Maderas de Llodioko langileak kaleratzeari ekin dio Garnicak


Langileak kaleratzeari ekin dio Garnica taldeak Maderas de Llodion. Enpresa Batzordeko kideek salatu dutenez, egur konpainiak zuzenean sartu ditu kalte-ordainak beharginen kontu-korronteetan, hauek kaleratze gutuna jaso baino lehen.
“Modu horretan, langileek euren egoeraren berri jaso dute soilik euren bankuetako kontu korronteetan diru-sarrerak konprobatu dituztenean”, azaldu dute beharginen ordezkariek.
Euren iritziz, “onartezina” da prozesua modu horretan kudeatzea, “kaltetutako pertsonekiko sentikortasun faltagatik eta baita komunikazio egoki eta errespetuzko bat falta izan delako”.
Eusko Jaurlaritzarekin bilera
Era berean, komiteko kideek “onartezintzat” jo dute Jaurlaritzaren jarrera, “bere gelditasunaren erantzukizuna langileen protesta zilegien gain jarri duelako”.
Komiteko kideek “onartezintzat” jo dute Jaurlaritzaren jarrera, “bere gelditasunaren erantzukizuna langileen protesta zilegien gain jarri duelako”.
Azaldu dutenez, duela bi aste eskatu zuten bilera Jaurlaritzarekin, baina gaur goizean egin dute, eta nabarmendu dute “errespetu faltak” jaso dituztela gobernuaren partetik.
“Sentitu dugu gure aurpegian barre egin dutela, haiek egiten ez dutenagatik errudun egin gaituztela, eta ez direla baloratzera ere iritsi horrelako egoera larri baten aurrean duten boterearekin eta posizioarekin esku hartzeko aukera”. Enpresa Batzordearen aburuz, jarrera horrek konpromiso falta erakusten du “eskualdeko enplegu eta ehun industrialaren defentsarekin”.
Beharginen ordezkariek aldarrikatu dute konponbidea eta ekintza orain garatu behar direla, hori delako “etorkizuna bermatzeko” modu bakarra. Izan ere, ziurtatu dutenez, badaude “alternatiba bideragarriak” lanpostuak mantendu eta ekoizpenaren kanporatzea ekiditeko, eta aldarrikatu dute jarrera hori defendatzen jarraituko dutela, “determinazioz eta erantzunkizunez”.
Eskualdeko mobilizazioa ostiralean
Gauzak hala, batzordeko kideek uste dute borrokan jarraitu behar dela, eta ez dutela inolako kaleratzerik edo ekoizpenaren kanporaketarik onartuko.
“Eskualde osoa dago borrokan bere etorkizunaren alde. Guztioi eragiten digun zerbait da, eta elkarrekin erantzungo diogu”, aldarrikatu dute. Bide horretan, datorren ostiralean egingo den eskualdeko mobilizazioan parte hartzeko deia luzatu diete herritar guztiei. 18:30ean abiatuko da manifestazioa Laudioko Eroskiko biribilgunetik.
Maderas de Llodioko langileek 32 egun bete dituzte greba mugagabean, enpresak ezarritako Enplegua Erregulatzeko Espedientearen aurka. 39 langile kaleratzea planteatu zuen Garnica taldeak hasieran, eta 35 beharginera jaitsi zuen kopurua gero, kontsulta epearen ostean. Baja boluntarioetarako epe labur bat ireki zuen jarraian, eta horren ostean iritsi dira kaleratzeak.
Bien bitartean, langileen protestek ez dute etenik izan eskualdean zein eskualdetik kanpo. Iragan ostiralean Arabako Foru Aldundiaren Laudioko bulegoak okupatu zituzten beharginek, instituzioak interpelatzeko.
Egun bat lehenago SPRIren aurrean egin zuten elkarretaratzea, eta protesta hori egiten zeudenla jaso zuten Jaurlaritzaren deia bilera aurreratzeko. Izan ere, hilabete amaierarako eman zieten zita hasieran.