzat. Baxoko azterketa iragan beharko duten Seaskako lizeotarrek, berriz, urteetan euskaraz ikasi dutena frantsesez idatzi eta erran beharko dute. Irakasleen arabera, ikasle «euskaldunak diskriminazio egoera batean kokatzen» ditu.

Azkenik, Nicole Belloubet Frantziako Hezkuntza ministroak Iñaki Etxaniz eta Max Brisson parlamentariei erantzun dienak Seaskakoen kexua piztu du. Azterketako galderak zergatik ez dituzten tokiko hizkuntzan idatzi nahi galdetutakoan, Belloubetek «beste aitzakia bat atzeman» duela salatu dute ikastoletako irakasleek. Ministroak erran duenez, «beste hizkuntzetara itzultzeak azterketaren konfidentzialtasuna arriskuan» ezarriko luke. Deitoragarri zaie irakasleei jarrera hori, ministroa «bere funtzionario itzultzaileen profesionaltasuna dudan ezartzera ere» iritsi delako.

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal