lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 05/12/2023

Frantziar Hezkuntza Ministerioa erabaki du Brebeta azterketan kontsignak frantses hutsean izatea

Kazeta.eus/La Haine
2023ko azterketan euskaraz izan ziren arren, 2024ean berriz ere frantseses izanen direla jakinarazi dute

Sei urteko borrokaren ondotik, 2023ko ekainean Seaskako ikasleek Brebeta euskaraz pasa zuten. Aitzitik, egoera ezberdina izanen da 2024ko ekainean. Izan ere, azaroaren 5 honetan, Seaskak salatu du azaroaren 20ko data duen agiri bat jaso duela frantziar Hezkuntza Ministeriotik. Hemendik goiti, Brebeta azterketako kontsignak frantses hutsean izanen direla jakinarazi die mezuak. Beraz, 2024ko azterketa euskaraz pasatzen ahalko dute ikasleek, baina galderak eta materialak frantsesez izanen dira.

Piarres Larzabal kolegioko zuzendari Eneko Irigoienek azaldu duenez, gibelera pauso bat da. «Iazko Brebetan gaiak osoki euskaraz ziren, salbu eranskin batzuk. Galdera zen horiek ere itzultzea eta kontrako erantzun bat ukan dugu. Ministerioan aitzinatzen dute kultura anitza badela eta hori goraipatzen dute, baina gero ez dute onartzen», salatu du.

Iban Thikopek, Bernat Etxepare lizeoko zuzendariak, «lotsagarria» atzeman du Ministerioaren jarrera. Izan ere, «urteetako borroken ondotik, Brebetako azterketa guziak euskaraz konposatu ahal izatea lortu zen iaz, hainbat eta hainbat mobilizazioei esker, eta gaur egun, orain astebete bidali diguten gutunean, erraten dute ohikoa den bezala galdera guziak frantsesez izanen direla».

Azken honek zehaztu duenez, badira urteak historia eta geografia euskaraz pasatzen direla. «Agian haien gainekoek [arduradunek] ez dute errealitatea ezagutzen», gehitu du. Edozein kasutan, hau «atzerapauso onartezina» dela berretsi du.

Bere ustez, traba bat baino gehiago, «eskubide urraketa larri bat da» frantziar Hezkuntza Ministerioaren erabaki hau. «Lan gehigarri bat suposatzen du, baina gure ikasleak ohituak dira, eleaniztunak baitira». Salatu du, baita ere, «ikasleen arteko ekitatearen izenean» hartu erabakia izatea. «Lotsagarria da hori, baina are lotsagarriagoa arrazoi gisa seguritatea aipatzea. Tokiko hizkuntzan egitea ez da seguritatearen kontra egitea», gehitu du.

Seaskako ordezkariek berretsi dute borrokatzen segituko dutela. «Borrokatzen ohituak gira. Korrikan ospatu eginen genuela uste genuen, baina berriz borroka bat izanen da. Ikasleen hizkuntza-eskubideak errespetatuak izan arte borrokan segituko dugu», borobildu du.

Egoera azaltzearekin batera, hiru dei egin dituzte gaur Seaskako ordezkariek. Batetik, mezu argia errektore eta ministroari: «ez sortu arazorik arazorik ez den tokian» eta «hitzak betetzea». Bestetik, tokiko hautetsiak deitu dituzte hizkuntza-eskubideak defendatzera. Herritarrei ere mezu bat helarazi nahi izan diete. Heldu den martxoren 24an Baionan bukatuko den Korrikak azterketak euskaraz izateko eskubidea aldarrikatuko duenez, herritarrei «Baionak gainezka egin dezan» luzatu diete deia.

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal