Gaur duela hamalau urte Ertzaintzak Iñigo Cabacas erail zuen
Ertzaintzak bortizki kargatu zuen Athleticeko zaleen aurka, eta pilota batek Iñigo Cabacas jo zuen buruan. Horren ondorioz, handik lau egunera hil egin zen.
Duela hamalau urte Athletic Europa Ligan zegoen, eta, gaurko egunez, osteguna zen, Schalke 04 Alemaniako taldearen aurka jokatu zuen final-laurdenetako itzuliko partida. 2-2 berdindu zuten markagailuan, eta Athletic sailkatu egin zen hurrengo kanporaketarako. Egun hori, ordea, beltzez margotu zuen partidaren ostean Bilboko Maria Diaz de Haro kalean gertatu zenak: Ertzaintzak bortizki kargatu zuen Kirruli herriko tabernaren aurrean zeudenen aurka. Furgonetetatik jaitsi, eta gomazko pilotak bota zituzten, gertutik eta zuzen. Horietako batek Iñigo Cabacas Lizeranzu Athleticeko 28 urteko jarraitzailea jo zuen buruan, eta, horren ondorioz, handik lau egunera, apirilaren 9an, hil egin zen Basurtuko Ospitalean.
Aste Santuko oporraldia zen duela hamalau urte Hego Euskal Herrian, eta, apirilaren 5ean larri zauritu bazuten ere, lau egun geroago Cabacas hil zen arte agintariek ez zuten behar den bezala erreakzionatu. Lau egun horietan inor ez zen gai izan gertatutakoa azaltzeko: ospitalean zauritu bat zela bai, baina bertsio ofizialak ez zuen esaten zer gertatu zen. Patxi Lopez PSEkoa zen Eusko Jaurlaritzako lehendakari PPren babesarekin, eta Rodolfo Ares zen Barne sailburu (hala deitzen zen garai horretan Segurtasun Saila). Miguel Buen Barne sailburuordeak urte batzuetara aitortu zuen ertzainek gau horretan gomazko pilotak bota zituztela ere ukatu egin zietela eurei hasieran.
Cabacas zauritu eta astebetera baieztatu zuen, ordea, autopsiak gomazko pilota batek hil zuela. Orduan eskatu zion Aresek barkamena familiari eta Eusko Legebiltzarrean esan zuen azkeneraino iritsiko zirela gertatutakoa argitzeko lanetan, "erortzen dena erortzen dela ere". Geroago frogatu zen moduan, ordea, lehen momentutik izan ziren zailtasunak Ertzaintzaren barruan hura argitzeko.
2018an sei ertzain epaitu zituzten. Ez zegoen horien artean, ordea, Deustuko komisariatik gau horretan operazioa zuzendu zuen arduraduna. Ugarteko ezizena zuen horrek, eta, 2013ko apirilean zabaldu zen audio batean entzun ahal izan zenez, "herriko-an zeukaten guztiarekin sartzeko" agindu zuen. Epaiak bost ertzain errugabetu zituen, gau horretan gomazko pilotak botatzen ibili zirenak, hain zuzen ere. Seigarrenari, Juan Jose de Pablo ertzainari, bi urteko espetxe zigorra eta lau hilabeteko inhabilitazioa ezarri zion Bizkaiko Lurralde Auzitegiak, pilotak botatzea agintzeagatik, "horren beharrik izan gabe", epaiaren arabera.
Epaiketak, gainera, agerian utzi zuen Ertzaintzaren prozedura okerra izan zela hasiera-hasieratik. Epaiaren arabera, gau hartan gazte bat gomazko pilota batez zauritu zutela jakin arren, eskopetak inolako protokolorik jarraitu gabe jaso zituzten, bakoitza nork erabili zuen zehaztu gabe; gainera, berehala garbitu zituzten, eta horiekin inolako probarik egiteko aukera deuseztatu. Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen zigorra, eta gaineratu zuen nahikoa zela oldarraldia agindu zuen ertzainak gomazko pilotak ez botatzea agintzea hura gerta ez zedin







