lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 13/05/2024

Jose Luis Cano omendu dute bere erailketaren 47. urteurrenean

La Haine - Euskal Herria
Polizia espainolak tiroz erail zuen gaztea, Amnistiaren Aldeko Astean eman zen mobilizazio batean, eta poliziaren errepresioak zazpi hildako eta zauritu ugari utzi zituen egun haietan.

Atzo, arratsaldeko 19:30etan, Jose Luis Canori omenaldi bat egin zioten Iruñeako Alde Zaharrean, konkretuki Caldederia kalean, polizia espainolak hau erail zuen lekuan hain zuzen ere. Hamarnaka lagun bildu ziren eta "Herriak ez du barkatuko!" oihuen artean lore eskaintza egin zioten.

Aste honetan 47 urte bete dira Euskal Herrian Amnistiaren Aldeko Bigarren Astea egin zutenetik. 1977ko maiatzaren 8tik 16ra mobilizazio ugari egin zituzten euskal presoak kaleratzeko eskatzeko, baina protestak gogorrak izan ziren: poliziaren eta Guardia Zibilaren errepresioaren ondorioz zazpi lagun hil ziren. Gainera, karga polizialen ondorioz hainbat zauritu ere izan ziren. Garai hartan 21 euskal preso politiko zeuden kartzeletan, horietatik lau Frantziakoetan. Amnistia bi zentzutan aldarrikatzen zuten orduan. Alde batetik, presoak kaleratzeko eskatzen zuten, eta bestetik, Euskal Herrian “benetako” demokrazia bideratzeko behar ziren baldintzak ezartzeko exijitzen zuten, preso gehiago egon ez zitezen. Eskaera horiek aldarrikatzeko egin ziren amnistiaren aldeko hiru asteak 1977an, otsailean, maiatzean eta urrian. Maiatzean, ETAm, ETApm eta talde armatuak gogor ari ziren, eta giro politikoa nahasia zen. Hilaren 8an, gobernu espainiarrarekin amnistiaren gaia negoziatzeko batzorde herritar bat sortu zen, euskal alderdiek eta herrietako alkateen ordezkariek osatua.

Maiatzaren 8an, Clemente del Caño Ibañez hil zuten Oreretan. Manifestazio baten ondoren Guardia Zibilak barrikada bat kentzera behartu eta auto batek harrapatuta hil zen. Lau egun beranduago, Maiatzaren 12an, Greba Orokorra izan zen Hego Euskal Herrian, amnistia astearen testuinguruan. Istilu larriak izango dira Gipuzkoan, bereziki Oreretan, eta bi pertsona hil eta beste hainbat zauritu zituzten indar errepresiboek. Rafael Gómez Jauregi erail zuen Guardia Zibilak suzko armak erabiliz manifestazio bat sakabanatu zuenean. Era berean, Gregorio Maritxalar bala batek jo zuen balkoian zegoela, eta egun batzuk geroago hil zen. Karga polizial horien ondorioz, hainbat zauritu izan ziren, batzuk larriak, Errenterian eta Donostian. Hurrengo egunean, maiatzaren 13an, Iruñean deituta zegoen manifestazio bat sakabatu zuten indar errepresiboek. Egun horretako arratsaldeko zortziak aldera, berrogeita hamar bat manifestari "grisen" erasoei erantzuten ari ziren bitartean, lehenengo tiroak entzun ziren. Manifestari horietako bat José Luís Cano zen. Hau Manuel tabernan babesten saiatu zen, baina Caldereria kalearen atzetik joan zen polizietako batek lepotik heldu zion eta borrarekin buruan bortizki jotzen hasi zitzaion. Beste polizia batek pistola bat eskuan zuela bat egin zuen jipoiarekin, eta garondoan tiro egin zion gazteari, irainka. Indar errepresiboak joan zirenean pertsona talde batek lurretik jaso zuten gopua, eta Gurutze Gorrira eraman zuten. Bertan, hilotz sartu zen. Egun berean hil zuten Luis Santamaria, 72 urtekoa, Iruñean hura ere. Bestalde, gazte bat, Jesús María Burguete Aztozqui, hamabost urtekoa, larri zauritu zuten baita ere, garuneko konmozioak jota. Maiatzaren 14ean enfrentamenduek jarraitu zuten Euskal Herrian, eta Ortuellan, Manuel Fuentes Mesa hil zuen Guardia Zibilak, kulatarekin buruan emandako kolpe baten ondorioz.

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal