lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 23/07/2023

Ruben Sanchez(CNT Murueta ontziola):“Zor zaiena aitortzen ez duten arte,mobilizatzen jarraituko dugu

Kepa Ugarte Martiarena
Getxoko epaitegian deklaratu behar izan zuen martitzenean Murueta ontziolako Giza Baliabideetako zuzendariak

Ruben Sanchez (CNT Murueta ontziola): “Zuzendaritzak jazarritako langileek denbora luzea beharko dute sendatzeko. Zor zaiena aitortzen ez duten arte, mobilizatzen jarraituko dugu”.

Getxoko epaitegian deklaratu behar izan zuen martitzenean Murueta ontziolako Giza Baliabideetako zuzendariak, CNTko atal sindikaleko bi langilek laneko arriskuen prebentzioari buruzko legea betetzea eskatu eta berehala horiek jazartzea egotzita. Hala, justizia jauregiaren ateetan piketea egin zuen erakunde anarkosindikalak. Eguaztenean ere informazio-piketea egin zuten, oraingo honetan Murueta ontziolan, ontzi berri bat uretaratu behar zutela aprobetxatuz. Bitartean, langileek astelehenean hasi zituzten mobilizazioak, hitzarmen berri bat lortzeko presio-neurri gisa.

Kepa Ugarte Martiarena / Euskarazko kazetaria / Uribe Kosta *EH

Zerk eragin du CNTk Murueta ontziolako Giza Baliabideen arduradunaren kontrako salaketa aurkeztu izana?

Muruetako zuzendaritzak eta enpresa-batzordeak antigenoen zein PCR proben inguruko protokoloa adostu eta hori ezarri bezain laster hasi zen gatazka. Txertaketa-egoeraren arabera, astero probak egiten zitzaizkien pertsona jakin batzuei, lan egin ahal zuten ala ez erabakitzeko. Baina, Giza Baliabideen zuzendariak idatziz adierazi zuen proba horien kostua enpresak ez zuela bere gain hartuko eta, langileek euren poltsikotik ordaintzen ez bazuten, instalazioetara sartzea eragotziko zitzaiela.

Erabaki horrek laneko arriskuen prebentzioari buruzko legeria urratzen zuen. Hori dela eta, langile batzuek zuzendaritzarekin hitz egin zuten, zentzuz joka zezan eskatzeko. Enpresak, ordea, ez zuen atzera egin. Ondorioz, CNTn afiliatutako langileek gugana jo zuten eta enpresak proba horiek nahitaez ordaindu behar zituela gogorarazi genion zuzendaritzari.

Zuzendaritzak bere jarrera aldatu zuen orduan?

Burofax hori jasotzerakoan, atzera egin behar izan zuen zuzendaritzak. Baina, egoera lasaitu nahi izatetik oso urrun, mehatxuz zuzendu zitzaien langileei eta beren lanpostua arriskuan zegoela ulertzera eman zien. Horrez gain, nagusien presioa sufritu behar izan zuten beharginek eta gainontzeko lankideekiko diskriminazioa. Langile horien sekretu medikoak airatu ere egin zituzten.

Ondoren, langileek enpresaren kontrako salaketa aurkeztu zuten, beharginen lagapen ilegala egotzita. Egoera horretan egon dira baten batzuk 12 urtez. Murueta ontziolako eginbehar eta diziplina-arauen menpe egon arren, eskubideei dagokienez, ontziolak ez zituen onartzen, ezta enpresako langile gisa ere. Beste erregimen baten pean zeuden, eskubideei, soldatei eta abarri dagokienez.

Salaketa horrek langileen aurkako erabateko jazarpena eragin zuen. Besteak beste, lanerako tresnak kendu zizkieten, lanpostuz lekualdatu zituzten eta haien egunerokoa ahalik eta gehien zaildu zuten. Inkomunikatu ere egin zituzten: beren jardun sindikala oztopatzen eta isilarazten saiatu ziren. Hori guztia, lanpostua utz zezaten. Azpimarratu behar da Murueta ontziolak azkenean auzitegietara iristeko arriskua saihestu nahi izan zuela, galtzeko aukera handiak ikusten zituelako. Eta langileekiko lan-harremana aitortu behar izan zuen, nahiz eta jazarpen-ekintzak ez ziren amaitu. Langileek urtebetez eutsi zioten egoerari, harik eta prozesu luzeak eragindako estres-arazoek eta arazo psikikoek baja medikoa hartzea eragin zuten arte. Bajan daude oraindik.

Giza Baliabideen arduradunaren epailearen aurreko aitortza zelakoa izan den jakin ahal izan duzue?

Gure abokatuak esan digu gertakariak ukatzen saiatu dela eta salatzaileek CNTko kideak izatea baliatu nahi izan duela salaketa deslegitimatzeko.

Gertaera hauek ze zigor ekar diezaiokete Giza Baliabideen arduradunari?

Gertaera nahiko larriak dira eta ondorio penalak izan ditzakete: espetxean amai dezake salatuak. Bestalde, erakunde publikoen aldetik, dirulaguntza handiak jasotzen ditu enpresak eta hartzen ari den ospe txarra ez da batere lagungarria. Gainera, Murueta ontziolan daramatzan urte guztietan, ez da langile hauek Giza Baliabideen arduradunak jazarri izandako bakarrak. Badakigu hainbat behargin antzeko egoeran izan direla. Dagoeneko frogak eskatzen ari dira salaketa gehiago aurkezteko.

Enpresako zuzendaritzak neurririk hartu al du langileekiko tratu hori berriro gerta ez dadin edo arazoa areagotu al da?

Epaitegietara jo aurretik, legediak enpresa barruan finkatzen dituen bide guztiak agortu egin zituzten langileek. Enpresan protokolo psikosoziala ezartzea eskatu zuten, baina langile arruntez osatutako batzorde batekin egin zuten topo. Langile horiek ez ziren gai horietan profesionalak, ezta adituak ere. Gainera, zuzendaritzak baldintzatuta zeuden. Protokolo horretan, frogatutako salaketa ugariei garrantzia kentzen saiatu ziren, inolako neurri baliagarririk ezarri gabe eta langileak jazarpenaren aurreko egoerara lehengoratu gabe. Horren aurrean, bide judizialetik joan behar izan genuen.

Esaten duzuenaren arabera, tratu mota horiek ohikoak dira Muruetan...

Bai, betidanik. Murueta ontziolan, buruek aurpegira esaten dizute beren enpresan inoiz ez diotela inori ezer lortzen uzten, arrazoia izan edo ez. Gainera, Giza Baliabideen zuzendariak berak egin ditu abusu eta presio guztiak inori egitea agindu gabe; hala nola, baja medikoan dauden langileak mehatxatzea eta presionatzea, enpresa-batzorderako aukeratutako kideak presionatzea, hauteskunde sindikaletako prozesuetako manipulazioa eta presioak... Are gehiago, istripu edo ezintasun baten aurrean, berak erabakitzen du zaurituak edo gaixoak nora eta noiz joan behar duen arreta medikoa jasotzera.

Horrela jarraituz gero, salaketa berriak aurkezteko asmoa daukazue?

Gaur egun, tratu diskriminatzaileagatik eta sekretuak ezagutarazteagatik ez ezik, beste langile batzuen lagapen ilegalagatik salaketak jarrita ditu CNTk. Eta salaketekin jarraitzeko asmoa dugu, enpresak irregulartasunak alde batera uzten ez dituen eta negoziatzera esertzen ez den bitartean.

Protestak gogortuko zenituzkete?

CNTren atal sindikala nabarmen hazi da urtebete pasatxoan, eskubideak defendatzeari utzi ez diolako eta atzera egin ez duelako. Beharrezkoa den lekura iritsiko gara. Gauzak horrela, udazken beroa izango dugu, ekintza sendoekin. Ez dugu amore emango!

Zer ibilbide ikusten diozue egungo prozesu judizialari?

CNTn tentuz hartzen ditugu prozesu judizialak; ez gara baikorregiak izaten, jakin badakigulako erakunde horiek Estatuko aparatu sistemiko baten parte direla, non enpresak, gobernuak eta erakundeak kapitalaren zerbitzura dauden. Hala ere, gure aldeko frogak ugariak eta argiak dira. Gainera, gertakariak oso larriak dira. Txosten medikoen arabera, kalte larriak dauzkate langileek: fisikoak, psikikoak eta emozionalak. Eta horiek sendatzeko denbora luzea beharko dute, horrek beren bizi-kalitateari kalte eginez. Langile horiei zor zaiena aitortzen ez duten arte, mobilizatzen jarraituko dugu. Irabaztea espero dugu, CNTko beste kide batzuk prozesu judizialak irabazten ari diren bezala: Lanerako eta Lombide enpresetan besteak beste.

Gainerako sindikatuek zer jarrera erakusten ari dira gai honen inguruan eta zelan baloratzen duzue hori?

Kasurik onenean, ez daude eta ez dugu uste etorriko direnik. Murueta ontziolan CCOOk eta UGTk dute ordezkaritza. Lehenengotik isiltasuna eta babesik eza baino ez dugu jaso. Bigarrenari dagokionez, enpresaren zuzendaritzaren interesen konplizea eta morroia dela besterik ezin dugu esan. Eta, ildo horretan, salaketa jarri duten langileen aurka egiten duela edo salaketak kentzeko presioa egiten ari direla. Tomas de Castro UGTren ordezkariak soldata eta lan prebendak jasotzen ditu bere "lankidetzagatik".

Hitzarmenaren aldeko mobilizazioei dagokienez, zeintzuk dira sindikatuen aldarrikapen nagusiak?

Nahiz eta enpresan bizi diren zirkunstantziak direla eta aurrerapen bat izan, esan dezakegu errebindikazio horiek ez direla oso anbiziotsuak. Ez dute eskatzen aurreko hitzarmeneko murrizketa lotsagarriak indargabetzea (%40rainoko jaitsierak tauletan). Bere garaian ez zuten ezertxo ere egin eta are gutxiago salatu. Baina, hitzarmen berriari begira, ontzat jotzen ditugu hainbat eskaera: hala nola, KPIren inguruko igoerei eustea, hitzarmena urtero berritzea, ezintasun-kasuetarako konpentsazioari eustea, norberaren aukerako egunak, etab. Aitzitik, enpresak eskubideetan eta immobilismoan murrizketak baino ez ditu eskaintzen eta, beraz, uste dugu bidezkoa dela CNTk langileek erabakitzen dituzten protestetan laguntzea eta horiek babestea.

Ze proposamen zehatz dauzka CNTk?

Lehenik eta behin, lan-baldintzak eta eskubideak hobetu nahi dituguk langile guztiok errebindikazio-plataforma komun bat osatu behar dugula uste dugu. Plataforma hori Enpresa Batzordea ordezkatuko luke- Izam ere, horrenbeste urtetan fidagarritasun eza eta hobekuntzak lortzeko ahalmen eskasa baino ez du erakutsi horrek. Horrenbestez, %40ko soldata-jaitsierak indargabetzea eskatzen dugu. Bestalde, konpentsa daitezkeen eta xurgatu ezin diren igoerak nahi ditugu, hitzarmen-taulen gainetik dauden soldatetarako. Bitartean, soldata igoera linealak izan beharko lirateke, gutxien kobratzen duten kategorietako langileei laguntzeko. Horretaz gain, egiturazko azpikontratazioak (legez kanpoko lagapenak) deuseztea eskatzen dugu. Azkenik, gardentasun handiagoa nahi dugu. Atal sindikala garen aldetik, aitorpena eta enpresaren zein batzordearen arteko bileretan egotea eskatzen dugu, gure afiliatuen ahotsa bertara eramateko eta langile gisa dagokigun informazioa lehen eskutik jaso eta zabaltzeko.

Ze mobilizazio egutegi aztertzen zabiltzate?

Epaitegian eta uztailaren 19ko uretaratzean egindako piketeen ostean, langileek hitzarmen duin baten alde deitutako protestei babesa ematen eta haiekin bat egiten jarraituko dugu. Irailari begira eta, egoera horrela jarraituz gero eta aipatutakoari jarraituz, protestak areagotzea aurreikusten dugu. Izan ere, ziur gaude, gero eta langile gehiago kontra dauzkan eta fronte ugari irekita dituen zuzendaritza negoziazio-mahaian esertzera behartuko dutela mobilizazioek.

_______________________

CNTk langileenganako tratu iraingarria eta diskriminatzailea leporatzen dio Muruetako Giza Baliabideetako zuzendariari https://sareantifaxista.blogspot.com/2023/07/cntk-langileenganako-tratu-iraingarria.html
Murueta ontziolako zuzendariak epailearen aurrera bidali ditu CNTkhttps://sareantifaxista.blogspot.com/2023/07/murueta-ontziolako-zuzendariak.html

https://sareantifaxista.blogspot.com/2023/07/ruben-sanchez-cnt-murueta-ontziola.html

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal