lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 31/10/2023

Guggenheim Urdaibai makroproiektuaren kontra mobilizatu dira hainbat herritar

Bustialdeko Hitza/La Haine
Larunbatean Guggenheim Urdaibai Stop plataformak deituta, 4.000 herritar inguru bildu ziren Gernika-Lumon.

Guggenheim Urdaibai Stop plataformak deituta, ehunka eta ehunka herritar elkartu dira ziren urriak 28an Gernika-Lumoko Pasealekuan. Guggenheim Urdaibai makroproiektuaren kontrako ezezko irmoa berresteko manifestazio zaratatsua egin dute, 18:00retan hasita. Ordu hori baino lehen, ostera, jadanik kaleetan aldarrikapen usaina sumatu zitekeen: pankarta, bandera eta parekoak nagusi ziren. Herritarrak eta proiektuaren aurkako ezezko borobila ozen aldarrikatu dute hainbat eragile.

Gernika-Lumoko herriguneko erdialdea zeharkatzeaz gain, proiektuaren tentakuluetako batetik, Dalia faktoriatik, hurre ere pasatu dira. Herritarren sugea luzea izan da oso: jende pila bat bildu da aldarrikapenera, proiektuarekiko gaitzespena erakustera. Gainera, aipatutako herritar plataforma osatzen duten kideek euren manifestua irakurri dute. Aitor Etxebarriazarraga gernika-lumotarra izan da, hain zuzen ere, hori egiteko ardura eduki duena. Ezer baino lehen, argi eta garbi laga gura izan du proiektua Guggenheim Fundazioak proposatu eta hauspotu duela, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta espainiar estatuaren babespean. Beste berba batez: “Premia pribatu bati” erantzuna emanez eta “inposizio osoz” egin dura dutela.

Administrazio publikoak proiektuaren inguruabarretan “guztiz inplikatuta” dauden arren, argitu dute proiektua ez dela “inondik inora ere publikoa”: “Bakar batzuen burutapenak gauzatzeko eta poltsiko jakin batzuk betetzeko, guztion dirua baliatu gura dute”. Era berean, bertsolari gernika-lumotarrak azaldu du proiektua Urdaibai Biosfera Erreserbak eskatzen dituen erronkak eta planifikazioa nahiz ordenamendua kontuan eduki barik abiatu gura dutela: “Biosferaren beharrizanen kontra joko du, babes bereziko eremuetan presio are handiagoa egingo baitu; parte hartze ereduari dagokionez, planteamendua ez dute egingo XXI. mendean espero daitekeen parte hartzeagaz eta, noski, ez dator bat bat eskualdearen beharrizan errealekin”.

Ondorioak, aurrekari. Plataformako kideak emandako datuetako batek bertaratutakoen ahotsak altxarazi ditu: “Aurreikuspenen arabera, 140.000 bisitari izango ditugu urtero-urtero, udako hiru hilabeteetan. Turista uriola horrek desiragarriak ez diren ondorioak ekarri ditu; larriki eragingo die mugikortasunari, etxebizitzen prezioei, eguneroko bizimoldeari, hizkuntzari edota kulturari”. Gaztelugatxeko kasua plazaratu dute, hori argudiatze aldera.

Eskualdearen etorkizuna “guztion artean” eraiki beharra azpimarratu du Etxebarriazarragak. “Etorkizun horrek pertsonen bizitza eta natura erdigunean eduki beharko ditu; dena ez da dirua, Urdaibai ez dago salgai”. Bilbo, Gasteiz ezein New Yorkeko bulegoak “oso urrun” dauden arren, euren ahotsak ozen entzutea bilatu dute, administrazio publikoei eta agintari politikoei eskaera “zuzen eta zehatza” eginez: “Geratu bihar bertan zentzurik gabeko proiektu suntsitzaile eta zapaltzaile hau”.

Foruen Plazan amaitu dute manifestazio zaratatsua, udalerriko kaleak dezibelez bete ostean. Egitasmoaren amaiera ekitaldiak, baina, gailurra jo du. Palestinarekiko elkartasuna adierazi ondoren, Koldo Gezuraga eta Janire Arrizabalaga Lilibertsoko partaideek bertso bana bota dute; jarraian, Gatom musikari bermeotarrak bertaratutakoak aldarrikapen dantza batean ipini ditu.; ostean, Guggenheim Urdaibai Stop plataformako kide bik, Aitor Etxebarriazarraga gernika-lumotarrak eta Ana Urrutia bakiotarrak hartu dute hitza. Azkenik, aurretiaz banatutako bertsopaperak eskutan hartu dituzte herritarrek, eta ahio batez abestu dute Etxebarriazarragaren letra eta Indalezio Bizkarrondo Ureña Bilintx bertsolariaren sinadurapeko doinua duen Loriak udan intza bezala. Udalerri edota eskualde baten gainetik, herri oso batek berba egin du, gaur, Gernika-Lumon. Eta herri horrek Urdaibain Guggenheimek gura ez duela garrasi egin du. Eta egiten jarraitzeko asmoa du.

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal