lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 14/09/2026

Amnistia aldarrikatzeko mobilizatu dira Donostian

La Haine - Euskal Herria
ASKE antolakundeak nabarmendu du ez garela jaio “zapalkuntzaren baitan apurrengatik borrokatuta hobeto bizitzeko”, zapalkuntzarekin amaitzeko baizik, eta horren alde borrokatzeko deia egin du

ASKE antolakundeak manifestazioa egin zuen igande eguerdian Donostian, euskal preso politiko guztien askatasuna eskatzeko, “Presoak kalera, amnistia osoa” lelopean. Kontxako Bandera amaitu eta berehala egin zuten mobilizazioa, 13:00etan. Bulebarretik hasita, Parte Zaharreko eta Erdialdeko kaleetatik eraman zuten amnistiaren aldeko aldarria, eta Trinitate plazan amaitu zuten.

Antolakundeak salatu duenez, frantziar eta espainiar estatuek Euskal Herriaren aldeko borroka “hormetatik zein memoriatik ezabatu” nahi dute, eta horretarako “zuzenen eta gaizkileen demaren” inguruan oinarritutako errelatoa eraikitzen ari dira. ASKEren arabera, estatuen errelato horretan Euskal Herriaren alde borrokatu direnak “terrorista eta hiltzailetara” murrizten dituzte, Euskal Herriaren “azpirazio zein zapalketaren alde buru-belarri aritutakoak” goratzen diren bitartean. Prozesu horretan masa hedabideen eta euskal alderdi nahiz instituzioen kolaborazioa ere kritikatu du antolakundeak.

“Borreroak gurtu beharreko figura bilakatu nahi dituzte”, adierazi du ASKEk, eta egungo egoera ez du bake egoeratzat jo. Bere esanetan, “bortizkeria eta jazarpena dira estatuon ordenaren eta bakearen erroa”, eta Euskal Herri Langilearen aurkako azken urteotako jazarpen kasuek estatuen estrategia errepresiboaren jarraipena erakusten dute. Testuinguru horretan, amnistiaren aldeko borrokak “inoiz baino gaurkotasun handiagoa” duela nabarmendu du ASKEk. Antolakundearen ustez, borroka horrek Euskal Herri Langileak estatuen eta haien “jazarpen makinariaren” aurka egindako borrokaren aitortza eta zilegitasuna defendatzen ditu.

ASKEk azaldu duenez, jazarpenaren helburua Euskal Herri Langilearen “potentzialtasun iraultzailea indargabetzea” eta estatuentzat mehatxu izan daitezkeen mugimenduak desagerraraztea edo otzantzea da. Horren aurrean, antolakundeak ohartarazi du Euskal Herriaren askapen borroka kriminalizatzeko estrategia indartzen joango dela, estatuen “asimilazio nazionalean eta esplotazioan” aurrera egin ahala. “Zapalkuntzak dirauen bitartean, batek loturik dirauen bitartean, jazarpena eguneroko ogia eta errealitatea den bitartean, argi izan behar dugu estatuek beraien makinaria errepresiboa baliatuko dutela Euskal Herriko mugimendu iraultzailearen aurka”, adierazi du.

Hori dela eta, ASKEk amnistiaren aldeko borroka ez du aukera gisa aurkezten, baizik eta “derrigorrezko hautu” gisa. Antolakundearen esanetan, amnistiak euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen askatasuna ekarriko luke, baina, batez ere, “Euskal Herri Langilearen zapalkuntzaren gaindipena” eta independentzia zein sozialismorako bidea zabaltzea ekarriko luke. Azkenik, ASKEk adierazi du ez duela helburu “zapalkuntzaren baitan apurrengatik borrokatuta hobeto bizitzea”, baizik eta zapalkuntzarekin amaitzea.

 

Contactar con La Haine

 

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal