lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 17/09/2025

Ikasleek campusetan jasaten dituzten hainbat arazo salatzeko kanpaina bat jarri du abian Astindu-k

La Haine - Euskal Herria
“Ez ezazu amua irentsi” kanpaina azaltzeko eta dinamikaren berri emateko, aurkezpen saioak egingo dituzte bihar.

ASTINDU dinamikak kanpaina berri bat jarri du martxan, ikasleek canpusetan jasaten dituzten hainbat arazo salatzeko eta horien aurrean antolatzeko. Lehenik eta behin, unibertsitatearen idealizazioaz hitz egin dute: “Zenbatetan saldu izan digute unibertsitatearen ametsa bizitzan zehar? Hau bizitzaren askatasunaren, gozamenaren eta ezagutzaren puntu gorena balitz bezala. Zenbatetan esan digute hura dela bizitza ospetsu bat edukitzeko bide bakarra? Bizitzan arrakasta izateko, gure ametsak egiaztatzeko modua, beste edozein bide mespretxatuz. Eta zenbatetan irentsi behar izan dugu amu hau aurrean daukagun etorkizun iluna apaindu nahian?”, eta segidan, fikzio eta mito horien guztien atzean aurkitzen den errealitate salatu dute: “Karrera erabat euskaraz ezin egitea, matrikulen kostu astronomikoak, pisuaren edota garraioaren prezio neurrigabeak…”.

ASTINDU-ren ustez, hasierako arazo hauek gainditu arren, geratzen dena ez da askoz ere hobea: “irakasleak elkarren artean estaltzea, ikasleen baliabideen zahartasuna, hauek euskaraz aurkitzeko ezintasuna edota, segurtasuna aitzaki, unibertsitateko ustezko eremu askean bai seguraten, bai txakurren jazarpen eta gehiegikeria”. Bide horretan, unibertsitatean sakondu ahala, problematikak handitzen besterik ez doazela ohartarazi dute: “GRALaren gaiak aukeratzeko aferak, masterren kostuak, hautazko arloen eskaintza urria...”. Izan ere, dinamikak adierazi duenez, unibertsitateak soilik gauza bat eskaintzen du gaur egungo sistema kapitalistaren baitan eta hori ez da ez ezagutza, ez heziketa, titulua baino.

Horren aurrean, erantzun antolatu bat emateara deitu du dinamikak, “Euskal Herriak frantziar zein espainiar estatu kapitalisten baitan pairatzen duen zapalkuntzaren aurkako borrokaren barnean”. Era berean, lan politikoa azaltzeko eta nondik norakoen berri emateko, aurkezpen saioak egingo dituzte militanteek bihar. Lehenengoa Leioa Canpusean izango da, GKZ-ko 6. gelan, 11:30etan. Ondoren, Gasteizko Canpusean egingo dute, Letrak 1.52 gelan, 13:00etan.

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal