lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 20/10/2025

Donostiako Guardetxearen eta Igorreko Kiñu Gaztetxearen epaiketak urtarrilaren 27an izango dira

La Haine - Euskal Herria
Bi asanbladako kideek dinamika bateratu bat abiatu dute “Desalojorik ez, erantzunik gabe!” lelopean, okupazioaren kriminalizazioa salatzeko eta indarrak batzeko.

Hainbat aldiz atzeratu ostean, Igorreko (Bizkaia) Kiñu Gaztetxearen eta Donostiako(Gipuzkoa) Guardetxearen aurkako epaiketak badute data berria: urtarrilaren 27an izango dira, Durangon eta Donostian. Bi gaztetxeek ohar bateratua atera dute, eta, adierazi dutenez, ez da kasualitatea bi epaiketak egun berean izatea; beraientzat, “kasualitate hau gaztetxeen eta okupazioaren aurkako estrategiaren parte da”. Segidan, salatu dute “gune autogestionatuen kontrako oldarraldia”, eta honen adibide anitz jarri dituzte: “Zornotzako Matrailu, Errekaldeko Etxarri II, Sestaoko Txirbilenea, Mungiako Errota Gaztetxea, Burlatakoa, Zestoakoa...” Hortaz, salatu dute “egiturazko krisi kapitalista bat” dagoela, eta, horrek, nahitaez, indartu egiten dituela “bestelako bizi eredu bat” defendatzen duten guneen eta proiektuen kontrako mugimenduak.

Ondoren, mezu bat bidali diete gaztetxea desokupatzeko lanetan ari direnei: “Argi eta ozen diogu etxebizitzarekin, lurraren hustiapenarekin eta baliabide publikoekin espekulatzen duten horien jabetzak okupatu eta kolektibizatzea ez dela delitua, auzo eta herrietako langileon interes kolektiboaren aldeko erresistetzia ekintza baizik”.

Hori guztia dela-eta, gaztetxeak defendatuko dituztela azpimarratu dute. Bide horretan, dei egin dute urtarrilaren 27an Durangoko eta Donostiako epaitegietara joan eta desadostasuna adierazteko, eta gazteei esan diete orain dela garaia errepresioaren aurka elkartasuna antolatzeko eta defentsara batzeko. Era berean, adierazi dute gazte asanbladen eta gaztetxeen arteko harreman sareak indartzen jarraituko dutela, eta iragarri dute datozen hilabeteetan hainbat ekimen eta deialdi eginen dituztela.

2013. urteko azaroan birjabetu zuten Igorren Kiñu gaztetxea izango zen eraikina. Eizu Kiñu! dinamika izan zuten ardatz, eta ordutik izan da martxan. Sabadell banketxearen jabetzakoa da eraikina, eta orain dela bost urte inguru hasi zen kanporatze-mehatxuekin. Ordutik hona bi epaiketa izan dute eta urtarrilaren 27an Durangoko epaitegietan hirugarrena aurrera eramango da.

Parte Zaharreko hainbat gaztek maiatzaren 1ean okupatu zuten Donostiako Guardetxea. Horren aurrean, Donostiako Udalak eraikina hutsarazteko salaketa aurkeztu zuen, baina epaileak ez zuen onartu kautelaz husteko eskaera, ekainaren hasieran. Prozesu judizialak, ordea, aurrera egin du. Urtarrilean, zortzi gazte epaituko dituzte, gaztetxearen okupazioaren eta defentsaren ondorioz.

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal