lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 17/12/2024

Zenbait emakumek salatu dute bi ikastolatan sexu erasoak egin dizkietela

Irati Urdalleta Lete
Bilboko Urretxindorra eta Lekeitioko Azkue ikastoletako bi irakasle salatu dituzte sare sozialetan.

Ehunka salaketa jasotzen ari dira Instagramen ireki duten @denuncias_euskalherria izeneko kontuan. Besteak beste, zenbait emakumek salatu dute bi ikastolatan, Bilboko Urretxindorran eta Lekeitioko Azkuen (Bizkaia), sexu erasoak egin zizkietela bi irakaslek —biak gizonak—. Ikastolen Elkarteak jada neurriak hartu ditu, «emakume hauen eskubideak eta ongizatea babesteko»: Urretxindorra ikastolako irakaslea gaurtik aurrera ez da ikasgeletan arituko, nahiz eta ikastolara joango den; Lekeitioko ikastolako irakaslea, berriz, jada erretiroa hartuta dago. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila gertatutakoaren inguruko informazioa jasotzen ari da.

Urretxindorra ikastolako ikasle talde batek —denak neskak— eta Azkue ikastolako ikasle ohi batek egin dituzte salaketa publikoak. Erasoen berri izan bezain pronto atera du gaitzespen oharra Ikastolen Elkarteak; «irmoki» salatu dituzte gertakari horiek, eta «zilegitasun osoa» eman diete salaketei: «Argi eta garbi adierazi nahi dugu gure ikastoletan ez dugula onartzen emakumeen aurkako erasorik, jazarpenik edo biolentziarik, ezta onartuko ere». Eta erantsi dute: «Gure ikasleen eta emakumezko ororen duintasunaren eta errespetuaren aurka doan edozein jokabide guztiz onartezina da».

Beste nork edo nork jazarpena, indarkeria edo diskriminazioa jasan balu ere, posta elektroniko bat jarri dute eskura salaketa egiteko: salaketak@ehi.ikastola.eus helbidera idazteko eskatu dute. Gainera, ikastoletan edonolako «jazarpena» eta erasoak jasan dituztenei edo «jokabide desegokiren baten» lekuko izan direnei galdegin diete harremanetan jartzea beren ikastoletako zuzendaritza organoekin edo Ikastolen Elkartearekin.

Urretxindorra ikastolan kasuak ez dira bakanak izan, erasoak 30 urtez jasan baitituzte hainbat emakumek. Orain, emakume horiek sare sozialak baliatu dituzte salaketa publikoki zabaltzeko. Pertsona batek @denuncias_euskalherria kontuan salatu duenez, Urretxindorran gertatzen zena jakinekoa zen, baina jende askok ezkutatzen zuen: «Txarrena da gurasoak honen parte izan direla; inork ez dio inoiz Hezkuntza Sailari honen berri eman».

Zehatzago azaldu du gertatutakoa beste batek. Esan du orain arte ez dela ausartu gertatutakoa kontatzera, baina pausoa ematea erabaki du orain: «Nire irakaslea eta tutorea izandakoa da: korridoreetan ukituko zintuen keinuak egiten zituen; iruzkin desegokiak eta deserosoak egiten zituen, ikasgelan eta kanpoan; begirada nazkagarriak; jolasean ibiliko balitz bezala, lurrean jartzen zen, eta kilimak egiten zituen...». Eta jarraitu du: «Horrelakoak etxean ez nituen kontatzen, baina kontatu nuen ikasbidaian aldageletan sartu zela bideokamerarekin. Gurasoek jakin zuten, baina ez zen ezer gertatu». Azaldu du irakasleak 26 urte inguru zituela; berak, berriz, 13.

Urretxindorra ikastolako beste ikasle ohi batek —orain dela hogei urte inguru egon zen bertan— emandako testigantza da hurrengoa. Azaldu du ikasle zaharragoek ohartarazten zietela irakasle horrekin kontuz ibiltzeko. Izan ere: «Ikasle horiekin ikasbidaian joan zen, tutore moduan. Dutxetatik logelara joan-etorria egiten zuten bakoitzean, —toalla eta txankletak bakarrik jantzita— ipurdia ukitzen zien bata bestearen atzetik eskailerak jaisterakoan». Berari ere egin zion eraso: «Gogoratzen dut gona eramaten nuen bakoitzean arbelera ateratzen ninduela; beste neskekin ere gauza bera egiten zuen. Behin bere bulegora deitu ninduen, noten inguruan hitz egiteko. Bertan atea itxita, ilea ukitu zidan, eta esan zidan nirekin amets gozoak egiten zituela». Emakume horrek ere berretsi du erasoena zabalduta zegoela: «Egia da gizon honen jarrera ikasle, irakasle eta guraso guztiek ezagutzen zutela, baina inoiz ez zaio behar besteko garrantzirik eman».

Orain bi urte bizitakoa kontatu du beste batek: «Korridorean nenbilela, nire titiei begira geratu zen. Uda zen, eta top bat neraman; [begiratu zidala] sentitu egin nuen, eta deserosoa izan zen, egia esan». Esandako gauza batzuk ere ez zaizkio egokiak iruditu: «Horrelakoak esaten zituen: 'Ken ezazu jertsea, beroa edukiko duzu eta». Ikasle ohi horren kontakizunaren arabera, ikastolan bazuten gertatzen zenaren berri, eta gizonari «lasaitzeko» eskatu zioten, ez egiteko horrelako iruzkinak. Baina: «Berdin jarraitu du».

Lekeitioko ikastolako kasuaren berri ere eman du beste batek: «Orain dela urte asko pasatu zen: Lekeitioko ikastolan, irakasle oso gogor bat geneukan, eta behin baino gehiagotan neskoi lepotik eskua sartu eta zera esaten zigun: 'Begira, halakok bularretakoa darama dagoeneko' edo 'halakok ez darama bularretakorik oraindik'». Esan duenez, inori ez zion kontatu gertatutakoa.

Zenbait emakumek salatu dute bi ikastolatan sexu erasoak egin dizkietela

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal