Aroztegiko auzipetuek isun ekonomikoak ordaindu beharko dituzte baina ez dira kartzelara joango


Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak gaur jakinarazi du Aroztegiko epaia. Horren arabera, zazpi auzipetuek 5.850 eta 9.900 euro arteko isun ekonomikoak ordaindu beharko dituzte, baina ez dute kartzela zigorrik bete beharko. Magistratuak zehaztu du auzipetuek ez zutela talde kriminala osatzen.
Epaileak frogatutzat jo du auzipetuek lanak geldiarazi zituztela, baina zehaztu du «herritar gehiago zirela eta tartean zirela zazpi auzipetuak». Horrez gain, zazpi auzipetuetako bati taldearen buru izatea leporatzen zioten. Epaileak ordea, ez du hori frogatutzat jo, «elkarrizketak ematea edo prentsan agertzea ez da proba nahikoa indarkeriazko ekintza biolento horien erantzuletzat jotzeko». Epaileak «obrak geldiarazteaz eta indarkeria delitua egiteaz» akusatu ditu auzipetuak. Hala ere zehaztu du, «indarkeriaren larritasuna ez zela kartzela zigorrak justifikatzeko adinakoa izan».
Epaiketa maiatzean
Maiatzaren 19an hasita egin zuten Iruñean Aroztegiko auzipetuen kontrako epaiketa, eta bortz egunez luzatu zen. «Bortxa eta derrigortze» delituez gain, «talde kriminal antolatu baten parte izatea» leporatu zieten zazpi auzipetuei. Ordurako, 56.000 euroko isuna ordaindua zuten dagoeneko. Zigor ekonomikoa eta totalean 20 urteko kartzela zigorra eskatu zuten auzipetuendako, eta ohartarazi zutenez, «43 milioi euroko kalte ordaina ere gure gain gelditzen ahal da, bizi osorako zigor ekonomikoa ezarriz».
Epaiketa bukatu berritan, auzipetuek hartu zuten hitza, eta bertan nabarmendu zuten «arras posiblea zela talde kriminal gisa hartzea».
Akordiorako aukera
Hainbat saiakera egin zituzten hiru aldeek akordioa lortzeko. Horietan azkena epaiketa bezperan. Aroztegiko Elkartasun Komiteak salatu zuenez, ordea, «fiskaltza eta enpresa talde kriminalaren akusazioa bertan behera uzteko prest» zeuden, «baina enpresak erantzukizun zibilaren eskaera irekia» uztea erabaki zuen, «43 milioi euroko kalte ordaina duelakoz helburu». Azkenean, hiru aldeen arteko akordiorik gabe, epaiketa bere horretan mantendu zuten.
Herritarren babesa
Aroztegiko Elkartasun Komiteak behin baino gehiagotan eskertu du herritarren aldetik hartutako babesa: «Herri bezala eraman dugun borrokagatik ospatzeko hamaika arrazoi ditugu. Bereziki garrantzitsua den lorpena izan da ikusaraztea herri mugimenduaren botereaz eta antolakuntzaz eta desobedientzia zibilaz lortu daitekeela makroproiektu espekulatzaileetako obrak gelditzea. Lortu dugu karriketan zein epaitegietan enpresek orain arte izan duten inpunitatea kolokan jartzea. Gehiengo soziala irabazi dugu, baita epaitegietan izan ditugun hainbat auzi ere».
24 urteko gatazka
2001ean hasi zen afera; Jose Maria Zelaieta Alkortak jauregia erosi zuen, eta orduan hasi ziren gatazkak herriarekin. Handik bi urtetara, Baztango Udalak bertan hotela egiteko baimena eman zion, baina ez zuen proiektua gauzatu. 2008an inbertsore talde bati saldu zizkion jauregia eta lurrak, eta promotore berriak proiektua zabaldu zuen, hotelaz gain, golf zelaia eta 252 etxebizitza gehituz. Horrek gatazkak areagotu zituen Baztanen, eta 2009an Aroztegia… eta gero zer? plataforma sortu zuten hainbat herritarrek, «egitasmoa geldiarazteko asmoarekin». Izan ere, proiektua «Baztango etxebizitzen beharrarekin eta bertako egiturarekin, lurraldearekin eta nortasunarekin deus ikustekorik ez duen egitasmo urbanistiko bat» dela kritikatu zuten.
Plataformak eta udalak proiektuaren kontrako errekurtsoak aurkeztu zituzten hainbat urtez, eta 2013an Auzitegi Nagusiak legez kanpoko izendatu zuen. Hortaz, proiektu berria aurkeztu behar izan zuen enpresak, etxebizitza kopurua 252tik 228ra aldatuz. Proiektu berria idatzita, 2015ean Nafarroako Gobernuak Udalez Gaindiko Eragina duen Plana izendatu zuen. UGEP gisa tramitatzean, hartzen dituen herri lurren gaineko eskumena galdu zuen Baztango Udalak.
2019an enpresak jakinarazi zuen urbanizazio lanekin hasia zela, eta 2021eko apirilaren 8an sartu ziren TEX enpresako hondeamakinak Aroztegiko lurretan. «Bide legala agortuta», proiektuaren kontrako mugimenduak «desobedientzia zibilera» jo zuen; hilaren 16an kanpaldia egin zuten lanak egitekoak ziren lekuan, eta obrak geldiarazi zituzten. Baina kanpaldi horretan parte hartu zuten zazpi herritar deklaratzera deituak izan ziren, eta maiatzean epaitu zituzten.
43 milioi euroko kalte ordainen eskaera
2021eko abuztuaren 6an, lanak gelditu ondotik, Salvador Urbistondo Arotzarenak, Palacio de Arozteguía SM eta Hotel Palacio de Arozteguía SM enpresen izenean, kalte ordainak eskatu zizkion Nafarroako Gobernuari eta Espainiako Gobernuari. Zehazki, obrak gelditzean sortutako kalteengatik 18.903.013 euro eskatzen zituen, eta lortu ez zuten irabaziengatik 24.757.363. Beraz, guztira 43,6 milioi euro baino gehiagoko eskaera izan zen. Aurkeztutako txostenean, bertzeak bertze, «proiektuaren kontrako mobilizazio eta mozioak, sabotaje eta mehatxuak, eta poliziaren pasibotasuna» salatu zituen. Gobernuek, kalte ordainen kontra, epaitegietara eraman zuten auzia.