lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 17/08/2023

Klase erainkuntza nazionala

ZUZIA-Jarki antolakunde iraultzailearen aldizkaria
Euskal estatu independente eta sozialistarako bidean Euskal Langileri Iraultzailearen egitasmoak jasotzen dituen prozesu iraultzailearen posizio politikoa da Klase Eraikuntza Nazionala.

Klaserik gabeko gizarte bati bidea ireki behar dion prozesu sozialista bati ekiteko beharrezkoa da langile klaseak botere politikoa hartzea. Hau, ordea, osotutako eta antolatutako subjektu politiko batek aurrera eramandako konfrontazioaren bitartez lortuko da bakarrik; Euskal Langileri Iraultzailearen eskutik, hain zuzen ere. Gauzak horrela, Euskal Langileri Iraultzailea subjektu gisa duen Euskal Herriko prozesu iraultzailea klase borrokaren baitan kokatu behar da, halabeharrez, burgesiak bizirik dirauen bitartean ezin izango baita, inoiz, zapalkuntzarik eta esplotaziorik gabeko gizarterik sortu.


Izan ere, historian ez da egon zapalduak zapaltzailearekin akordioa sinatuz bere emantzipazioa lortu duen adibiderik. Klase gatazkak aurkakoen, hots, etsaien arteko guda du oinarri, zapalduon garaipena zapaltzaileen desagerpenaren eskutik datorrelarik. Ildo horretatik, alternatiba iraultzailearen eraketa eta honek garatu beharreko prozesu iraultzailea etsaiak suntsitzeko derrigorrezko tresna izan behar da, Euskal Herri Langilearen askatasuna lortzerako bidean. Hori da Euskal Herri Langilearen Alternatibak zehaztutako helburu estrategiko maximoak lortzeko era bakarra, Euskal Langileri Iraultzaileak botere politikoa lortzerako bidean. Euskal Herri Langilearen helburu estrategiko maximoak argiak dira:


• Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Behera, Nafarroa Garaia eta Zuberoa barnebiltzen dituen Estatu independente eta sozialistaren eraikuntza.


• Euskal langileriaren boterean, klase gatazkaren gainditzean eta ekoizpen baliabideen sozializazioan oinarrituriko gizartearen eraikuntza.


• Emakume langileon zapalkuntza forma guztien gainditzea.


• Euskal Herriaren birbatzea.


• Euskal Herriaren berreuskalduntzea.


Euskal Langileri Iraultzaileari ezinezkoa zaio askapen nazionala edota soziala gauzatzea bi elementu hauek oinarri dituen prozesu iraultzaile baten eskutik ez bada. Izan ere, Euskal Herriak pairatzen duen nazio zapalketa dela eta, prozesu sozialista ahalbidetu behar duen estatu independentea erdiestera bideratuta joan behar da autodeterminazioa. Azken finean, egitura estatala duten nazioetan, estatuaren forma hartzen duten egitura ekonomiko, politiko eta sozialen bitartez identitatea osatzen duten elementuak eta identifikazio prozesuak indartzen dira. Horrela, nazio sentipena argiago birproduzitzen da, nazio auziari erantzuna eman diezaiokeen aukera bakarra delarik Euskal Herriaren kasuan.


Hori dela eta, Euskal Herri Langilearenkasuan, klase parametroetan garatu behar den autodeterminazio prozesua prozesu iraultzailearen baitan dago kokatuta. Bestela esanda, Euskal Herriaren kasuan, autodeterminazioa independentzian eta sozialismoan bukatu behar den prozesu iraultzailea izango litzateke. Estatu independente eta sozialista Euskal Herriko langile klaseak bere proiektu politikoa gauzatzeko halabeharrezko baldintza da. Hortaz, prozesu horretan antzua da estatu burgesa bereganatzea edo hau egiteko egitasmoak sostengatzea. Estatu burgesa eta berau osatzen duten instituzioak suntsitu behar ditu Euskal Langileri Iraultzaileak eta propioak eraiki. Estatu sozialista estatu burgesa suntsitu ostean indarrean egon behar den gainegitura politiko eta juridikoa izan behar da, ekoizpen eredu sozialistan oinarritutako azpiegituraren isla izan behar dena. Horrenbestez, nazio askapenaren bidean, independentziaren eta sozialismoaren ezinbestekotasunaren defentsa tinkoa burutu behar du Euskal Langileri Iraultzaileak, bere posizio politikoaren oinarri izan behar delarik. Eta, hain zuzen ere, Euskal estatu independente eta sozialistarako bidean Euskal Langileri Iraultzailearen egitasmoak jasotzen dituen prozesu iraultzailearen posizio politikoa da Klase Eraikuntza Nazionala.

Klase Eraikuntza Nazionalaz ari garenean, prozesu iraultzailea Euskal Herrian garatu ahal izateko kontraboterean oinarritutako posizio politikoaz ari gara, kontrabotere parametroetan aritu behar diren Herri Erakundeak eduki behar dituena tresna nagusitzat. Kontraboterea osatu behar duten Herri Erakunde hauek klabe eraikitzaile eta iraultzailean eratu behar dira. Era horretan, Euskal Langileri Iraultzaileak bere instituzio iraultzaile propioak sortu behar ditu, estatu espainol eta estatu frantsesaren legalitateetatik kanpo. Bide horretatik, Herri Erakundeak Euskal Herri Langilearen eskura egon behar duten lanabesak izan behar dira. Euskal Langileri Iraultzailearen lanaren bitartez garatu behar dira, baina antolatu gabeko Euskal Herri Langileak prozesu iraultzailera batu eta hau sostengatzeko bitartekoak izan behar dira, azken honen interesen defentsa zurruna burutu behar dutenak, azken finean. Horrela, Euskal Herri Langileak, Klase Eraikuntza Nazionalaren bitartez, kontraboterean oinarritutako bere zapaltzaileen aurkako nazio askapena garatzen du, esplotatzaileen aurkako egitura iraultzaileak antolatzen dituen bitartean.


Ulertu behar da prozesu iraultzailea langile klaseak botere politikoa eskuratzera bideratutako fasea dela, Euskal estatu independente eta sozialista sortzera bidean. Prozesu sozialistak, behin langileriak botere politikoa lortuta, komunismorako bidean sozialismoaren ezartze eta garapenera bidean euskal estatu independente eta sozialistaren eraikuntza prozesuari egitendio erreferentzia. Hala ere, etorkizuneko prozesu sozialistaren mugarriak, prozesu iraultzailean sakondu ahala, horretan garatuz doaz. Hori dela eta, kontrabotereaz ari garenean, prozesu iraultzailearen baitan mugimendu iraultzailearen lorpenak ziurtatu eta lurraldearen kontrol efektiboa bermatu eta, aldi berean, etsaiaren boterea eta nagusitasuna higatzen duen prozesuaz ari gara, estatu kapitalista eta botere burgesa suntsitzea delarik azken helburua.


Nolanahi ere, argi eduki behar da kontraboterean eraikitako Herri Erakundeak ez direla etorkizuneko euskal estatu independente eta sozialistaren parte, honeninstituzioei bide egin behar dieten antolakuntza markoak baizik. Izan ere,honen garapena prozesu sozialistaren fasean eman behar da. Aitzitik, estatu independente eta sozialista Euskal Herriko langile klasearen botere hartzea eta honen klase interespeko proiektu politikoaren gauzapena izan behar denez gero, ezinezkoa da hau estatu burgesa suntsitu gabe eraikitzea; hau da, kontraboterea oinarri duten Herri Erakundeak konfrontaziorako tresna dira. Ez dira sistema kapitalistak dirauen bitartean era paraleloan mantendu eta garatu behar diren espazioak, honekiko kontrajarriak diren instituzioak baizik.

Kontraboterearen sorrera eta garapena konfrontazioaren eskutik emandako estatu
burgesaren suntsiketatik etorri behar da, prozesu iraultzailearen garapen mailaren
isla izan behar delarik. Kontraboterea klabe horretan ez garatzeak edota sistema
kapitalista auzitan jarri gabe edota honi aurre egiten ez dioten espazio paraleloak sortzeak eta hauek langile instituzio gisa definitzeak, prozesu iraultzailearen eldarnioa sortzeaz batera, burgesiaren nagusitasuna indartzea besterik lortuko ez duen iruzurra dakarte Euskal Herri
Langilearentzat. Horrela, estatu burgesek dirauten bitartean, Herri Erakundeen forma beharrezko kontrabotere forma da, langile klasearen lorpenari eta botereari eutsi ahal izateko.


Laburbilduz, Euskal Langileri Iraultzaileak, Klase Eraikuntza Nazionaleko posizio politikoan oinarrituta, Euskal Herri Langilearen Alternatiba baino haratago doan kontraboterea eratu beharra du Herri Erakundeen bitartez. Horretarako, Euskal Herri Langilearen Alternatibak, Euskal Langileri Iraultzaileak subjektu politikoaren antolakuntzan oinarritutako jardun politikoa burutu beharra dauka, Euskal Herri Langileari begira eta honi zuzenduta. Klase Eraikuntza Nazionaleko posizio politikotik eratorritako dinamika, planteamendu eta Herri Erakundeen forma, momentu bakoitzeko egoeran eta indarrean oinarritutako eztabaiden bitartez definitu beharko du Euskal Herri Langilearen Alternatibak, Euskal Herri Langileak bizi duen errealitateari izaera politikoko alternatibak mahaigaineratze aldera.

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal