lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 08/02/2024

Gaur duela 40 urte Angel Gurmindo Stein eusko gudaria erail zuen GAL-ek

Joxerra Senar
Etxean zegoela hil zuten metrailetaz tiro eginda.

1950eko abenduaren 17an jaio zen Angel Gurmindo, Olatzagutian. Bi arrebaren neba zen: Maria Josefa urtebete zaharragoa, eta Belen sei urte gazteagoa. Eskolan ikasle ona zela gogoan du Juan Antonio Lasa lagunak: "Gu baino finagoa zen; gu bihurriagoak ginen". 10 urte zituen aita herriko harrobian lanean ari zela izotzarekin labaindu eta erori zenean. Bederatzi egun egin zituen larri, hil zen arte. Langile ohi baten seme gisa, Portland herriko zementu enpresa ezagunean hasi zen beharrean. 12 urte eta hamar hilabete baino ez zituen. Garai hartan, 13 urtetik gora hasi ohi ziren lanean: egunero lau orduko prestakuntza ikastaroa jasotzen zuten goizez, eta arratsaldean beste lau ordu norberak gogoko zuen atalean: "Angelek argiketari izatea atsegin zuen", dio Lasak. Lau urteko trebakuntzaren ostean, 16 urte betetzear zituela hasi zen lanaldi osoan beharrean, astelehenetik larunbatera. Lana gogorra izanagatik eta fabrikan hauts ugari egonagatik, giro bikaina izaten zela gogoan du Lasak. "Ez zen egungo multinazionala".

Lanetik kanpo, ehiztari amorratua zen Gurmindo. Kuadrillako lagunek pilotan aritzea gustuko zuten, eta hark Olatzagutitik gora doan bidea hartu eta Urbasan ehizatzea atsegin zuen. "Basurde ehizarekin itsutzen zen", gogoan du Lasak. Olatzagutia inguruetako zelaietan lakioz harrapatutako azeriekin edo ibaian arrantzatutako karramarroekin dirua lortu, eta harekin erosten zituen kartutxoak. Parrandazalea ere bazen. Lagunak Arabara joan ohi ziren maiz. "Araian zenituzten neskak, eta Agurainen, dantzalekua", oroitarazi dio Maria Josefa Gurmindo arrebak Lasari. Gogoan dute Araian gaua parrandan igaro ostean herrira itzultzeko motoa ostu zutenekoa, eta elurtea bota zuenekoa; trenean itzuli nahi izan zuten, baina zerbitzurik ez zen egun hartan, eta oinez egin behar izan zituzten etxerainoko hamabi kilometroak, gauez eta elurretan.

Angel Gurmindok beti euskaraz mintzatzeko esan ohi zion amari -Ergoiena bailarako Unanua herrikoa zuen-. Euskara hobetu nahian, herriko gau eskolan ere hasi zen. Ordurako, herriko gazte batzuk hasiak ziren "zerbait egiteko" gogoz. 20 urte inguru zituztela, gaizki prestatutako txoko bat hartu, eta denbora eman zuen toki hura atontzen. "Gaurko gaztetxe moduko bat zen. Handik atera zen, adibidez, lehen Olentzero", azaldu du Lasak. Han ikasi zuen txistua jotzen Angelek -"oraindik ere etxean gordea dugu", dio Maria Josefa arrebak-. Haatik, euskal kulturaren adierazpenak debekatuak ziren diktadura hartan euskal kutsuko elkarteek berehala polizien arreta bereganatzen zuten.

Lanean ere egoera aldrebesten ari zen: "Kategoriaz igo nahi zuen, baina nazkatuta zegoen ez zutelako igotzen. Matxura bat zenean, berriz, hari deitzen zioten gauez, eta batzuetan ez genien erantzuten edo ez zegoela esaten genien". Maria Josefak gogoan du nola behin enpresan langile bati zerbait larria gertatu zitzaiola: "Ez dut gogoan hil ote zen, baina norbaiti zerbait gertatu zitzaion. Anaiak egun batzuez ez zuen ezer jan". Handik gutxira, egun batez, askoren ezusterako, Angel Gurmindok enpresa utzi eta Eivissara (Balearrak) lan egitera alde egin zuen, bakarrik. Sant Antoni de Frutera herrian izan zen, zerbitzari lanetan. Neguan hilabete pare batez etorri zen Olatzagutira, baina gustura zegoen Eivissako hippy giroan.

Uharte hartan harrapatu zuen diktadurak deklaratutako salbuespen egoerak. 1975eko apirilaren hasieran, diktadurako segurtasun indarrek sarekada erraldoia abiatu zuten Euskal Herrian. Apirilaren 29an, Olatzagutiko kultur etxe haren lau sustatzaileak atzeman zituzten, Angel Gurmindo barne. Familiak ez zekien ezer: "Ez ziguten ezer esan". Poliziek Eivissatik zuzenean Bilboko La Salve polizia etxera eraman zuten. Han, atxilotutako beste olatzagutiarrak Gurmindok abestu ohi zuen abestia aditzean jabetu ziren hura ere atxilotu zutela, eta sendiari abisatu zioten. "Amak berarekin egon ahal izan zuenean Angelek galdetu zion ea etxean izan al ziren miatzen. Ez ziren egon, baina guardia zibilek hori esan zioten", dio arrebak. 11 egun eman zituen polizia etxean, eta beste 35 egun espetxean. Olatzagutira itzuli zen, baina Franco hil berritan, herrian "gero eta jende arraroagoa" agertzen hasia zela ikusita, alde egitea erabaki zuen. "Amak animatu zuen. Amak asko zekien, eta harreman ona zuen harekin". 1975eko abendua zen, eta ez zen berriro Olatzagutira itzuliko.

Muga zeharkatuta, ETAk garai hartan jasandako hausturaren aurrean, ETApm-ren alde egin zuen Gurmindok, baina 1978an, Komando Berezietako gainerako kideen modura, ETA militarrera pasa zen. 1977an, Miguel Angel Apalategi Apala-rekin batera atxilotu zuen Frantziako Poliziak, baina handik gutxira aske utzi zuten. 1981eko maiatzean, berriz, bigarren aldiz atzeman eta Baionako polizia etxera eraman zuten. Euskadi eta Askatasuna liburu sortak (Txalaparta, 1994) espetxetik amari igorritako gutunaren pasarte bat jaso du: "Munduko pertsonarik zorigaitzenetako sentitzen naiz [...]. Preso politiko guztiak gose greban ziren ni heldu nintzenerako, eta neronek ere bat egin nuen haiekin. Fresnesko ospitalera eraman gintuzten gero. Hamahiru bat kilo galdu ditut, 63-64 kilotan gelditu naiz, baina aurrerantzean berreskuratuko ditut [...]. Bueno, ama, konturatuko zara semeok arazoak besterik ez dizugula ematen. Izorratuta egongo nintzela uste nuen, baina 22 egun baraurik eginda ere, indartsu sentitzen naiz".

1981eko azaroan, Naoned (Nantes) hiritik gertu den Yeu uhartera konfinatu zuten, beste zenbait euskal errefuxiaturekin batera. Hala, autobusa hartu eta Maria Josefa Gurmindok amarekin bidaiatu zuen anaia bisitatzera. "Ontzian pasa ginen Yeura, eta berarekin izan ginen egun osoan; gero, etxera itzuli ginen. Amarentzat handia zen hura, eta niri beti egiten zidan txantxaren bat". Denbora gutxi izan zen Yeun, eta handik Iparraldera itzuli zen. Arrebak gogoratzen du ahal zutenetan biltzen zirela harekin eta beti agertzen zela alai. Hala ere, denborak aurrera egin ahala, segurtasun neurri gero eta handiagoak hartu behar izaten zituzten.

Lasa eta Zabalaren desagerpenarekin eta Ramon Oñederraren hilketarekin, egoera errotik aldatu zen 1984 hasieran. Urtarrilean, Baionako katedraletik kanporatuak izan ziren 30 euskal errefuxiatuk itxialdi eta baraualdiari ekin zioten Arbonako parrokian; otsailaren 8an, horietarik batzuk ospitalera eraman zituzten. Goiz hartan, Bixente Perurena errefuxiatua laguntza eske joan zitzaion Gurmindori, eta behin baino gehiagotan inguruetan ikusitako Bilboko matrikuladun Seat Supermirafiori arraro baten berri ematera joan ziren Frantziako polizien etxera. Arratsaldean, berriro autoa hartzera zihoazela, metrailetaz tirokatu zituzten. Hilketa izan eta berehala, 60 bat euskal errefuxiatuk babes gabezia eta polizien pasibotasuna salatu zuten. 08:45ean, epaileak gorpuak altxatu zituen. Frantziako Gobernuak, berriz, mugak itxi zituen, eta inguruetako eskuin muturreko pertsonak galdekatu zituen, hiltzaileak etxean hartu ote zituzten argitu nahirik.

Familiak gau hartako albistegian izan zuen hilketaren berri: "Gauez joan ginen Hendaiara, hemengo zinegotziekin, eta Donibane Lohizuneko hotel batean pasa genuen gaua. Tramite guztia egin behar izan nuen, paperak eta errausketa. Gero, ama eta Belen ahizpa etorri ziren. Amarentzat oso kolpe gogorra izan zen". Biharamunean, GALek aldarrikatu zuen hilketa Bilbon Herri Irratira deituta, eta Hendaian milaka lagun manifestatu ziren. Mugak itxi egin ziren, eta poliziek negar gasarekin erantzun zieten manifestariei. Hego Euskal Herrian ere protesta ugari izan ziren, eta Herri Batasunak greba orokorrera deitu zuen otsailaren 10ean. Olatzagutian poliziek Gurmindoren etxeari eraso zioten: "Ke pote bat bota zuten, eta nire alaba ganbarara igo behar izan zuten arnasa hartzeko arazoak zituelako".

Maria Josefa Gurmindo errautsekin itzuli zen, eta, anaiaren nahia betez, hark hainbeste maite zituen Urbasako larreetan barreiatu zituzten. Geroztik, ia 30 urte pasa dira. Hilketaren ikerketa Oñederra auziaren barruan sartu zuen Baltasar Garzon epaileak, eta instrukzioa amaitutakoan, 2002an, Enrique Dorado eta Felipe Leal guardia zibilak auzipetu zituen, "nagusien aginduak betez hilketa terroristak egitea" egotzita. Inputazioa kendu egin zien, besteak beste, Enrique Rodriguez Galindo Guardia Zibilen jeneral ohiari, Andres Casinello Guardia Zibilen Estatu Nagusiko buru ohiari eta Emilio Alonso Manglano CESIDeko buru ohiari. Urtebetera, 2003an, Auzitegi Nazionalak auzi osoa artxibatu zuen. Horregatik, Maria Josefa Gurmindo arrebak ez ditu ezagutu nahi 1984ko otsailaren 8 hartako xehetasunak. "Ez dut jakin nahi. Batzuetan gogoratzen zara eta besteetan ez, baina nahiago dut jada ez atera gaia amagatik, edozer gauzagatik emozionatu egiten baita". Ignazia Lizarraga amak 93 urte ditu, eta oraindik ere buruan ondo gordeak ditu oroitzapenak. Hilketaren inguruko inguruko auzi judiziala ezerezean bukatzeak min handiagoa eragin die, eta, horregatik, Maria Josefak orain nahiago du amari bakea ematea, hura babestea.

GAL 30 URTE - Hildakoak | Berria.eus

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal