lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 06/12/2017

Abenduak 6, ezer ez ospatzeko. Desobedientziaz haustura, gazteok independentziara!

Ernai
Soilik gorde nahi dena aldatzen da. Eta hala hasi zen oligarkia frankista trantsizioa antolatzen Franco hil baino lehenago.

Soilik gorde nahi dena aldatzen da. Eta hala hasi zen oligarkia frankista trantsizioa antolatzen Franco hil baino lehenago. Franco diktadorea orain dela 42 urte hil zen lasai asko bere ohean. Mugimendu nazional-katolikoaren oinarriak bere horretan mantentzeko dena lotuta eta ondo lotuta uzteko patxada izan zuen, eta ordutik hona denontzako kafearen zapore ustela izan dugu ahoan.


Frankismoa legeztatu, legitimatu eta biziraunarazi zuen erreforma politikoak erreformismorik zitalena izan zuen bidelagun. Dena liburu sakratuaren txapelpean, espainiar konstituzioa. Euskal Herria bizirik mantendu nahi zuen herriak, herri borrokak eta langile auto-antolakuntzak aurre egin zion inposatu nahi izan zuten erreforma politiko odoltsuari. Frankismoarekin behin betiko haustearen beharrari neoliberalismoaren inposizioa gelditu beharra atxiki zitzaion.


Hego Euskal Herriak eskuratutako garaipen sozialak eta autonomia markoak ez dira herriaren askatasun nahia saldu zutenen arrakasta. Paktismoa eta autonomismoa euskal oligarkiaren klase interesak defendatzeko formula politikoa besterik ez da, herri bultzada ororen galga eta askatasun grinaren aurrean suhiltzaile lanak betetzen dituen indar politikoa. Atzo eta gaur.
Garatu beharreko oinarri gisan saldu zuten 78ko konstituzioa. Sorturiko agertoki post-frankistan, hausturaren aldeko posizioei uko egin eta paktuen bidezko hegemonia politiko eta ekonomikoa eskuratu nahi izan zuten indar politikoek. Kea besterik ez.
Izan ere, hitzei baino ekintzei erreparatzen badiogu kontaketa hau ez dirudi oso fidagarria. Ezker espainolak espainoletik ezkerretik baino gehiago izan du. PNV alderdiaren izaera erregionalista eta kolaboratzailea agerian geratu da.


40 urteetako garapenaren ostean, argi eta garbi ikusten dugu espainiar estatuak inboluziorako jarrera baino ez duela erakusten. Gure arbasoek borrokaren bidez eskuratutako garaipen sozialak parez pare txikitzen ikusi ditugu. Europar Batasunak eta espainiar estatuak inposatutako nazioarteko hitzarmen neoliberalen bidez, lan erreformen bidez, ekonomia espekulatiboaren eta Euskal Herriko ehun produktiboaren suntsipenaren bidez prekarietate hutsera kondenatu gaituzte.


Salbuespen legediaren, kode penalaren erreformaren eta mozal legearen ezarpenaren bidez eskubide zibil eta politikoak txikitu dizkigute. Abortuaren lege erreforma saiakera, zonifikazio linguistikoa eta sinboloen legea. Hezkuntza lege espainolista eta merkantilistak gure herria deseraiki eta gure gorputz eta bizitzen gaineko esplotazioa mantendu nahi duen sistema baten oldarraldi baten adierazleak baino ez dira.


Estatu espainolak berregokitzapen aldia bizi duen honetan, lehengo lepotik burua dute erreformaren aldeko hautua egin zuten indar politikoek.


Muturreko eskumaren pizkunde sozialari, espainiar oligarkiaren oldarraldiari eta PP-C's-PSOE blokearen trinkotasunari erreparatuta, nazio zapalduei gure bide propioa egin ahal izateko espainiar estatuaren demokratizazioari itxoin behar izatea eskatzea ez dirudi zentzuzkoa. Autodeterminazio eskubidearen eta nazio zapalduen aitortza egitea eta erroko aldaketa sozioekonomikoak egitea 78ko erregimenaren oinarriak zartaraztea litzake. Hori, noski, ez zaie interesatzen.


Autonomismo paktistak darabilen aldebikotasunaren inguruko diskurtsoak iruzur berri baten usaina du. Erreformaren erreformarena. Espainiar gobernua-estatua babesteko eta suhiltzaile lanetatik etekina ateratzeko aritmetika instituzionala baliatzen duen saldukeriarena. Paktotik paktora eta dirua poltsikora.


Kapitalak, patriarkatuak zein espainiar estatuak “aita hizkuntza” bera dute: inposizioa. Gure bizitzen gaineko erabakiez desjabetu eta prekarietatera kondenatzen gaituen eredu bat inposatzen digute. Eta larrutik ordaintzen ari gara.
Horregatik 40 urteren bueltako ibilbideari erreparatuta euskal gazteriaren hautua argia behar du izan: Independentzia, Sozialismoa eta Feminismoa. Erreformaren erreforma zein jarrera inboluzionistak galarazi eta garaipen sozialen etorkizun bat gaurko borroketan erein behar dugu.

 

Gazteok guztiaren inguruan erabaki nahi dugu, dena irauli nahi dugulako. Lurperatu dezagun, behin betiko, espainiar konstituzioa eta bere inposizio kapitalista patriarkarra.
Desobedientziaz haustura, gazteok independentzia, sozialismoa eta feminismoa!


Ernai gazte antolakundea

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal