Makeako Amnistia Egunean Amnistiaren Aldeko Mugimenduak egindako irakurketa
Aldarrikapen historikoa da Euskal Herrian amnistiarena. Francoren garaipen militarra eta gero entzun ziren euskal presoenganako lehenengo amnistia aldarrikapenak eta 80 urte geroago amnistia aldarrikatzen jarraitzen dugu Euskal Herrian. 80 urte beranduago amnistia aldarrikatzen jarraitzeak zera esan nahi du: herri zapaldua izaten jarraitzen dugula. Frantziako eta Espainiako estatuek kateak tenkatzen jarraitzen dute gure herria eta gure herriko seme alaben kontra, biak baitira txanpon bereko aurpegiak. Preso edo iheslari politiko baten borondatea hausten duten bakoitzean, lortzen duten kasu gutxi horietan, gure herria pixka bat presoago dago. Era berean, independentzia eta sozialismoaren aldeko borrokan murgildu den militante bat eroso jarri eta etxera, borroka utzita, erretiro hartzera joaten den bakoitzean gure errepresaliatu politikoen borondatea pixka bat hauskorragoa bihurtzen da eta sorgin gurpil horretan sartuta, berriz ere, askatasunetik pixka bat urruntzen dira gure herria, gure errepresaliatuak eta noski, gu geu ere, sofa erosoan jesarrita dagoen militante ohia barne.
Baina 80 urte beranduago amnistia aldarrikatzen jarraitzeak gauza positibo asko ere esaten ditu gure herria eta gure herriaren arima diren errepresaliatu guztiei buruz. Oraindik presoak, iheslariak eta deportatuak egoteak Euskal Herriaren borrokarako gaitasun eta grina erakusten du. Oraindik amnistia aldarrikatu behar izateak Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduko kideen eskuzabaltasuna agerian uzten du. Oraindik euren idealengatik errepresioa pairatzeko prest dagoen jendea egoten jarraitzeak erakusten du gure herriak bizirik dirauela eta belaunaldiz belaunaldi koherentziaren eta elkartasunaren baloreak transmititzeko gai izan dela.
Hain zuzen ere horregatik jarraitzen dugu amnistia aldarrikatzen. Ez dugu errepresaliatuen askatasunaren alde egiten borroka egin duten arren, baizik eta borroka egin dutelako eta batez ere horregatik, borroka egin dutelako galdegiten dugu euren liberazioa inolako kontra partidarik gabe. Herri honen askatasunaren aldeko borroka guztiak kartzelan, deportatuta eta ihes eginda daudenen apustu ausartean sartzen dira: lan baldintza duinen aldekoa, euskararen aldekoa, gazteek sufritzen duten prekarietatearen aurkakoa, feminismoaren aldekoa, lurraldetasunaren aldekoa, homofobia eta arrazismoaren aurkakoa, aberastasuna banatzearen aldekoa… Lau hitzetan: independentzia eta sozialismoaren aldekoa.
Batzuek orain esaten digute amnistia lortzea utopia dela, pragmatismoaren garaia dela eta jarrera posibilistak hartu behar ditugula. Berandu! Oso-oso berandu! 56 urteko atzerapenez datoz utopiaz hitz egitera, 56 urte hauetan bidetik utzi duguna dena izan delako: denbora, indarra, odola, askatasuna eta bizitza. Eta bai, aspaldian sartu ginen labirinto honek bi irtenbide posible baino ez ditu: galtzea eta bi estatu kapitalistaren menpean herri asimilatu gisa desagertzea edo gehienez jota behin izan ginenaren oroitzapen folkloriko bezala irautea bata, ala borrokatu ditugun helburuak lortzea bestea. Baina zerbait ziurra baldin badago, hori gure bideak atzera bueltarik ez duela da. Borroka honetan murgildu ginenean bagenekien dena ala ezer ez lortzea jartzen ari ginela jokoan eta berandu da sasi irtenbideei buruz hitz egiten hasteko. Errealitate latza aurrean daukaguna, hautatu genuen bidea eta militantzia bezain latza.
Badirudi dagoeneko hain berriak ez diren “gari berri” hauetako lelo errepikatuena giza eskubideen argudio burgesarena dela. “Giza eskubideak pertsona guztientzat”. Aspertu arte erabilitako leloa, eta hutsa bezain leloa. Argi dago euskal preso politikoen giza eskubideak sistematikoki eta modu konstantean urratuak direla eta argi dago egoera batzuei berehalako irtenbidea ematea hil ala bizikoa dela, preso gaixoena agerikoena delarik, eta guk horren alde lan egiteko prestutasun eta konpromiso osoa erakutsi nahi dugu gaurkoan ere. Hori bai, inork ez dezala espero guk politizatu gabeko mezu aseptikorik zabaltzea horrek erroan dauden arazoak betikotzera baino ez garamatzalako.
Ez dugu hain urrun 1977an deituriko Amnistia Legearen kasua, benetan, amnistia bat baino, frankismoaren basakeri guztietarako zigorgabetasuna eta errejimenaren zutabeen biziraupena bermatu zuen puntu eta bukaerako legea izan zena, eta hori horrela izan zen errejimenaren unerik latzenean, guk defendatzen dugun eta gatazkaren iturburu diren arrazoiak konpontzea barnebiltzen duen amnistia horretatik hurbilen geundenean, amnistiaren esanahi politikoari azken unean mugimendu hori inguratu zutenen esanahi humanitarioa gailendu zitzaiolako. Hortik aurrera eta gaur arteko historian pairatu behar izan duguna ondo ezagutzen dugu. Akatsetatik ikas dezagun.
Baina lehen esan bezala atera behar ditugun ondorio guztiak ez dira negatiboak, ondorio positibo garrantzitsu eta indartsuak ere azaltzen zaizkigulako. Gure herriak bizirik dirau eta gure herriaren askatasun grina ere bai eta horren lekuko gaur hemen amnistiaren alde bildu garenok eta baita azaroaren 28an Bilbon amnistia aldarrikatzeko deituriko manifestazioa ere. Sua itzaltzen saiatu diren arren ez dute lortu. Gu guztion ardura da gar hauei hauspoa ematen jarraitzea odola izozten uzten ez duen borrokaren berotasuna sentitzen jarraitzeko. Izan zirenekin hartu dugun zorra da, eta etorkizuneko belaunaldiekin hartzen dugun konpromisoa ere bai. Galtzen den borroka bakarra uzten dena delako. Jo ta ke amnistia eta askatasuna lortu arte! Gora Euskal Herria askatuta!