lahaine.org
Nacionales E.Herria, Anti Patriarcado :: 18/05/2021

'LGBT kolektiboan zaurgarrienak garenak eskubiderik gabe jarraitzera kondenatu gaituzte'

Mikel García Idiakez
Trans Legea ez du tramitera onartuko Espainiako Kongresuak, PSOEk abstenitzea erabaki ostean lege-proiektuak ez baititu nahikoa boto lortuko.

Trans Legea ez du tramitera onartuko Espainiako Kongresuak, PSOEk abstenitzea erabaki ostean lege-proiektuak ez baititu nahikoa boto lortuko. Borrokan jarraituko dutela esan digu Edurne LH aktibista iruindarrak, baina gogorra izan dela onartu du: “Jasan behar izan dugu gizarte guztiak gu epaitzea eta erabakitzea besteek dagoeneko dituzten eskubideak merezi ote ditugun”.

Kongresuan gaur gertatzen ari denaz zein balorazio egiten duzu?

PSOEk bat egin du ultraeskuinarekin eta ultrakatolikoekin eta blokeatu egin du hamarkadatan ukatu zaizkigun eskubideak onartzen zituen Trans Lege integrala. Progresismoaren kutsua, LGBT eskubideen aldeko kutsua du alderdiak, baina errealitatea da eskuin muturraren posizio bera hartu duela.

Iruzur egin dizueten sentsazioa duzu?

Pertsonalki, PSOEk aspaldi daraman norabidea kontuan harturik ez nau harritu. Baina LGBT kolektiboen borroka alde batera utzi dute guztiz, hain juxtu kolektibo horren barruan zaurgarrienak garenak eskubiderik gabe jarraitzera kondenatuz. LGBT lege orokorrago batean sartu nahi gaituzte transexualok, baina lege horretan ez da sakonduko behar bezainbeste gure eskubideetan. Azken finean, PSOEk bere burua autorretratatu du: barneratuta duten transfobia agerian geratu da.

"PSOEk bere burua autorretratatu du: barneratuta duten transfobia agerian geratu da"

Nekatuta zaudete? Zuen eskubideekin jolasten urteak daramatzatela iruditzen zaizu?

Egia da denboran luzatzen ari den borroka dela, beti esaten digutela “orain ez da unea, aurrerago…”, eta bai, horrek nekatu egiten du, baina ez dugu etsiko eta gure eskubideen alde segituko dugu. Legeak berak eragin duen polemika gogorra izan da edozein pertsona transexualentzat, jasan behar izan dugu gizarte guztiak gu epaitzea eta erabakitzea besteek dagoeneko dituzten eskubideak merezi ote ditugun.

Orain zer?

Bide honetatik edota beste batzuetatik borrokan jarraituko dugu, jarri ditugun marra gorriak onartzen zaizkigun arte: despatologizazioa (Osasunaren Mundu Erakundeak dagoeneko jasotzen duena legean islatuko litzateke); genero autodeterminazioa baimentzea, dokumentuetan hala identifikatzeko gaur egun dauden trabak ezabatuz; adin txikiko transexualei babesa ematea; eta binario ez diren pertsonak aitortzea. Ez gara ezer egin gabe geratuko, hori seguru.

* Trans Legea onartzeko hainbat aktibistak egin zuten gose-grebaren harira ere elkarrizketatu genuen Edurne LH: "Irudikatzen den gatazka, mugimendu feminista vs. kolektibo transexuala, ez da erreala"

https://www.argia.eus/albistea/lgbt-kolektiboan-zaurgarrienak-garenak-eskubiderik-gabe-jarraitzera-kondenatu-gaituzte

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal