lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 25/11/2023

Sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote Tubacex enpresako grebalari bati

Aitor Aspuru Saez-Airaldea
Epaileak sei hilabeteko espetxe zigorra eta bi isun ekonomiko ezarri dizkio Tubacex enpresako grebalari bati, ertzain bati lesioak eragitea egotzita 2021eko otsailaren 23an.

Azaroaren 10ean izandako epaiketaren emaitza heldu zaio jadanik Tubacexeko grebalari bati eta ez da bere aldekoa izan. Hain zuzen, Beatriz Ledo Languilla epaileak sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio beharginari, frogatutzat jo duelako Ertzaintzaren 22166 agentea erasotu zuela 2021eko otsailaren 23an, Tubacexeko greba mugagabearen testuinguruan eginiko prostestetako batean. Ez da espetxera joan beharko, ez baitauka aurrekaririk, baina 180 euroko isuna eta 165 euroko kalte ordainei egin beharko die aurre grebalariak.

Langilea erabat desados agertu da epaiarekin eta helegitea aurkeztuko duela jakinarazi dio Aiaraldea Komunikabideari. Abokatuak berretsi du lanean ari dela dagoeneko errekurtsoan.

Akusatuak gertakarien bi lekuko eta egun horretako liskarrak eta oldarraldiak jasotzen zituen bideoa eraman zuen epaiketara, baina epaileak erabaki du 22166 agentearen deklarazioa nahikoa dela behargina zigortzeko (beste ertzainek ziurtatu zuten ez zutela erasoa ikusi).

Are gehiago, Beatriz Ledo Languilla epaileak poliziak epaiketan esan ez zituen adierazpenak txertatu ditu bere ondorioetan. Esaterako, jaso du «ostiko batek belaunean eta kolpe batek ukondoaren barruko partean» sortu zituztela lesioak, nahiz eta ertzainak ez zuen horrelakorik esan bere deklarazioan. Zehazki, 22166 agenteak aipatu zuen ez zuela oroitzen nola egin zion min langileak, soilik argi zuela berak egin ziola eraso.

Halaber, epaileak ziurtatu du erasoa gertatu zela Ertzaintzaren oldarraldia baino lehen, poliziak horrelakorik adierazi ez bazuen ere. Hain zuzen, 22166 poliziak aipatu zuen oldarraldi baten erdian (goizeko lehenengoan, hain zuzen) gertatu zela erasoa.

Akusatuaren frogak eta adierazpenak bihurritu bera zigortzeko
22166 agentearen deklarazioekin izandako trataerarekin alderatuta, Ledo Languilla epaileak oso bestelako jarrera izan du defentsaren deklarazioekin eta frogekin.

Hasteko, akusatuaren zein lekukoen adierazpenak soilik baliatu ditu salatua gertakarien erdian kokatzeko eta erruduntzat jotzeko. Lekukoek adierazi zuten akusatuak janzkera deigarria zuela -zapata zuriak- eta horri esker ezberdindu zutela eta ziurtatu ahal zutela ez zuela erasorik egin. Hala ere, adierazpen horiek baliatu ditu epaileak ertzainaren deklarazioa indartzeko eta akusatua identifikatzeko erasoaren egile gisa.

Horrez gain, epaileak onartzen du Ertzaintzaren oldarraldian akusatua ikusten dela alde batera egiten eta istiluetatik aldentzen, baina hori ez da nahikoa izan eta Beatriz Ledo Languillak uste du erasoa beste une batean gertatu zela, grabatuta ez dagoen momentu batean.

Ustezko erasoa ez dago grabatua

22166 agenteak horrelakorik esan ez zuen arren eta frogarik ez dagoen arren hori ondorioztatzeko, epailearen aburuz, Tubacexeko langilearen erasoa goizeko lehen oldarraldia baino lehen jazo zen, eta akusatuaren adierazpenak baliatu ditu hori argudiatzeko.

Izan ere, salatuak aitortu zuen talka izan zuela poliziarekin. Beatriz Ledo Languillaren iritziz, grabatuta ez dagoen une horretan gertatu ziren erasoa eta lesioak. Kontua da gertakari hori akusatuak berak erakutsi zuela epaiketan aurkeztutako bideoan. Zehazki, 00:09-00:14 segundotan ikusten da nola ertzain batek (ziurrenik 22166 agenteak) langilea kentzen duen errepidetik bultzaka, aldiz, epaileak argudiatzen du une hori ez dagoela grabatuta eta goizean zehar liskar gehiago egon zirela.

Horrela, defentsaren ekarpenei buelta emanda, Beatriz Ledo Languillak honakoa ondorioztatzen du: «Ez dago inolako frogarik hutsaltzeko, ezta zalantzan jartzeko akusatuak egun horretan 22166 agenteari eraso ziola, ukondoan eta belaunean lesioak eraginda».

Epailearen «kontraesan nagusia»

Tubacexeko langilearen abokatuak aurreikusi zuenez, «kontraesana» dago bere berezoaren zigorrean. Izan ere, urriaren 11n epaiketa bertan behera geratu zenean, beste grebalari batek, akusazio larriagoak zituenak bere gain (zehazki, bi ertzain erasotzea eta lesio larriagoak eragitea) akordioa lortu zuen eta lau hilabeteko zigorra onartu zuen. Hortaz, Leo Barañano defentsako abokatuak esan bezala: «nola liteke akusazio arinagoak dituen grebalari batek espetxe zigor luzeagoa izatea?».

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal