lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 20/08/2015

Ad hominem argudioei stop. Amnistia aurrera!

Sendoa Jurado García
Horregatik defendatzen dugu amnistia aldarrikapen honen inguruan militatzen dugunok, konbentzituta gaudelako.

Ad hominem argudioak dira eztabaida alde batera utzita deskalifikazio pertsonaletan oinarritzen direnak, eztabaidan arerio duzunaren iritziei aurre egin beharrean solaskidearen edota haren komunitatearen ustezko akats eta gabeziak azpimarratzeko erabiltzen direnak. “Arerio baten argudioari ezin badiozu erantzun ez dago dena galduta: iraindu dezakezu” (Elbert Hubbert).

Mikel Zubimendiren Historiaren motorraz hitz-aspertu batzuk artikulua (Gara, 2015-08-13) irakurriz gero ad hominem argudioen adibide argia aurkituko dugu. “Jende bat aspertu egiten da, aspaldi dago aspertuta, eta, hain oker horregatik, egiten ditu egiten dituenak” dio Zubimendik eta, beste batzuen artean, amnistia aldarrikatzen dugunok jartzen gaitu horren adibide. Horri gehitzen dio nagiak eta aspergarriak garela eta, gure aspermenak etenik ez badu buruko gaitzetako profesional bat kontsultatzea proposatzen digu azken aukera moduan. Beste batzuk baregarri utzi nahian barregarri gelditzen da.


Orain dela bi hilabete beste artikulu batean (Sí a la amnistía, Gara, 2015-06-15) alde bakoitzak amnistiaren inguruan zuen jarrera argudioz azaltzearen beharraren garrantzia azpimarratu nuen. Zentzu horretan ez dugu aurrera pausurik ikusi batzuen partez eta, behintzat publikoki, gai honen inguruan modu eraikitzaile eta koherentean agertu diren eragile bakarrak Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua eta Amnistiaren Aldeko Gutuna sinatu zuten 140 errepresaliatu ohiak izan dira. Gainontzeko guztien partez irainak besterik ez.

Mikel Zubimendiren kasuan bere ibilbide politiko luze eta aberatsa aski ezaguna da, Jarraiko bozeramaile zen garaitik Seguran Batasunaren aurka burututako operazioraino, eta horregatik iruditzen zait azken artikulu honetan egin duena baino askoz hobeto egin dezakeela. Ez dakit gaur egun zelan kalifikatuko lukeen Ramón Jauregiren parlamentuko eserlekuan karea bota zuenekoa Lasa eta Zabalaren kasuan PSOEk zuen ardura salatzeko, edo ETAn militatzera pasatzeko hartu zuen erabakia. Aspertuta zegoelako egin zituen egin zituenak? Ez dut uste, konbentzituta zegoelako egin zituela ziur nago.

Horregatik defendatzen dugu amnistia aldarrikapen honen inguruan militatzen dugunok, konbentzituta gaudelako. Era ezberdinetan azaldu dugu zergatik nahi dugun errepresaliatu politikoentzako amnistia eta gaur beste modu batez egingo dut, badaezpada oraindik despistaturen bat enteratu ez bada: ez dugulako onartzen Euskal Herriaren alde eta faxismoaren aurka borroka egin dutenen aurkako inolako zigorrik. Hori bezain erreza. Eta horregatik manifestatuko gara Bilbon amnistiaren alde abuztuaren 29an eta azaroaren 28an.

Orain, manifestazio horretara joango ez direnei tokatzen zaie euren jarreraren zergatia azaltzea. Zain gaude.

Sendoa Jurado García. Amnistiaren aldeko militantea.

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal