Gaur bi urte betetzen dira Pablo Gonzalez euskal kazetaria espetxeratu zutenetik
Errusiako armada Ukrainan sartu eta hurrengo egunetan, Ukrainaren eta Poloniaren arteko mugan zegoen Pablo Gonzalez euskal kazetaria, gerrak eragindako migrazio krisiaren berri emateko. Otsailaren 28an, Poloniako Barne Segurtasuneko Agentziako poliziek atxilotu egin zuten, Przemysl hirian, eta, handik gutxira, Poloniako justizia sistemak espetxera bidali zuen, Errusiaren aldeko espioitza egitea leporatuta. Bihar bi urte beteko dira Gonzalez atxilotu zutenetik, eta, denbora tarte horretan, espetxean egon da, haren kontrako frogarik ez dute aurkeztu, ez diote epaiketarik egin, eta horretarako datarik ere ez du ezarri auzia daraman auzitegiak.
Zortzi aldiz luzatu diote Gonzalezi behin-behineko espetxealdia; azkena, joan den otsailaren 16an. Hiru hilabetekoak izaten dira luzapenak, eta, beraz, datorren maiatzean erabaki beharko du berriro Lublingo Apelazio Auzitegiak Gonzalezen egoeraz. Kazetaria ia erabat inkomunikaturik dago Radom segurtasun handiko espetxean: ziegako kideekin baino ezin du hitz egin, halakoak egokitzen zaizkionean —tarte batzuetan bakarturik egon da ziegan—; telefonoz abokatuekin baino ezin du harremanik izan, eta debekaturik du familiarekin telefono edo Skype bidez hitz egitea; eta bi urte hauetan, senitartekoen bi bisita baino ez ditu izan; azkena, joan den ekainaren 16an.
Gonzalezen senide, lagun eta lankideek Free Pablo Gonzalez izeneko babes taldea osatu dute, haren egoeraren berri eman, eta Poloniako eta Espainiako gobernuei auziari irtenbide bat eman diezaiotela eskatzeko. Juan Teixeira kazetari eta argazkilaria da horren bozeramailea: «Pablo fisikoki ondo dago; eskutitzetan esaten digunez, gimnastika egiten aritzen da ziegan duen leku murritzean, baina elikadura arazoak ditu, ematen dioten janaria oso eskasa delako, eta azalean ere arazoak izan ditu. Hotz handia pasatzen du».
Teixeirak dioenez, gertukoentzat «amesgaiztoa» izaten ari da Gonzalezekin gertatutakoa: «Atxilotu zutenean, pentsatu nuen astebeteko kontua izango zela, gauzak argitu bitartean. Behin ere ez nuen pentsatu bi urte geroago horrela egongo ginela. Susmoak izatea edo ikertu nahi izatea ulergarria izan daiteke, baina guztiz onartezina da bere lana egiten ari zen herritar bat Europan bi urtez espetxean egotea haren kontrako akusazio formalik ere aurkeztu gabe. Hauxe berau Ipar Korean gertatu izan balitz, ikaragarrizko eskandalu politiko eta mediatikoa izango litzateke»
Albiste osoa:Bi urteko lokamutsa (berria.eus)